Krisialdi baten sartu garela eta diote… gauza berria balitz bezala. Ba bueno…. azken urteotako autosatisfaksion gizen horri astindu ederra emateko balio beharko digu, batez ere, eta blog honen xedeari dagokionean, hiri eredu eraberrituetarako benetako urratsa behingoz emateko.
Egoera hauetan benetako arriskuan geratzen ohi direnak, udalerri txikiak izaten dira. Arrazoi zerrenda luzea eman daiteke, hala nolako komenientziazkoak… eta askotan geldi eta itxaroten geratzeko erraz –errazegi- baliagarri direnak. Gure udalen inertzia beti antzerakoa izan da: Foru Aldundi edota Jaurlaritzatik etorritako ideia eta sormenen etorriari itxarotea, eta guztietan, haiengandiko menpekotasun finantzarioari aitzakia bilatuz. Ematen du, tradizionalki izan dugun Estatu eredu zentralista eta bertikal bera , guretzako ere errepikatu eta ezarri dugula.
Oraingo post honetan, Udalek, euren hiri proiektu desberdinak aurrera ateratzeko, Europar Batasunaren mailan dauden finantza eta elkarkidetza aukerak argitzen saiatuko gara. Mezu argi batekin: ba dira aukera zabalagoak Foru eta Jaurlaritzako finantzazio eskabide guneetatik at, eta zuzenean Udala-Europa harremana sortzen delarik, ez da bitartekorik (….ezta oztoporik).
A) LIFE Fondoak (esteka hemen)
Hasteko LIFE + deritzon Fondoak hartuko ditugu. Ematen du, Fondo hauek
naturguneak edota animali eta landare espeziekin bakarrik dutela zerikusia,
baina ez, izaera urbanoa duten egintzetarako ere zuzenduta dago. Fondo hau,
hiru ardatzetan banatzen da: LIFE Natura
eta Bioaniztasuna (hau da propio naturarako), LIFE Informazioa eta Komunikazioa, eta LIFE Ingurumen Politika eta Gobernantza. Azken honen bitartez
(aurreko programan Life Ingurumen izena hartzen zuen soilik), Hiri Ingurumena
eta Bizitza Kalitateari buruzko Estrategia Tematikoa lantzen da. Hemen proiektuen datu base interesgarria aurkitu daiteke.
LIFE + Fondo hauen artean, badago bat adierazle ona dena, udalerri txiki batek landua, eta gainera 2007 urteko “best project” multzoan aukeratua izan dena. Les Presses izeneko, 1.700 biztanledun herri bat, Gironan dagoen Garrotxa eskualdean. Bertan “Pedra Tosca parkea” izenburupean, aitzinean nekazal eremu bat izandakoa, azken urteetan eraikin informal eta txabolak alde batetik eta zabortegi klandestinoaren gune bihurtua zen, Olot hiriaren periferia urbanoak hartua. LIFE Proiektuaren xedea, eremua bera baso izaerara lehengoratu eta eskualdeko aisialdirako eta ingurumen hezkuntzarako, 26 hektareako “parke eszeniko” bat antolatzea izan da.
Edo beste proiektu interesgarri bat, Italiako iparraldean, herri txiki ugari dituen eskualde batetan, nola antolatu duten garraio publiko sistema original bat. Beti esaten da, garrio publiko sare bat ekonomikoki errentagarri izateko masa kritiko handi bat behar dela ezinbestean, bada, proiektu honek, antza bestelako sistemak ere landu daitezkeela demostratzen saiatzen da.
B) FEDER Fondoak: INTERREG, URBAN,..
FEDER izenburu orokorraren azpian hainbat Fondo sorta dago. Adibidez, INTERREG deritzonak, bere hirugarren ekitaldia bukatu berria dute, eta hauen helburua EB.ko Estatuen muga artean dauden eskualdeetan jardutea da, bi kapitulutan daude banatuta.
Beste fondo bat, URBAN deritzona da, honek ere bigarren ekitaldia osatu berri du. Bere lehentasunen artean, hirien bizi kalitatea legoke, eraikinak eraberritu, gune berdeak sortu, eta baita kutsadura urriko garraio publikoak eta energia berriztagarriak sustatzea. Euskal Herriko proiektu batzuk sartu dira fondo hauen babespean: Bilbao La vieja auzoa, edo Barakaldo, Pasaia eta Iruñeako alde zaharra eta Erroxapea auzoko biziberritze proiektuak. Baina honek ez du esan nahi udalerri edota eskualde industrial zabaletara bakarrik zuzenduta daudenik. Horrela, gogoratzekoa da baita, hiri txikiago batetan ere, Biarritzen, La Negresse auzoan, fondo hauen bitartez proiektu bat aurrera atera zela: 8 hektarea hartzen zituen “erreserba natural bat etxe bloke tartean” deritzona. Hemen ere degradazio urbano argirantz zeraman tendentzia bateri buelta eman, eta auzotarren bizi kalitatearen hoberako, gune berde bat berreskuratu zen.
Beraz, azken gogoeta bezala, udalerri ertain eta txikiak euren hiri
hobekuntzarako edota degradazio arriskuan dauden auzoak aurrera ateratzeko
asmorik baldin badute, finantziazio bideak badira. Gainera udalerrian bertan
proiektua burutu eta gauzatzeko ahalmena da oinarrizkoena, gero, ez hain urruti
eta ez hain arrotz diren Europako fondoetara aurkeztea bada… eta adibideak
ugari dira. Ez da beti, bertoko goi erakundeetara eta sarritan ama-ordezkoaren
talantea izaten duten sailburuengana derrigorrez eskean joatea. Europako
Batzordearen beraren estatistiken arabera, fondo hauetara aurkezten diren ia
%40, udal erakundeak izaten dira, udal txikiak ere barne…. hemen eman ditugu
gertuko adibide erreal pare bat. Txikia ere, ondo landua bada, kontutan hartzen
dela Bruselan.
Idatzi artikulu bat