Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/03/01 22:15:00.330 GMT+1

Aurrez aurre esan ez dizudana

Zorionak!

Barkatu zuretzako hain garrantzitsua den egun honetan zeharkako moduan zoriondu behar izatea, baina zuk zeuk ikusi duzu zure begiekin, zoritxarrez, gaur ez dela egunik onena izan inorentzat. Sentitzen dut merezi zenuen ospakizuna ez izatea, nire aldetik behintzat.

Konturatuko zinen arazoak bata bestearen atzean etorri direla eta, azkenean, barruko mamuak agertu direla. Ni saiatu naiz gertatu dena saihesten baina guztia ez da nire esku egon eta azkenean lehertu egin dut amorruaren amorruz. Zuk lar ondo dakizu zelangoa naizen eta oraingoan ere neure burua defendatu behar izan dut eta honelako egoera itsusiak eragin. Baina egiari, arazoei eta bizitzari aurre egin behar zaie gustatu ala ez eta gaurkoan ezin izan dut gehiago.

Zuk badakizu arazo hori ez dela gaurkoa izan, aurretik bazegoela eta honelakoak etorriko zirela. Baina txarrena izan da gaurko egunean gertatu behar izatea. Ni triste nago eta argi daukat gaurkoak, nire etorkizunean behintzat, zerikusi handia izango duela. Nire ikuspegia aldatu egin da eta, entzundakoaren arabera, ziur gehiago aldatuko dela. Geratu zaidan aurpegia ez da batere polita, sufrimenduaren isla, azken hilabeteetan jasan ditudanak gutxi izan ez direlakoan, beste zaku bete buruhauste etorri zait gaur gainera.

Baina benetan poztu egin nau zu nire kontra ez ikusteak. Ondo egin duzu isilik egonda. Zure isiltasunak badakit zer esan gura izan duen eta eskertzen dizut. Benetan asko gura zaitut. Emakume baten sabelean zeundela jakin nuenetik gura eta jagon zaitut eta horrela jarraituko dut bizitzaren legeak banatu arte. Badakit batzuetan gehiegi estutzen zaitudala nire laztanekin eta berba gozoekin, ez duzula horrelakorik esatea nahi jendaurrean, baina aurrera jarraitzeko indarra ematen didaten gutxienetakoa zara eta horren ordez nire babesa betiko emango dizut.

Ez dut gehiago luzatu gura. Ziur aski ez dituzu lerro hauek irakurriko, baina nik guztien aurrean ZORIONAK! esan nahi dizut, merezi duzun bezala. Espero dut gainerakoekin behar bezala ospatzea eta zure egun hau ondo gogoratu ahal izatea betiko. Barka iezazkidazu gaurkoak eta gorde itzazu oroimenen alde ilunean, inoiz berriz ager ez daitezen. Mosu eta besarkada handi-handia!

Nork: Janire.2008/03/01 22:15:00.330 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari