Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/03/19 12:39:05.752 GMT+1

UDAL HIRIGINTZAREN HAMAR AGINDUAK: I Hirigintza partehartailea


Aste Santua dela eta, gure blog honeri ere horrelako toke sakro bat emango diogu (alderantzizkoa bada ere) eta Hirigintzari, Legeak (ez jainkoak) ezartzen dizkion betebeharreko Hamar Aginduak argitzen saiatuko gara. Jakina da, bestelako Hamar Agindu hoiek kristauari bizitzan zuzentasunez jarduteko artezpideak bezela hartzen direla; ostera, demagun Hirigintzaren hamar hauek, udal arduradunei bere erantzunkizunean zuzentasuna zien den argitzeko balio dutela, eta bestalde, hiritarroi (banaka edo talde eragileetan) Legearen betearazpena exigitzeko argudioak eskaintzen dizkigutela.

Aginduok, modu sistematikoan eskainiko dira artikuluan zehar, aurkibide azkar eta erabilgarria izan nahi bait dute (teologia sakonik ikasi ez duen kristauari begira).

Aintzat hartuko diren Legeak (ebangelioak) : Estatuko Maiatzaren 28.ko 8/2007 Lurzoru Legea (BOE 2007-Maiatza-29) / EAE.ko Ekainaren 30.ko 2/2006 Lurzoru eta Hirigintza Legea (EHAA 2006-uztaila-20) / Nafarroako Abenduaren 20.ko 35/2002 Lurralde Antolamendu eta Hirigintza Legea (BON 2002-Abendua-27)

Aginduak, Legearen ikuspegitik lau ataletan sailkatu daitezke:

- Hirigintza Partehartzailea.

- Hirigintzaren Kudeaketa Garden

- Hirigintza Soziala

- Hirigintza Eusgarria

 

1.- HIRIGINTZA PARTEHARTZAILEA

Orokorrean, Hiritarren partehartzearen erretorika, nonhai agertzen ari da aspaldi honetan. Erretorika hau, baina, gero nekez gauzatzen da benetako politika desberdinen jardunbideetan. Dena dela, badira Legez ezarritako lehenegoko urratsak, gehienetan Europar Batasuneko beste Estatu aurreratuago batzuk bultzatuta. Horrela sortu zen adibidez, Aharus-eko (Danimarka) Hitzarmena 1998 urtean, gero Europar Batasuneko Arteztarau bihurtu zena, eta azkenik, berton ere, Lege izatera heldu dena (27/2006 Estatuko Legea . BOE 2006-uztaila-19).

Hirigintza eta Ingurumen politikak dira, demokrazia zuzeneranzko ibilbide hasi berri honetan, lege bidezko urratsak gauzatu dituztenak, eta hiritarrei heldulekuak eskeintzen dizkietenak.

1.- Informazio Publikoa

Lehenengo eta oinarrizkoena den eskubidea, batez ere beste guztiak ahalbidetzeko, informazio osoa eskuratzeko eskubidea da. Horrela, indarrean dagoen osatzen agiri, plano eta dokumentu guztiak publikoak izateko Agindua:

EAE Nafarroa Estatua
9 eta 89. art. 8. art 4. art


2.-Partehartze Zuzena ¿?

Partehartze zuzenaren kontu hau, oraindik oso murriztua dago. Legegileak, parte hartzearen eskubide hau oraindik ere, erabakitze prozeduratik kanpo uzten du. Hirigintzaren mahaian, ordezkaritza instituzionala baino ez da ezertzen, eta ordez, hiritarrak, adin txikikoei dagokien bezela, apartean jarduten dira, bide paralelo batetan. Horrela, partehartzearen eskubidea izendatu ostean, bere edukia zehaztu egiten da: alegazioak aurkeztera mugatzen da, eta aurreko garaietako hizkuntza baten esanda, “entzunaldirako tramitea” betetzera.

 

EAE
Nafarroa
Estatua
9 eta 108. art
8. art
4. art


Dena dela, EAE-ren kasuan, Udaleko Osoko Bilkuraren ate blindatu hori zeozer irekitzeko abagadunea eskeintzen da. Alde batetik, 7000 biztanletik gorako udalerrietan, 2/2006 legearen aginduz, “Udal Plangintzarako Aholku Batzordea” deritzona eratu behar da (109 artikulua). Batzorde honen osaketan bermatu egin beharko da, kiden artean, auzo-elkarte eta ingurumenaren babesaean ari diren erakundeen ordezkariak egongo dirala (110 art). Udalak, edozein plangintza mota onartu aurretik, Batzorde honen aurrean azaldu beharko du, eta haren txostena loteslea ez bada ere, aintza ez hartzeko zergatia argitu beharko du.

Batzorde honen eraketa eta araudia onartzeko eskumena, Udalak berak du. Egungo egoera ikusita, argi ikusten da zer nolako “talantea” duten gure Alkate eta Zinegotziek, ze, EUDEL-en webgunea egiaztatu daitekenez, Legea indarrean sartu zenetik urte ta erdi igarota, EAE-n 19 Udalek baino ez dituzte Batzordeok eratu.

Hirigintza arloan, Demokrazia Zuzena errealitate bihurtzeko, beste aukera askoz ere egiazkoa, Plangintza Orokorra herri kontsulta bitartez onartzea da. Aukera hau, 108.b) artikuluan aurreikusten da. Baina, aurreko artikulu baten kritikatu genuen, 108.b) artikulu honek, herri kontsulta hau deitzeko ezartzen duen baldintza makurra: “herritarren artean eztabaida larriak” daudenean bakarrik aurreikusten duelako.

Beraz, ematen du, Euskadi moderno honetan, parte-hartze zuzenaren bitartez jarduteko eskatzea, aurretik, eztabaida larriak eragitea eskatzen duela, ezinbestean…. hau da marka !!!

3.- Akzio Publikoa

Egitate bat da, azken bolada honetan, herritarrek, politika publikoetan eragina lortzeko bilatu duten bide zuzenena, ia bakarra delako, akzio publikoaren bidetik jardutea izan da, nahiz eta auzibideko prozedurak oso motelak gertatu (gehienetan epaia ateratzen denerako salatu nahi zen lege haustearen kalteak ia lehengoratu ezinak dira).

Hirigintza arloko akzio publiko hau, jada, 1976 urteko Lurzoru Legean (Konstituzio aurrekoa) ere agertzen zan. Baina ordutik hona ez du garapen nabarmenik izan, eta orduko testu antzerakoa erabiltzen dute Lege modernoak:

 

EAE
Nafarroa
Estatua
8. art
9. art
4. art


Kontutan izanda, auzibidera jotzeko arazo nagusia diru kostua izaten dela; eta bestalde, auzotarren edo ekologista taldeek, ez dutela interes patrimonial zuzenik holako auzietan, eta aldiz intersa orokorrak direla helburu, beharrezkoa da Doako Asistentzia Juridikoa arautzen duen Estatuko 1/1996 Legea, horretarako egokitzea. Lehen aipatutako 27/2006 Legeak (Aarhus Legea), bere 23 artikuluan, ingurumenaren defentsan aritzen diren talde eta erakundeei eskubide hori zabaltzen die (beraz hor aukera bat), baina, egunorokoan, Administrazio Publikoek baliabide ekonomikoak jarri behar dituzte, eskubide hori benetako izan dadin. Ardura hau, Autonomi Elkarteetako Justizia Sailei dagokie. 

Nork: Hiripublika.2008/03/19 12:39:05.752 GMT+1
Etiketak: hiripublika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari