Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/11/04 20:27:25.900 GMT+1

Nola indargabetu planeamendu bat ( I )

Gure hirien plangintzan, “garapen”-keri zabalaren urratsak nonahi ikusi daitezke. Azken urte hauetako urre inmobiliarioaren sukarrak eraginda, produktu honen menpe (hormigoipean) geratu dira lurralde hausnarketa guztiak. Orain, ondorioak zeintzuk diren ikusten hasi gara, eta baita, lehenengo kalteak jasaten hasiak, ere (familien zorpetze tasa larria, lurraldearen okupazio indize neurrigabea ….) Galdera, derrigorrez sortzen da… ba al dago honeri buelta ematerik, eta plana bera edo haren gehiegikeriak berbideratzeko aukerarik? eta planak sortutako eskubide urbanistikoak ezabatu edo murriztu ezkero, horren kalte-ordaina ez ote da millioikada eurora helduko ?

 

Oraingo artikulu honetan, indarrean dagoen plangintza bat nola atzera bota eta indargabetu eta, erabaki horrek izan ditzaken kalteordaina, Legeak zenbatetan ezartzen duen, argitzen saiatuko gara. Horretarako hiru atal landuko ditugu: Udalak erabaki hori hartzeko duen legezko gaitasun osoa, legeak ezartzen duen kalteordainaren benetazko neurria (ez eritzi interesatuen aldetik adierazten diren zenbateko izugarriak) eta azkenik, erabakia berehala indarrean jartzeko hirigintza prozedura.

 

1.- Udalak, indarrean dagoen plan bat atzera botatzeko, legezko gaitasun eta eskumen osoa du.

 

Herri Administrazioek dituzten ahalmenen artean, bitariko sailkapen klasiko bat dago: arauzko eskumenak (legea betetzera lotuak) eta diskrezio ahalmenak (legeak aukeraketa zabala onartzen duenean). Ba, hirigintza planeamendua, diskrezio ahalmenen artean egongo litzateke. Auzitegi Gorenak, Udalei planeamendua lantzerakoan “ius variandi” deritzona aitortu die betidanik. Eskumen hau, planak bere ibilbidean, errealitate sozioekonomiko aldakorrarekin bat egitea ahalbidetzeko erabili ohi izan da, gehienetan ere, badakigu, lurzoruen eraikigarritasuna handitzekotan. Ba, usadio antzeko honek izan duen oinarri berari helduz, beste zentzu bateko egokitze eta eguneratzeak ere legitimatu daitezke. Gainera, arauzko ez diren ahalmenak, beti ere, legearen mugak erespetatu behar dituzte, eta harek ezarritako artezpideak jarraitu. Horrela, Udalek, hirigintza plangintza lantzerakoan, legeak ezarritako erizpideak jarraitu behar dituzte.

 

Egun, lurzoruaren erabilera planifikatzerakoan, onartu berria den Estatuko Lurzoru Legeak (maiatzaren 28.ko 8/2007 Legea), bere 10 artikuluan, Herri Administrazioei betebehar interesgarriak ezarri dieadibidez, justifikazioa duten beharizanei bakarrik eman behar zaiela erantzuna, espekulazioa saihezteko eta landalurra urbanizazio prozesutik babesteko; eta mugikortasuna, energia eta uraren kontsumoaren neurriak ingurumen iraunkortasun ikuspegitik zaindu behar direla.

 

Oinarrizko legedi honeri, aurreko urtean erkidegoko legebiltzarrak onartu zuen Lurzoru eta Hirigintza Legean agertzen diren tenore bereko neurriak gogoratu behar dira, 3. eta 9. artikulu bitartean ezarritako “funtzio publiko urbanistikoaren” nahitaezko oinarriak, hain zuzen ere: garapen eusgarria (3. art), interes publikoaren nagusitasuna (4. art), hirigintza plangintzaren eskumena (5 art), Herri Administrazioen arteko hitzarmena (6. art), hirigintza antolamenduaren koherentzia (7 art), herritarren partaidetza (8 art) eta jendaurreko informazioa (9 art).

 

Beraz, legearen ikuspegitik, erabateko eskumena izango luke Udalbatza batek, indarrean dagoen neurriz kanpoko plan bat (lurraren okupazio, etxe dentsitate, …etabarreko neurriz kanpoko aurreikuspenak) atzera botatzeko. Lege berri bi hauek, gainera, “garapenkeri urbanistikoaren” aro hori amaitutzat emateko premiatzen daudela interpretatu daiteke.

 

Gainera, Planeamendu bat indarrean jartzeak, beti sortzen du eraginen bat aurretik zeuden eskubideen gainean. Zentzu honetan, Auzitegi Gorenak ere bere jurisprudentzian, argi utzi du, Hirigintza Plangintzak batek, aurrekoak ezarritakoa aldatu dezakela, eta aurrekoak eskubide batzuk sortu bazituen ere, aldaketak ez duela inola ere desjabetze baten izaera juridikorik. Gehiago ere esan du, alegia, Herri Administrazioek plangintzarako duten eskumenak ez duela bere muga, aurreko planak sortutako eskubideak errespetatu beharrean.

 

Atal hau amaitzeko, eta hurrengoarekin loturik, esan behar da, Auzitegiek argi utzi dutela betidanik, kalterik eskatzekotan, beti ere, sortutako benetazko kaltea bakarrik ordaindu behar dela, eta inolaz ere, eskatzaileak bere jabegora erantsi ez duen negozio itxaropenik. Jurisprudentzia honen esanahi osoari heltzeko, beste oinarrizko ardatz urbanistiko batekin lotu behar da, “eskubide urbanistikoen jabetze mailakatua” alegia. Oinarri honen arabera, Plangintza Orokorrean lurzoru bat urbanizatzeko gai bezela sailkatzeak ez du suposatzen, lurraren jabeak, eraikitzeko aureikusita dagoena, plusbalia bezela, berehala, bere jabegora eramaten duenik. Eskubideak modu mailakatu edo gradual batetan eskuratzen dira, plangintzak ezarritako betebeharrak osatzen diren hein berean (garapenerako plangintza osatu – Plan partziala edo berezia-, kudeaketa erakundea eratu, urbanizazio obrak egin,…).

Nork: hiripublika.2007/11/04 20:27:25.900 GMT+1
Etiketak: hiripublika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari