Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/07/16 21:24:34.691 GMT+2

Lurzoru urbanizaezinetik Landa-Lur kontzeptu urbanistikora


Hirigintza Plangintzak, lurraldearen antolamendu integrala osatu behar duela sarritan adierazi dugu blog honetan. Aldiz, plangintza egileek arkitektura morfologiaren marapiloetan zentratu dira nagusiki, Urbanistika bera, jakituria esparru baten mugatu nahian, arkitekturarena alegia. Baina aspaldi honetan, kontzeptuen dialektikan baino ez bada ere oraindik, Hiria, Sistema modura analizatzeko ikuspegia nagusitzen ari da. Horrela, adibidez, hiriaren mugei buruzko eztabaida sortu da, eta hiriguneak bere inguruarekin “eraikitzen” dituen menpekotasun, zerbitzu, elkarkidetza,… modu desberdinetako erlazio motak aztertzen hasi da.

Ohizko Hirigintza eskola tradizionalarentzako, Hiriaren mugetatik at dagoena, “hiri erreserbarako eremuak” baino ez dira, hau da, bihar edo etzi, hiriak bere zabalguneak ezartzeko aurreikusita zituen eremuak. Honen ondorioz, lur eremu honek bere izendegian ere, hirigunearekiko menpekotasuna adierazten du: Lurzoru Urbanizaezina. Urbanizaezintasun hau, dena dela ere, denporan zehar eta hirigunearen interesen arabera, aldagarria zen sailkapena izatera mugatu zen: gaur sailkapen hori jasotzen zuen eremua, bihar bertan, urbanizatze prozesura erakarri litzeteke, besterik gabe, bere funtzio bakarra hori baino ez delakoan.

Lurralde estrategia mota honek, eta zehazki gurea bezalako hiritartze dentsitate altuko herrialde batetan, euskal-urbearen gailentzea ekarri dezake epe laburrean.

Aldiz, beste Hirigintza eskola bat ere hasi da bere diskurtsoa sendotzen. Urbanistika, ikuspegi holistiko batetik lantzen duena, alegia, eta Hiria eta Lurraldea Sistema osatu bat bezala analizatzen dituena (oroitzapena hemen, Javier Garcia Bellido handiari eta bere “Coranomia” tesia). Ikuspegi integral honen ardatzen arabera, eremu bakoitzak bere zeregin berezkoak lituzke Lurralde Sisteman, eta zentzu honetan, Landa-Lurrak ingurumen zerbitzu ezinbestekoak ekoizten ditu (ura, elikagaiak, bestelako lehengaiak,…) eta hiriaren insumo kutsakorrak birziklatu (airea, bionaiztasuna, paisaia, aisialdia,…) Beraz, Urbanistikaren dialektikan, Lur Urbanizaezina sailkapenaren esanahi mugatutik, Landa-Lurra kontzepturanzko ibilbidea sustatzea proposatzen du.

Urbanistikaren arlo juridikoak ere bere ekarpenak egin ditu norabide berdinean, eta, Auzitegi Gorenak oraintsu (2008 urtean) eman duen epai bat nabarmenduko dugu, honako honetan. Epai honen txostengileak jarri duen arreta kontutan hartuta, batez ere zentzu bereko Auzitegi Nagusi beraren aurreko epaien aipamen zehatza egiterakoan, esan daiteke, Landa-Lurra kontzeptu juridiko-urbanistikoaren aldeko doktrina finkatzen duen mugarri baten aurrean gaudela.

Epaia, Balear Irletako helegite bat hartzen du aintzat (edo aitzakiatzat), eta Auzitegi Gorena azken hamarkada honetan finkatzen joan den jurisprudentzia zerrendatua eguneratzen du. Laburbilduta, Landa-Lurraren doktrina honen adierazleak honako hauek lirateke:


1.- Urbanizaezina sailkatua dagoen eremu baten sailkapen aldaketak (urbanizagarri bihurtzeko) berebiziko arrazoitzea eskatzen du. Eremu horrek dituen ingurumen, nekazal, paisaia… izaerako balioak babesteko irizpidea aldatzeko, zein garrantzidun interesa publiko gailendu behar den justifikatu beharra dago. Gainera, kontutan izanda, Legearen aginduz, hirigintza funtzio publiko bat dela, Herri Administrazioari dagokio erizpide aldaketa horretarako frogak aurkeztea.

2.- Babes Bereziko eremuetan (ekologia, ondare kulturala,… babesteko) plangintzaren arduradunek ez dute erabakimen askerik; aldiz, eremu horren ingurumen egitateak lotzen ditu sailkapen urbanistikoa ezartzerakoan.

3.- Plangintzagilearen “ius variandi” deritzonak, muga zehatzak ditu, hain zuzen ere, eremu horrek dituen ingurumen, nekazal edo baso balioak ezartzen dutena. Balio horiek badirela egiaztagarri den neurrian, lurzoru hori, derrigorrez Babes Bereziko Lurzoru Urbanizaezina bezala sailkatu beharko da. Esan daiteke, hiri-lurzoruarekin gertatzen den bezala, legez agindutako sailkapen bat dela, hau da, ez dagoela aukerarako tarterik.

4.- Babeseko Sailkapen hori aldatu nahi baldin bada, urbanizagarri bihurtzeko, modu arrazoitu eta egokian justifikatu beharko da, babes hori jaso zuenean ez zirela benetako balioak existitzen edo gerora desagertu egin direla, eta guzti hau, onargarri diren xede juridikoen ondorioz bakarrik gertatu bada (por causas jurídicamente atendibles).

 
Egitan, Epai hau gogoan edukitzeko horietakoa bada (hemen epaia osorik)

Nork: hiripublika.2008/07/16 21:24:34.691 GMT+2
Etiketak: hiripublika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari