Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/04/17 21:25:08.780 GMT+2

Udal Hirigintzaren Hamar Aginduak: III Hirigintza Soziala

Hirigintzaren Hamar Aginduei buruzko artikulu sorta honekin jarraituz, Udal Hirigintza Plangintzak, sozial arlotik aintzat hartu behar dituen aginduak eta bete behar dituen helburuak aztertuko ditugu, oraingo honetan. Arlo sozialean, dudarik gabe, hiritarron oinarrizko eskubidea den etxebizitza duin eta irisgarri bat izateko helburua gauzatzea dago, eta baita ere ahaztu gabe, Aginte Publikoek espekulazioari aurre egiteko duten betebeharra.

 
1) Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea gauzatzeko ahalmenak

Konstituzioaren 47 artikuluak, hiritar guztioi etxebizitza duin, egoki eta irisgarri bat izateko eskubidea onartzen digu, eta Aginte Publikoei (beraz, hiru aginteak deitzen ditu- Legebiltzarra, Exekutiboa eta Judiziala-) eskubide hori gauzatzeko agindua ematen die.

Lurzoruaren politika publikoak hartu izan du bere gain orain arte eskubide hau gauzatzeko ahalbideak jartzea, eta hor dago, orain arteko porrotaren gakoa. Beste politika publikoak ez bait dute inolako ardurarik hartu; alderantziz, justu kontrako politikak bideratu dituztela baieztatu daiteke: politika fiskalaren kasua, edo larriagoa oraindik, ekonomi sustapenerako politikak beti hartu du auzitan Hirigintzatik “eskuartze eta araudi” gehiegi jartzen zitzaizkiola ”lurraren merkatuari”.

Baina tira, oraingoz, goazen Lurzoruari buruzko legediak ze bitarteko eskaintzen dituen.

Aspaldidanik ezaguna den teknika, Plangintzan ezarri beharreko estandarrena da. Hau da, Legearen aginduz, derrigorrez, Udal plangintzaren bitartez hiritartuko diren lurzoru sektore berrietan, sustapen edo babes publikodun etxebizitzak egiteko “gorde” beharreko eraikigarritasuna. Etxebizitza publikoen sustapenaren eskumena Elkarte Autonomoetara bideratuta dagoelarik, alde asko dago, bata eta besteen artean. Estatuko legediak, minimo bat jarri berri du: % 30; EAE-n eta Nafarroan, Legearen alde formaletik baino ez bada ere, kopuru horiek gainditzen dira.

 

EAE Nafarroa Estatua
% 75 lurzoru hirigarrian
 % 40 finkatu gabeko hiri-lurzoruan
(80 art)
% 50
(52 art)
% 30
( 10 art)


Ñabardura interesgarri bat egin beharra dago, EAE eta Nafarroaren arteko estandar honen errealitatean. Horrela, Nafarroan, Udal guztiek dute etxebizitza publikorako estandar hau ezartzeko betebeharra, baina, EAE-n, aldiz, 3.000 biztanletik gorako Udalek baino ez daude Legez “lotuta”. Atentzioa deitzeko moduko bereizketa, batez ere, herri txikietan bizi direnentzat. Zein justifikazio sozial du EAE-n egiten den herri txikienganako bereizketa honek?

 
2) Lurzoru Ondare Publikoak

Legeak, etxebizitzaren gaineko eskubidea gautzeko aspaldidanik sortutako tresna bat da, (1976.ko Lurzoru legetik dator), baina agian, Udalengandik iruzur gehien pairatu duena ere izan da.

Legearen aginduz, Udal guztiek dute Lurzoru Ondare Publiko bat eratzeko agindua. Gainera, Ondare hau, Udalak dituen beste ondasun guztiengandik aparte eratu beharra dago, betetzeko helburu zehatzak bait ditu: nagusiki, babes publikodun etxebizitzak eraikitzea.

Zein ondasunek osatzen dute, Ondare bereiztu hau: Plangintzaren egikaritzean lortutako lursail eta eraikigarritasun eskubideak (gutxienez legez agindutako plusbalioaren % 10); erositako, trukatutako edo desjabetutako lurrak; Udalaren urteko aurrekontutik bideratu beharreko % 10, eta beste batzuk… Beraz, oinarria da, hirigintza ekimenetatik jasotako diru edo ondasun sarrerak, ezin direla Udalaren beste zeregin edo egitamu batzuetara desbideratu; hirigintza jarduera publikoak eragindako plusbalioak, lehentasunez, etxebizitza eskubidearen aldeko politikak egiteko berrinbertitu behar direla ( beste bigarren mailako helburu zilegi batzuk: hirian dauden degradatutako guneen birgaitze obrak, interes publikoko jarduera ekonomikoetarako lurzorua edo udal ekipamendu publikoak).

Epaitegiak sarritan jaso dituzte Ondare Publiko bereiztu honi, eta batez ere Legez ezarritako helburuei Udalak berak egindako iruzurren gaineko salaketak. Diru asko mugitzen da eta…

 

EAE Nafarroa Estatua
111 art eta hurren 223 art eta hurren 33 eta 34 art


3) Espekulazioaren aurkako neurriak

Lurzorua baliabide natural eta urria da, eta gainera, ekonomilari erratuen iritziaren kontra, inoiz ez da izango konpetentzia perfektua lortuko duen merkatua, beste arrazoi potoloen artean, “merkantzia” ezin delako garraiatu eta gainera, duen balioa, kokapenak berak ematen diolako. Hemendik helduta, baliabide urri baten balioa puzteko, gordetzea eta ez merkaturatzea da estrategia primarioetako bat.

Dena dela, azken urte hauetan, inoiz baino lurzoru gehiago urbanizatu eta etxe gehien eraiki arren, eta teoria ekonomiko guztien kontra, azken produktua (etxeak) inoiz baino gehiago garestitu da, aldi berean. Baina, adi, horrek esan nahi du, hurrengo menderako urbanizatzeko zegoena, 10-15 urtetan burutu dela, eta beraz, “baliabide erreserbak“ ikaragarri urritu direla; beraz, aurreikusi daiteke datozen urteotan hainbat eta hainbat udalerrietan, pendiza eraikiezinetara sartu aurretik, geratzen diren lursail eraikigarriekin kriston tentsio espekulatiboak gertatuko direla.

Lurzoru eraikigarrien gaineko espekulazio motak, bitan bereiztu daitezke, haien eremuari erreparatuta: bata, urbanizatuko diren lurretan eta bestea, hirigune historikoetan.

Legeak ezartzen du, Udal Plan Orokorrak bere garapenerako sekuentzia logikoa zehaztu behar duela, urbanizatu behar diren landei dagokienez, eta bestalde, jada hirigunean dauden orubeak eraikitzeko eta lehendik dauden eraikinak birgaitzeko epe mugak jarri behar dituela. Epe hauek igarota, jabeek ez baldin badute gauzatzen, Legeak jabego pribatuari erantsita dion funtzio sozialaren urratzea gertatzen da, eta ondorioz, Udalak badu ahalmena eta agindua (biak batera), ekimena beregain hartzeko. Udalak, beregain hartze hau, hiru modutan bideratu dezake: desjabetzea, derrigorrezko salmenta edo betearazpenerako esleipen administratiboa.

EAE Nafarroa Estatua
133, 189, 203 art 87, 105, 121 eta 177 art 31 eta 32 art


 

Nork: hiripublika.2008/04/17 21:25:08.780 GMT+2
Etiketak: hiripublika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari