Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/05/01 20:51:36.849 GMT+2

Udal Hirigintzaren Hamar Aginduak (eta IV): Hirigintza Eusgarri edo Iraunkorra

Gure Hirigintzaren azken urteotako historia, erabateko hazkundekerian eroritako kronika bat da, hirigune berrien eraketan zentratuta. Gaur egun aldiz, hirigintza, garapen eusgarria edo iraunkorraren betebeharretara lotu behar da, hazkunde horren eraginak murriztuz, eta dagoen hiriaren birgaitzearen aldeko apustua eginez. Europar Batasuna norabide horren alde egiten ari da, adibidez, Europako Lurralde Estrategiaren bitartez, edo oraintsuago Hiri Ingurumenaren gaineko Arloko Estrategiari buruz Batzordeak prestatu duen Jakinarazpenean, eta Europako Hiri Iraunkorrei buruzko Leipzig-eko Gutuna.

Azken tendentzia, hiribilduaren aldekoa da, eta urbanizazio sakabanatuaren arriskuak azpimarratzen ditu: ingurumen kalteak, gizarte bazterketa eta energia, eraikuntza eta azpiegituren eguneratzeak sortzen dituen ekonomi kostuak. Lurzorua, gainera, aktibo ekonomikoa izateaz gainera, natur baliabidea da, urria eta berritu ezina. Ikuspegi honetatik, landa-lur osoak du aintzat hartzea merezi duen ingurumen balore bat, eta lurzoruaren liberalizazioa ezin da lur-sailkatze neurrigabeko batetan oinarritu, aldiz, beharrizan ekonomiko eta sozialei bere neurrian erantzungo dion erantzukizun osoz egindako lurzoru hirigarriaren sailkatzea da bidea. Hiri lurzoruak, eraikitako hiriak alegia, badu ere bere ingurumen balorea, kultur sortze kolektibo bezala, eta etengabe eraldatuz doana, eta horrenbestez, haren gaineko plangintzak birgaitzea eta erabilpen anitza sustatu behar du.

Aurreko bi pasarte hauek ez dira literatura urbanistiko hutsa, Estatuko Lurzoruari buruzko 8/2007 Legearen Zioen Azalpenetik hartuta daude. Bere aldetik., EAE-ko Lurzoru Legeak ere, bere Hirigintzaren Oinarrien artean, lehena, Garapen Iraunkorrarena ezartzen du. Hiri-garapenerako irizpide bezala, lurzoruaren okupazioa eusgarria izan behar dela ezartzen du, hortaz, “hazkundeari ekin aurretik, lehentasuna izango du beti lurrak birgaitzeko eta leheneratzeko lanak, berriz erabiltzeko moduan egon daitezen. Horrela, batetik, gune urbanoak barreiatu eta sakabanatzeko joera baztertuko da; bestetik, lurraldeak bere oinarrizko funtzioari eutsiko dio; eta bestetik, erabilerak eta jardunak era askotarikoak izanik, espazioan egokiro uztartuko dira, jendea ahalik eta gutxien mugiaraziz” (3 art).

Hirigintzaren Eusgarruitasun edo Iraunkortasuna

 

EAE Nafarroa Estatua
3 art 4 art. 2 art

 


Estatuko Legeak, bere 15 artikuluaren aginduz, Hirigintza Planeamendua Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterketa osatzera behartzen du, hau da Apirilaren 28.ko 9/2006 Legeak ezartzen duen prozedura. EAE-n 183/2003 Dekretuak arautzen du, baina halabeharrez gaurkotu egin beharko da (noizko auskalo….), ze Estatuko Legeak helburu eta araudi zorrotzagoa ezartzen ditu. Adibidez, oso garrantzitsua eta Europar Batzordeak eta Auzitegi Nagusiak orain arte sarri exijitu dutena (2001/42/CE Arteztarauak horrela aurreikusten zuelako) , “Zero Alternatiba” delakoa ere neurtu egin beharko da (hau da, plangintza eta egitamua ez gauzatzearena).

Gainera, hiri plangintza berri bat onartzeko dokumentazioaren barne, urbanizazio berri horren ondorioz sortu edo ezarriko diren azpiegitura berriak Udal Ogasun Publikoari eragingo dioten kostuaren Memoria landu beharko da. Amaitzeko, nobedade nabarmena izango dena, Elkarte Autonomoko Legediak ezarri behako duen epemugan (zain dagoen beste enkargu bat Jaurlaritzan), Udalek, euren hirigintza plangintzaren burutze mailaren jarraipenari buruzko txostena aurkeztu beharko dute, ingurumen eta ogasun-ekonomiaren iraunkortasuna neurtuz. 

Baina dena dela, ez da ahaztu behar, Oinarri eta Azterketa hauek Legearen zehar duten garapen urria, eta azken finean oraindik ere orokorregi lantzen direla, eta erabaki organoen diskrezionalitatea eremu zabalegietan mugitzen dela.

Ordea, honek ez du esan nahi, Legearen alde hauek eraginkorrak ez direnik, eta urratu ezkero, ezin direnik auzi-bidean defendatu. Jurisprudentziaren doktrina da, Hirigintza arloan Udalek diskrezionaltasun eremu bat dutela, baina Auzitegi Konstituzionalak ere finkatua du, aukera desberdinen arteko hautatze ahalmen hau, epaitegi eta auzitegien legalitate kontrolpean sartzen dela. Arlo teknikoetan sartzeak dakarren zailtasunak, ezin duela hirigintza plangintzaren eskumena, Konstituzioaren 24 artikuluko berme judizialaren oinarrizko zereginetik kanpo utzi. Hautatze diskrezionalaren eremuak, arbitrarietatean du bere muga; Konstituzioaren 9 art eta Herri Administrazioen Araubidearen 30/1992 Legearen 41 artikuluen aginduz, erabaki arbitrarioak legez kanpokoak bait dira edozein kasutan.

Hortaz, Plangintzaren bitartez hautatzen diren hiri-ereduak beti izan behar dira arrazoituak, eta Legean bertan idatzita dauden Oinarriak ezartzen dituzte eskumen eremu horren mugarriak. Aipatu ditugun, bai bertoko zein Europa mailako Erabakiak, Gutunak, Estrategiak… Udalen hautatzeko ahalmena norabidetu egiten dute, ezinbestean; gero eta zailagoa gertatzen da Eusgarritasun edo Iraunkortasun Oinarri hauetatik aldentzen den hiri-eredu hautaketa bat legalitate barruan arrazoitzea. Auzitegi Gorena aspaldi hasi zen Udal Plangintzak indargabetzen, adibidez, Plangintzaren Memoria oso eskasa aurkeztegatik, edota alternatiba desberdinak ez aztertzeagatik,…hain zuzen ere diskrezio-hautatze vs arbitrarietate doktrina hau aplikatuz.

Hiri ereduen Iraunkortasunari buruzko irizpide, adierazle,… neurgarriak zenbat eta zehatzagoak bihurtu orduan eta nabarmenago gertatuko dira arbitrarietate hutsean diseinatutako hiri eredu eutsi ezinak. Blog honetako aurreko artikulu baten, Kataluniako Dekretu baten aipua egin genuen, hiri hazkunde berriak sortaraziko luketen mugikortasun premiak neurtzera behartzen zuena, oso adierazle neurrigarriak aurreikusita. Hori da bidea, hirigintza eusgarri-iraunkor baterako, azken finean hiri bizigarriak antolatzeko, hiri-ingurumena eta bizi kalitatea eskutik batera doazela aintzat hartzea, alegia.

Nork: hiripublika.2008/05/01 20:51:36.849 GMT+2
Etiketak: hiripublika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari