Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/07/25 14:57:48.045 GMT+2

Funtzionario batzuen abuztuko oporraldiaren ondorioa

Aurtengo udagoienaren hasikeran karrerea amaitzear nagoala, oindino ziur nago idazkari personal moduan bere ederto konponduko nintzatekeela. Baten baino gehiagotan pasau jat burutik idazkari-ikasketak egitea erabagi izan baneu bere, ez nintzala erratuko. Izan bere, nireez aparte, beste zenbaitzuen agenda eta zereginak bere nire menpe dagozala emoten dau. Eta menpekotasun horren erruz, oingoan bere, besteen eginkizunak neuk egiteagaitik neuk ordaindu behar, eta ordaintzearena literala da.

Oin dala aste pare bat EGAko bigarren deialdirako matrikula-epea zabalik egon zan (oingoan internet bidez baino ezin zan egin) eta amak ekin eta ekin baino ez eutson egiten nire nebari uzena emon eian. Nire nebak paso egiten eban oporretan dagoalako eta, saiatzea okurridu jakonean, ezin izan eban. Orduan, betiko lez, ardura dana nire bihurtu zan eta beste danak ez ziran arduratu neuk ederto egingo dodalakoan.

Neuk bere arazoak euki nebazan uzena emoten saiatu nintzanean, baina telefonoa hartu eta Eusko Jaurlaritzara deitu neban laguntzino eta azalpen eske, antza beste batzuen burutik pasauten ez dan idea. Arazoa zein zan jakin ahal izateko, zortzi bat persona desbardinegaz egin behar izan neban berba, eta batzuetan “esa chica acaba de estar hablando conmigo” entzun behar neban, deia eurek beste ekien beste bateri pasauten eutsien bitartean. Horrenbeste dei, arazoa nerabilen nabigatzailea egokia ez zala esateko.

Datuak sartu ostean, ordainketea internet bidez egitea erabagi neban, nebaren matrikulea egiteko ardurea akabuko momentuan etorri jatalako eta ez nebalako buelta gehiago emon gura banketxera joaten, etab. Lehenengo saiakeran ezin izan neban ordainketea ondo amaitu, orduan, bigarren saiakera bat egin neban, oingoa neure uzenean. Bigarrenak ez eustan arazorik emon, beraz, dana amaitutzat emon neban.

Baina ordu pare bat pasauta, ikusi genduan ordainketeak saiakera bietan urten ebala ondo eta nire nebaren matrikulea birritan ordaindu genduala. Eusko Jaurlaritzara deitu neban horren barri emoteko eta atzo karta bat heldu zan etxera "soberan ordaindutako dirua berreskuratzeko prozedura" azaltzeko. Papel bat bete behar dot, baina harrigarriena C  puntuak dinona da:

C) Dokumentazio hori abuztuaren 1a baino lehen bidali behar diguzu, diru-itzultzea jaso ahal izateko.

Horretaz aparte, banketxera joan behar dot bertakoen egiaztagarri, silu eta sinadurak eskatzen deustezalako dokumentazinoa ondo beteta egon daiten.

Kontutan hartuta kartea atzo heldu zala, banketxekoa ilenean egin ahalko dodala gaur jai dalako eta nire herriko banketxeak ez daualako zapatuetan zabaltzen, eta datorren asteko eguena bere jai dala, beharbada postariari ohartxu bat ipini beharko deutsat kartea Gasteizera epemuga baino lehenago heldu daiten.

Lotsagarria iruditzen jat matrikulea egiteko eta ordaintzeko ipini daben sistema barri hori ondo ez ibiltzeagaitik eta euren erruz guk ordainketea birritan egiteagaitik, orain etxera holako karta ia-ia zematzailea bialtzea, horrenbesteko datu, silu eta onespen eskatzea eta, txarrena, eurek abuztuan oporretan doazalako, neuri dirua bueltan emoteko epemugea ipintzea. Zer arazo dago ba dirua irailean berreskuratu ahal izateko? Ipin dagiela matrikulea eta ordainketea egiteko sistema ona, eta orduan egin ahalko dogu berba epemugen gainean.


Nork: Janire.2008/07/25 14:57:48.045 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/06 17:18:54.473 GMT+2

VeneZia

Eguna hurbiltzen dabil eta ezin dot abesti hau burutik kendu. Ia abesti danak ezagutzen dituan lagun batek ekarri eustan gogora. Berari eta Euskal Herriko iparraldeko irla batean dagoanari eskeintzen deutset. Ciao i miei cari amici! Ci vediamo presto!


Nork: Janire.2008/04/06 17:18:54.473 GMT+2
Etiketak: italia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/01 22:15:00.330 GMT+1

Aurrez aurre esan ez dizudana

Zorionak!

Barkatu zuretzako hain garrantzitsua den egun honetan zeharkako moduan zoriondu behar izatea, baina zuk zeuk ikusi duzu zure begiekin, zoritxarrez, gaur ez dela egunik onena izan inorentzat. Sentitzen dut merezi zenuen ospakizuna ez izatea, nire aldetik behintzat.

Konturatuko zinen arazoak bata bestearen atzean etorri direla eta, azkenean, barruko mamuak agertu direla. Ni saiatu naiz gertatu dena saihesten baina guztia ez da nire esku egon eta azkenean lehertu egin dut amorruaren amorruz. Zuk lar ondo dakizu zelangoa naizen eta oraingoan ere neure burua defendatu behar izan dut eta honelako egoera itsusiak eragin. Baina egiari, arazoei eta bizitzari aurre egin behar zaie gustatu ala ez eta gaurkoan ezin izan dut gehiago.

Zuk badakizu arazo hori ez dela gaurkoa izan, aurretik bazegoela eta honelakoak etorriko zirela. Baina txarrena izan da gaurko egunean gertatu behar izatea. Ni triste nago eta argi daukat gaurkoak, nire etorkizunean behintzat, zerikusi handia izango duela. Nire ikuspegia aldatu egin da eta, entzundakoaren arabera, ziur gehiago aldatuko dela. Geratu zaidan aurpegia ez da batere polita, sufrimenduaren isla, azken hilabeteetan jasan ditudanak gutxi izan ez direlakoan, beste zaku bete buruhauste etorri zait gaur gainera.

Baina benetan poztu egin nau zu nire kontra ez ikusteak. Ondo egin duzu isilik egonda. Zure isiltasunak badakit zer esan gura izan duen eta eskertzen dizut. Benetan asko gura zaitut. Emakume baten sabelean zeundela jakin nuenetik gura eta jagon zaitut eta horrela jarraituko dut bizitzaren legeak banatu arte. Badakit batzuetan gehiegi estutzen zaitudala nire laztanekin eta berba gozoekin, ez duzula horrelakorik esatea nahi jendaurrean, baina aurrera jarraitzeko indarra ematen didaten gutxienetakoa zara eta horren ordez nire babesa betiko emango dizut.

Ez dut gehiago luzatu gura. Ziur aski ez dituzu lerro hauek irakurriko, baina nik guztien aurrean ZORIONAK! esan nahi dizut, merezi duzun bezala. Espero dut gainerakoekin behar bezala ospatzea eta zure egun hau ondo gogoratu ahal izatea betiko. Barka iezazkidazu gaurkoak eta gorde itzazu oroimenen alde ilunean, inoiz berriz ager ez daitezen. Mosu eta besarkada handi-handia!

Nork: Janire.2008/03/01 22:15:00.330 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/30 22:50:04.472 GMT+1

Bat-bateko idatz jarioko gogoetak

Aspaldiko partez agurtzen zaituztet, irakurleok. Hilabete hauetan ez zarete nire berri izan ez duzuen bakarrak izan. Baina orain dela minutu batzuk, beharrean egon naizen bitartean, lagun batzuen blogak bisitatu ditut (batzuk bikainak, lanpetuta nagoenean euren txokora sartu eta bertan idatzitakoek, gero eta gehiago txunditzeaz gain, momentu batez burua gozotasun eta alaitasunean murgiltzen didatenak) eta neuk ere txokoa dudala gogoratu dut. Niri dagozkidanak gordetzea eta zaintzea ezinbestekoa zaidanez, hona hemen berba batzuk.

Amaitu zen uda, joan ziren Antolintxu eta Madalentxu, eta itzuli nintzen bizimodu krudelera; urteak pasatu ahala gero eta krudelagoa eta gogorragoa den bizimodura. Gezurra dirudi nerabezarotik heldutasunera igarotzen dela gizakia. Niri bestelako bidea erakutsi didate batzuek. Baina, tira, beti esaten den legez, akats horietatik ikasi eta aurrera egin behar, ze beste erremedio dugu ba behea jo nahi ez badugu?

Baina hondoratze prozesu hori saihesteko ez naiz nire burugogortasun eta (kanpoko) hoztasunez bakarrik baliatu, barruko min, pena, negar, amorru, bihotzerre, samin, desesperazio, urduritasun, ezinegon eta abarretarako, lagunak nire alboan egon dira; benetako lagunak, batez ere.

Gutxi dira, bene-benetako lagunak gutxi dira; beste asko eta asko lagunak dira, eta beste batzuk ezagunak. Baina, hurrengoa esatea tristea bada ere, kirofano batetik pasatzeak lagundu dit behingoz begiak zabaldu eta denbora luzean gero eta usain (edo, hobeto esanda, hatsa; guk atzá esaten duguna) eta itxura txarragoa zuena (baina nik min gehiago ez hartzeko sinistu nahi ez nuena) ezagutu eta frogatu ahal izatera.

Agian berba hauek irakurtzeak harritu egingo zaituztete, baina benetako egia da eta pozik nago neure burua, behingoz, aske dudalako. Arestian egindako sailkapena neure buruan argi geratu da, zehatz, eta talde horietatik izen batzuk atera behar izan ditut; hala ere, beste batzuek ordezkatu dituzte.

Ez noa gai honekin gehiago luzatzera. Beno, ez noa gehiago luzatzera beharrak zain ditut eta. Baina argi utzi nahi dudana da bizitzan atzera begiratzea garrantzitsua dela, ezin bestekoa aurrerako bidea gogorrago eta ziurrago egiteko. Edozein huskeria garrantzitsua izango da.

Hortaz, oroitzapenekin ere sailkapen bat egin behar da. Alde batetik, buruan eduki baina bisita gutxi, edo bat ere ez, egingo diegunak; ez dira inoiz ahaztu behar (irakasle batek behin esan zuen moduan badaezpada ere), baina bai baztertu. Eta, bestetik, ahalik eta gehienetan gogora ekarri eta bizirik mantendu behar ditugunak, gu geu ere bizirik mantentzeko sua baitira.

Irakaspen txiki honen ostean (...), agurtzea baino ez zait falta, baina ez aurretik domekako pilota partidua ikusteko irrikan nagoela aitortu barik. Ezagutzen nauzuenok badakizue (asteotan ikusi ez banauzue ere) pilota munduko gorabeherak, besteak beste, ez ditudala alde batera utzi. Izan ere, hasieran esan dudan legez, niri dagozkidanak (fisikoak ala psikikoak izan; edo birtualak azken aldian) zaintzea gustatzen zait.

Nork: Janire.2007/11/30 22:50:04.472 GMT+1
Etiketak: gogoetak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/08/28 17:38:23.803 GMT+2

Plentziako Antolintxu eta Madalentxu

Heldu dira Plentziako jairik potoloenak!!! Urte bete luzea itxaron eta gero, hastear daude. Udan zehar beste jai batzuk ospatu baditugu ere, eguen honetatik datorren astelehenera (edo illenera, hemengo euskaraz) artekoak plentziarren artean gustokoenak dira. Egun handia, hots, Antolin Deuna, domeka izango da.

Orain dela hogeita hamar urte alkate izan zenak hurrengoa proposatu zuen, aurtongo jai-programan adierazten duen legez: jai hauetan zehar dabilen Antolintxu erraldoia hezur-haragizko bihurtzea herritar ezagun baten bidez. Eta horrela izan zen. Ideia gauzatu zenetik herriak beti oso harrera ona egin dio pertsonaia honi bai heltzerakoan bai agurtzerakoan ere.

Baina, nor ote da Antolintxu? Honelaxe azaltzen du sortzaileak:

Antolintxu, Isuskitzako (Plentziako auzo bat, erdigunetik aparte) Etxebarritxu baserriko morroia, urte osoan zehar baserritarra laguntzen dihardu (ganaduarekin, ortu eta mendian) eta San Antolin jaien hasierarekin batera Astillerora jaisten da gabarran egun horietan zehar ondo pasatzeko. Jaiak amaitutakoan bere zereginetara itzultzen da. Honelaxe janzten da: baserritar arropak, abarkak, artzain-galtzerdiak, mahoizko prakak, gerriko urdin argia, alkondara zuria, laukidun brusa, txapela beltza eta lepoan jai-zapia.

Jaietan alkate lanak egiten dituen Antolintxurekin, ordea, askok bere alboan emakume baten beharra ikusten zuten. Beraz, lankide eta bikotea sortu behar zelakoan, aurton lehenengoz lortu dute Madalentxu izatea bigarren pertsonaia hori. Honelakoa izango da emakumezkoa:

Madalentxu, Isuskitzako Etxebarritxu baserriko neskamea, etxekoandrea laguntzen dihardu urtean zehar (sukaldean, garbiketan eta seme-alabekin) eta San Antolin jaien hasierarekin batera Astillerora jaisten da gabarran egun horietan zehar ondo pasatzeko. Jaiak amaitutakoan bere zereginetara itzultzen da. Honelaxe janzten da: baserritar arropak, abarkak, artzain-galtzerdiak, laukidun gona eta brusa, amantal beltza, buruko zapi beltza mototsean eta jai-zapia lepoan.

Pasa den zapatuan aurkeztu zuten bikotea elizako plazan eta orain azken gauzatxoak prestatzen egongo dira etzi arratsaldean guztiok egongo gara-eta euren zain Astilleroan gabarra utzi eta jaiei hasiera eman diezaieten. Gora Antolintxu eta Madalentxu! Gora Plentzia!

Nork: Janire.2007/08/28 17:38:23.803 GMT+2
Etiketak: jaiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/08/01 17:56:15.382 GMT+2

Gauaro ederra itsasertzean

Beti zerbait gura eta ezin lortu; eta, beti gertatzen den legez, gutxien espero dugunean zer eta aspaldian buruan bueltaka zebilena bete egiten den. Eta halaxe gertatu zitzaidan atzo. Ekainean azterketetan nengoenean behin eta berriro deseatzen nuen inolako ardura barik eguzkiaz eta hemengo paraje ederrez gozatzeko momenturen bat. Eta, luze itxaron ostean, atzokoa izan zen egun hori.

Alde batetik, udako egun normala izan zen lagun batekin hondartzara joan eta gero zerbait hartzera joan nintzelako, baina, bestalde, hilabete askotan ikusi ez dudan ikastolako lagunarekin egoteak berezi eta desberdin bihurtu zuen arratsaldea. Plana betikoa zen, baina, era berean, desberdina.

Hondartza jendez gainezka zegoen eta horrek ohiko lasaitasun eta isiltasuna desagerrarazi zuen. Hala ere, hori atzo ez zitzaidan axola. Lagunarekin uretan nengoenean geure kaxa genbiltzan eta ia inork ez gintuen molestatzen. Gero, eguzkitan geundenean ere, kanpotar, atzerritar, ume eta nerabeen garrasi, musika, korrikaldi...ez ere ez nintzen ohartu ere egin. Egun ederra zegoen eta ez nuen inork momentu hori izorratzerik gura. Nire lagunarekin berbetan nengoen eta, bitartean, eguzkiaz gozatzen; plan ezin hobea.

Zerura begiratzen nuen eta ez zegoen hodeirik. Eguzkiak urre kolorez janzten zuen herria, herriko lekurik altuena den kanpandorretik hasi eta itsaso eta mendietaraino. Irudi ederra. Hareak ere dirdira egiten zuen. Eta, horri guztiari aurre eginez, zeruko urdin argia.

Gero, Barrikatik ikusi nuen gauaren etorrera. Eguzkiak botatako urre koloreko mantua gero eta indartsuagoa zen eguzkia itsasora hurbiltzen zen heinean. Bertan zeuden itsasontzi, belaontzi eta txalupek ere itsaso eta eguzkiaren kolore bera zuten. Eta, bitartean, gu zerumugarantz adi. Kolore hori, apurka-apurka, iluntzen zihoan; urdin ilun lehenengo, more geroago, beltz, azkenik.

Gaueko hamarrak heldu ziren eta ez geneukan etxera joateko gogo handirik. Itsasoak eguzkia irentsi bazuen ere, oraindik zerua ez zen guztiz belztu. Gainean arroparen bat janzteko beharrik ere ez geneukan eta tertulia faltan ere ez geundenez herrira jaisteko presarik ez geneukan. Baina, lau egunetan "oporretan" egon ostean, gaur beharrera joan  behar nuela gogoratu nuen eta etxeranzko bidea hartu genuen. Pena handia izan zen. Horrelakoetan, aspertu arte egotea izaten da onena, baina guztia batera ezin. Hala ere, etxeko balkoitik (kalean egon ezin naizenetan hemengo txokoez gozatzeko, itsasoko haize freskoa sentitu eta lasaitzeko etxeko lekutxotik) gau aroari begira egon nintzen begiak zarratzear egon ziren arte.

Nork: Janire.2007/08/01 17:56:15.382 GMT+2
Etiketak: itsasertzetik | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/06/09 18:32:24.337 GMT+2

Aimar ala Abel?

Gaur ezusteko itzela hartu dut pelota finala datorren astean izango dela jakiterakoan. Nik asteburu osoa antolatuta euki dut ikasi, biharko jaunartzera joan eta, gainera, arratsaldea emozioz beterik igarotzeko final polit baten aurrean. Baina plana orain hazkaz gora dago eta hurrengo asteburua planifikatu beharko dut denetarako denbora izateko.

Baina astebete baino gehiago munduarekin ia harremanik izan gabe egon naizela kontuan hartuta, ez da harritzekoa. Egunotan inguratu nautenak apunteak, ordenagailua, liburuak eta telefonoa izan dira. Ia besterik egin ahal izateko beta handi barik ibili naiz. 

Hala ere, gauza batek harritzen nau nigan. Pilotari baten alde ez nagoen lehenengoetarikoa izango da hau. Normalean gauzak argi dituen pertsona naiz eta partidu baten aurrean ia ez dut zalantzarik izaten noren alde egongo naizen adierazteko. Baina oraingoan, benetan, ez dut faborito argirik. Ni beti izan naiz Aimarren defendatzaile eta jarraitzaile amorratua, eta horrela izaten jarraituko dut; baina oraingo egoera berezia da.

Abel itzelezko mutil jatorra da eta lan handia egiten dabil heldu den lekuan berriro egon ahal izateko. Ez du bide erraza izan, baina berak badaki oraingoan duen konfiantza eta zuhurtasun horrekin bide luzea duela aurretik. Hori oso garrantzitsua da. Gogora dezagun igazko irabazlearen aurrean orain dela hilabete jokatutakoa. Lasai irten eta etsitzen ez badu, domekakoa egin handia izan daiteke berarentzat.

Bestalde, Aimarrek ere aurreko partidua irabazterakoan txutxu-mutxu guztiak isilarazi  egin ditu, eta zelan gainera! Zorionak alde horretatik. Nire ustez, Gonzalezek ez luke horrelako komentariorik egin behar, ez horrelakoetan. Eta Aimar pilotari handia dugu. Igaz ezin izan zion Irujori aurre egin eta aurtengoa izan daiteke bere hurrengo aukera.

Baina, batek daki zer gertatuko den. Pilotari bien gaineko iritziak irakurtzeko prest nago, ia nork ematen didan alde batera edo bestera egiteko pisuzko arrazoia, gatxa izango den arren. Nik dakidan gauza bakarra da partiduaz ahalik eta gehien gozatuko dudala eta partidurik onena jokatzen duenak irabaz dezala (momentuz). Izan ere, txapel batez ezin dira bi buru estali!!!

Nork: Janire.2007/06/09 18:32:24.337 GMT+2
Etiketak: pilota | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/05/13 13:59:19.497 GMT+2

Plentziarrak berriz martxan

Urtetxo batzuk igaro dira, bai, Herri Torrontegui motorista profesionalen artean ikusten genuenetik. Baina herrian oraindik bere irudiak bizirik dirau garai hartan ume ginenok, eta ez hain ume ere, lortu genituen Herrik berak sinatutako posterrak, adibidez, gure logeletako hormetan eskegita jarraitzen dutelako.

Denboraldi batez ez genuen bere kirol alderdiari buruz askorik jakin, baina atzo sorpresa handia izan nuen Plentzia Telebistan Herri Torrontegui eta Efren Vazquez-i buruzko erreportajea ikusterakoan. Esan beharra dago, bide batez, asko kostata ipini dutela berriz martxan herriko telebista hau neskato gazte bik. Euren ahalegina eta ilusioa handia da eta, hainbat hilabetez lokala itxita egon eta gero, berpizte honek herritarrengan ere ikusmina sortu du. Espero dugu oraingo ekimenak luze irautea.

Baina, goazen harira. Esan bezala, Herri Torrontegui berriz profesionalen artean ikusteko aukera izango dugu baina, oraingoan, Efren Vazquez izena duen motorista bilbotar gaztearen alboan egongo da goiko mailako txapelketetarako bidean laguntzeko. Proiektuaren izena “Herri-Efren” da eta aurkezpena joan den hilearen bukaera aldera izan zen Bilboko Ensanche eraikinean. Bertan aipatutako motorista biek, Bilboko alkateak eta Massimo Matteoni-k (Team Matteoni Racing-eko arduradunak) eman zuten ekimenaren berri.

Herrik Efrenen alboan egotea onartu du azken hamarkadan ez baitugu euskal motoristarik ikusi estatuko zein nazioarteko goi mailako txapelketetan. Beraz, espero dute era horretara elkarrekin aspaldiko garaiak itzularaztea. Izan ere, Herriren asmoa argia da: Munduko Abiadura Txapelketan, gehienez, urte bi barru parte hartzea. Animo mutilak!

Nork: Janire.2007/05/13 13:59:19.497 GMT+2
Etiketak: motorrak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2007/04/17 18:25:28.951 GMT+2

Oporrak?

Bagaude berriro betiko martxan. Oporrak heldu eta amaitu dira, ia konturatu gabe, betiko legez eta guztioi gertatzen zaigun legez. Eta tartetxo hau aprobetxatzeko asmoz, lagun koadrilak aspaldi prestatuta geneukan Lisboan bost egun igarotzea. Hain erosoa den internet erabiliz hegaldiak eta hango alberge batean bost egun egoteko eskaerak prest zeuden.

Hala ere, lehengo egun biak zoratzekoak izan ziren. Denetarik pasatu zitzaigun. Gehiegi ez luzatzeko asmoz, hona hemen, labur-labur, jazotakoak:

- Apirilaren 5eko 16:00ak ziren gure hegaldiaren ordua. Baina, inork ezeren berri eman gabe, aireportura 14:30ean heldu ginen (denbora soberan genuelakoan) eta gure hegazkina irtetekotan zegoela ikusi genuen.
- Ziztu bizian Iberiako mostradoreetara joan ginen eta neska polit batzuek kasurik ez ziguten egin eta beste leku batera bidali gintuzten.
- Eskerrak 17. mostradoreko mutilak jaramon egin zigun. Hala ere, ezustekoak izan genituen: overbookinga zela eta, hamar lagunetatik hiruk Madrilera joan beharko zuten lehenengo eta han Lisboarako beste hegazkin bat hartu. Eta hegaldi zuzenean gindoazenok bost minututan fakturatu eta hegazkinera igo ginen.
- Hegazkinak 52 bidaiarirentzako jesarlekuak zituen eta 9.en lerroan hegoaren parean nengoen.
- Azafatak makurtuta joan behar zuen sabaia ez jotzeko.
- Hegazkina hain txikia zenez ikaragarri mugitzen zen.
- Lisboan ez ziren gure 7 maletak agertu.
- Albergera joateko autobusa hartu eta aurrez aurre zegoen kartelak zera zioen: “cuidado con los carteristas”. Animoak emateko ederra.
- Maleta gabe hurrengo egunean ez geneukan ezer: aldatzeko arroparik ez, galtzerdiak, nezeserra, toalla, janaria, segapotoaren kargadorea... guztia maletan.
- Eguerdi aldera, Lisboako aireportutik SMS bat heldu zitzaigun: “your luggage is at the airport”.
- Hara heldu eta nortzuk ginen esaterakoan, 7 maletetatik 5 baino heldu ez zirela esan ziguten.
- Eraman gintuzten bosgarren gelan topatu genituen gure 7 maletak eta, lagunei esker izango ez balitz, koadrilako neska bi maleta gabe egongo ziratekeen, 7 maletak han baitzeuden baina aireportuko langileek ez zituzten ondo identifikatu.

Ikus dezakezuenez, oporrak emozio handiz hasi genituen. Eskerrak hogeita lau orduko kontua izan zela, baina ez genuen batere ondo pasatu. Gainerako egunetan itzel ibili ginen eta benetan bidaia polita izan genuen. Esperientzia honetatik gauza bi ikasi ditugu: bata, eskuko poltsan bada ez badako zerbait eraman behar dela beti eta, bestea, hegazkin konpainia ezaguna izateak ez du ziur eta erosoena izango denik esan gura.

Nork: Janire.2007/04/17 18:25:28.951 GMT+2
Etiketak: bidaiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/03/18 01:03:17.883 GMT+1

Lehena eta etorkizuna uztartuz

Orain dela hilabete azterketak amaitu eta, gezurra ematen badu ere, berriro gabiltza betikoak buruari milaka buelta ematen: ikasketak direla eta, klaseko beharrak direla eta, hortik kanpo ditugun beharrak direla eta, familia edo lagunak direla eta... eta, hori guztia gutxi balitz, batzuek tesina egiteko proiektua martxan jartzeagatik egin beharreko dei, elkarrizketa, paper, bisitak... direla eta. Hala ere, gutxien uste dugunean, betiko legez, ezustekoren bat izaten da eta oraingoan neurea benetan atsegina izan da.

Iaz koadrilako batek animatu gintuen Uribe Kostako euskaltegiek Sopelan antolatzen duten Esaera Zaharren Txapelketan izena ematera eta, esperientzia ona izan zenez gero, aurton berriz joatea erabaki dugu lagun batzuek. Eta, lagun asko elkarrekin joan arren, bertan topatzea espero ez nuen ezagun eta aspaldiko asko ikusteko aukera izan dut.

Goizeko hamaiketan Sopelan egon behar genuela agindu ziguten eta guk, zintzo-zintzo, agindua bete dugu, lehiaketari ordu bete beranduago hasiera eman dioten arren. Orduan, zain egon garen ordu bete horretan zehar, plazan biltzen joan garenon aurpegiei begiratzen hasi naizenean, baten batena baino gehiagorena ezaguna egin zait. Batzuena arin ezagutu dut nahiko memoria ona baitut, baina beste batzuen aurpegia euren izenekin lotzea ez da hain erraza izan. Hala ere, azkenean lortu dut, nahiko burugogorra bainaiz eta ez dut erraz etsitzen.

Geure begiradek baten baino gehiagotan topo egin dutela igarri dut baina bakoitza nor zen esateko gai ez ginela zioten geure aurpegiek. Beraz, apurtxo baten itxarotea erabaki dut. Baina, lehiaketari hasiera eman eta lehenengo tabernatik irteterakoan, aurretik aipatutako ezagunen bat agurtzeko zer esan edo zelan hurbildu pentsatzen nengoela, berau izan da besotik oratu eta galdera egin didana. Orduan biok konturatu gara zergatik ezagutzen genuen elkar eta ez nuen pentsatuko amankomunean hainbeste izango genuenik.

Horrela, lehiaketa aurrera zihoan heinean berba eginez, gai oso garrantzitsu eta niretzat oso interesgarria izan dugu hizpide: Uribe Kostako eta, batez ere, Plentzia eta Gorlizko euskara jasotzeko beharra, behar urgentea, neure tesinaren zuzendariak dioen legez. Uste dut biok elkar ulertu dugula eta behar hori aurrera atera ahal izateko oztopoa izan da bion arazo handiena, hots, lekuko edo informanteen falta.

Izan ere, inguru honetan euskararen erabilera ez da inoiz ona izan baina azken hamarkadetan jasan duen beherakadak egoera benetan larritu du. Horretaz gain, jendeak euskararenganako eta benetako euskara eta euskalkia mantendu eta ulertzeko duen interes falta ere oztopo dugu. Beraz, horren alde gaudenon eta horretan lan egin nahi dugunon helburua bera da: dagoena ahalik eta arinen jasotzea, oraingo lekukoak joaterakoan eurek duten jakituria guztia ere desagertuko baita. Euskara desagertzeaz gain, horrekin lotutako bizimodu, ohitura, pentsaera eta siniskerek ere ihes egingo digute.

Beraz, ikus dezakezuenez, beharretik urruntzeko egiten ditudan ahaleginetan ere behar kontuak agertzen zaizkit. Baina honek ez du beti txarra izan behar, gaurkoa legez. Honelakoek aurrera jarraitzeko indarra ematen didate eta ideia zoro horiek buruan dituen bakarra ez naizela jakiteak pozten nau, horrelako petsona motak gutxi bagara ere. Eta, gai honi buruz berbetan egon naizenari zin egin diodan artikulutxoa idatzi eta gero, gaurkoz beharra utzi eta atseden hartzeko unea heldu zait, lanean hasteko ordu aproposena ere izan ez den arren. Baina, denbora libre gutxi dugunok edozein tartetxori etekina ateratzen diogu carpe diem baitiogu.

Nork: Janire.2007/03/18 01:03:17.883 GMT+1
Etiketak: ahozkotasuna euskara uribe_kosta | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

bisitari