komunikazioetan sakontzen IV

Asteburuak indarberritu gaitu eta hemen gaituzue komunikazioen laburpenen azken txanpa honi hasiera emateko prest. Gaurkoan, 12:45etatik 13:05 bitartean izango
diren komunikazioen laburpentxoak dakarzkizuegu. 


S1 saioan CodeSyntax enpresako kide diren Josu Azpillaga eta Aitzol Naberanek umap.eu proiektuari buruzko azalpenak emango dizkigute.

Umap, Twitterretik mezuak jaso, prozesatu eta informazioa ateratzeko produktu bat da. Komunikazio honetan, funtzionamenduaren inguruko azalpen teknikoak emango dizkigute eta urte erdian bildutako datuei begiratu bat emango emango zaie.


S2 saioan, Ikasplay enpresaren Mate+K eta Kiribil joko hezitzaileak ezagutzeko aukera izango dugu.

Mate+K DBHko lehenengo zikloko ikasleentzako aplikazioa didaktikoa da. Matematikaren hainbat kontzeptu bideoen bidez azaltzen dira, ondoren jolasen bidez landuko direnak. Azkenik, matematikaren munduan aurki daitezkeen joko multzo sinple eta harrigarriak ere aurkitzen dira.
Kiribil, enpresaren funtzionamenduaren simulagailu didaktiko bat da, batxilergoan Humanitateak eta Giza Zientziak aukera egin duten ikasleentzako.

Bi baliabide didaktiko hauek aurkeztuko dizkigute komunikazio honetan zehar.


S3 saioan, guifi.net aurkeztuko digu Joseba Martosek. Bere komunikazioaren aurrerapen txiki bat ere egin zuen UEU365 blogean.

Gaur egun, gizarte sareak zerbitzari propioetan jar ditzakegu, gure pribatutasuna babestuz, ezin dugu ordea Interneteko azpiegitura kontrolatu. Horri aurre egiteko sortu zen guifi.net sare ireki, aske eta neutrala, eta Kataluniatik beste leku askotara hedatu da, baita Euskal Herrira ere. Josebak, hau guztia nola sortu zen, nola iritsi da honaino, sarearen funtzionaltasuna zein den, zergatik eta zertarako behar den elkarkonexio akordioa eta nola har dezakegun parte azalduko digu.


Ondo izan eta ez galdu biharkoa, 13:05ak eta 13:25ak bitartean izango diren komunikazioen laburpentxoekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude