Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/07/18 20:10:23.314 GMT+2

Hirigintza Legearen aukera baztertuak III: Euskal urbea eta lurraldearen kolapsoa

Autonomi Erkidegoko Lurzoru eta Hirigintza Legearen azterketa kritikoarekin jarraituz, oraingo honetan, Legearen ardatzean nabaria den abaguneko ikuspegiak eta lurraldeak dituen mugenganako itsutasunaz arituko gara.

 
Ukaezina da, Legedia zentzu orokorrean, unean gizarte batek bizi duen abagune baten barruan sortzen dela, eta abagune horren indarrak edo pisuak, legearen ikuspegi eta norabidea modu izugarrian baldintzatu dezakeela. Historia modernoan, Estatu Batuetan XX mendeko 30 hamarkadan New Deal izenpean abian jarri ziren ekimenak lirateke modu honetako legegintzaren lehen adibide historiko nagusia.

 
Gure kasuan, ez dago gehiegi azaltzerik ere, lege hau, higiezinen produktuen gorajotze historiko baten abagunearen barruan sortzen dela. Asko kritikatu da, lege honen edukinean etxebizitzak hartzen duen pisua, ia legea bera monopolizatzeraino, eta ondorioz, Lurzorua eta Hirigintza arloak, haren menpe jartzeraino ere. Kinka larria erakusten du benetan, euskal gizartearen zati zabal batek, eta batez ere belaunaldi oso batek, bizileku bat eskuratzeko dituen arazoak (Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak biztanlegoaren % 90 egoera honetan dagoela onartzen du).

 
Lege honen sustatzaileek (klase politikoak), arazo honen konponbidea lege honetan dagoela errepikatu digute behin eta berriz. Baina, bertan aurkezten diren neurriak, higiezinen ekonomiaren abagunearen zorpeko dira, eta produktu hori bihurtzen dute jomuga, lurraldea ikusmiratik galduz erabat.

 
Zentzu gabeko aurrera ihes-egitea

 
Etxebizitza, errentagarritasun astronomikodun produktu ekonomikoa bihurtzeak, bizilekua eskuratzea arazo sozial larria izatera eraman du. 2/2006 Legeak proposatzen duen konponbide nagusia (edo bakarra), babes publikoko araubide bati atxikitutako etxeak eraikitzeko gutxieneko estandarra bermatzea da. Hau da, udal planeamenduan, eta eraikigarritasun barria jasoko duten lurzoruetan, gutxienez, babes publikoko etxeak egiteko eraikigarritasun berri horren % 40 (hiri-lurzoru finkatugabean) eta %70 (lurzoru urbanizagarrian) gorde beharko da.

 
Beraz, bizilekuaren arazoaren konponbidea ( ze ez da etxe kopuru eskasiarena), hiriaren halabeharrezko hazkundearekin lotzen da. Arazoaren konponbidea, garatzeko dagoen hiri berriaren bitartez etorriko da, eta kontutan izanda, euskal gizartean beharrizan handia dagoela, hiri hazkunde hori neurri zabalekoa izan beharko da. Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak 2010 urterako 107.000 etxe berri behar direla esaten du bere Plan Zuzendarian.Honek, gaur eguneko etxebizitza parke osoaren % 13 gehitzea suposatuko luke (egun guztira EAE-an 797.950 etxe daude. EUSTAT 2005)

 
Legearen eta Plangintza honen aurreikuspenak, hazkundearen logika batetan oinarritzen dira, baina…. ez geunden ba, garapenaren estrategia batetan? Ez al gara konturako dagoeneko hazkundeak mugak dituela ?? eta lurzorua ezinbesteko oinarri fisikoa behar duen etxebizitza politika honek are gehiago???

 
Etxebizitza Sailak egin ote du, 107.000 etxe berri horiek lurraldean non sartuko diren ezagutzeko ikerketa prospektiboren bat??... eta demagun, hala edo nola sartzen direla… orduan etorkizuneko beharrizanetarako ze lurralde eremu geratzen zaigu ???

 
Euskal urbea : Lurraldearen kolapsoa

 
Lurralde eremua betidanik izan da, aurre-historian ere, edozein gizataldek bere errealiotatea eta etorkizuna antolatzeko izan duen baldintza (aukera eta muga) nagusia. Baina, industrializazioaren eraginez, etengabeko ekoizpenerako ahalmena da paradigma: “mugarik gabeko hazkundea”.

 
Lurraldearen kontuan ordea, baliabide honen mugatasunaz ausnarketa egin behar izan dtuenak hartu behar ditugu guk kontutan. Alegia, irla baten, itsasoz inguratuta bizi direnak. Horrela, jada 30 urte direla, Britainia Handian eta industrializazioaren ondorengo urbanizazio prozesuak muga hoien hurbiltasuna agerian utzi zuela eta, 1975 urtean, “Land Community Act deritzona argitaratu zuten (hemengo Lurzoru Legearen mailakoa). Act edo Lege honen hitzaurrean, hurrengo epai hau aurkitu dezakegu: “ Irla honetan eskura ditugun baliabide naturale guztien artean, handitu ezin den bakarra lurzorua da. Lurzoruaren hornidura zehaztuta dago eta finkoa da ezinbestean. Herrialde txiki baten bizi gara, populazio dentsitate handiarekin, eta ondorioz, lurzoru eskaintza ez dago zehaztuta bakarrik, urria ere bada. Berebiziko garrantzia du, lurzoruaren erabilera, gure lorzoruarena, modu egokian planifikatzeko betebeharrak” (dena esateko, Act honek ez zuen bizitza luzerik izan, Thacher Lehen Ministroaren 80-ko hamarkada neoliberalak produktu inmobiliarioak lehen mailara eraman zituelako)

 
Euskal Herria ez da irla baten itxurara heltzen baina ezin ukatu ia-ia, lurraldeak baldintza maila parekoak inposatzen dizkigula (itsasoa iparraldetik, mendi katea pareleloan, ibar eztuak,…) eta horretaz gain, Europako populazio dentsitate altuenetakoa dugu: EAE-an 293,7 biz/km2 eta Europar Batasunean batezbestekoa 144 biz/km2.

 
Baina badirudi gure legegileek ez dutela sakoneko hausnarketarik egin, (erretorika uzteletik aparte): zenbat geratzen zaigu lurraldearen okupazio totalera heltzeko? Hiriaren arazoak (dentsitate bizikaitzak), jendearen bizilekuarenak edota jarduera ekonomikoak kokatzearenak, beti ere lurralde berrien okupazioen kontura eraman daiteke? Eredu abstraktoen munduak bakarrik jasan dezake etengabeko aurrera ihes egite hau… gure lurraldearen errealitateak, ordea, alarma argiak piztuta daudela antzematera eramaten gaitu.

 
Bilbao metropoli eremua

 
Metropoli izaera jaso duen eremu honetako udal planeamenduak aztertuz, Udal batzuetako lurraldearen okupazio tasa kolapso fisikora helduta dago jadanik. Baieztapen honen adierazgarri dira, udal plangintza urbanistikoaren bitartez, udalerri osoa urbanizatuta duten edo laster urbanizatuko duten hiri batzuk. Sestao edo Portugaletek adibidez, egun jada, ez dute landa eremurik edo “green field” (teknikoki lurzoru urbanizaezina) hirigunea hazten jarraitzeko: 0 lurralde. Itsasadarraren beste hegalean emaitza berdinetik oso hurbil dabiltza Getxo edo Leioa ere.

 
Aldameneko hiriguneak ere kolapso teknikoan dira, kontutan hartzen baditugu, hazkunde urbanistikorako ezgai diren lurraldeak izendatzeko Bilbao metropoliko Lurraldeko Zatikako Planak (PTP) ezarritako erizpideak: %15-ko malda baino gehiago dituzten lurrak, uholde garaian urperatu daitezkenak, naturgune baten sartutakoak edota aireportuak sortutako kutxadura akustikoaren menpeko guneak (60 db-ko zarata maila gainditzen dituztenak).

 
Gipuzkoako eskualdeak

 
Gipuzkoako lurraldea Bizkaikoa bainoare “zailagoa” da, eta hori ondo dakite bertako historia urbanistikoa bizi (edo sufritu) izan dutenak. Gainera, hiriguneek, mugikortasunerako azpiegiturakin lehiatu behar dute lurraldearen okupazio nahian: begibistakoa da, zelako erabilera desberdinen arteko gainjarriak dauden N-1 autobidearen ibilbide osoan (Lasartetik eta Beasaineraino).

 
Deba-Goienerako LZP-an (PTP) lurraldeak hazkunde urbanistiko gehiago jasotzeko duen ezintasunaren azterketa argia aurkitu dezakegu, hori bai, diagnostikoaren atalean, gero proposamenari dedikatutakoan, noski, aurrera ihes egitea da nagusi, berriro ere. LZP honen diagnostikoan (12. orrialdea), nabarmen ikusi daiteke Gipuzkoa osorako hazkunde urbanistiko berriak jasotzeko gai den lurraldearen urritasunaren kalkulua: % 5,5 baino gutxiago da erabilgarria. Deba Goienean, aldiz, koporua oraindik ere murritzagoa litzateke: %3,8. Azalera kalkulatzera ere heltzen da, egin kontu: eskualde osoan 788 Ha baino ez dira gai etorkizuneko balizko hazkunde osoa jasotzeko (eta gainera zati handiena gune bakar batetan konzentratuta, Oñatin).

 
Aukera baztertua: Hirigune historikoen birgaitzea eta lurren berrerabilpena

 
Hau da, 1998 urtetik Europar Batasunerako hirien garapen jasangarrirako jarduera esparrua (COM 1998-605) deritzon txostenaren oinarriei heldu behar zaie.

 
EAE-an, orotara, 69 Gune Historiko daude, eta denak urbanistika eta sozial aldetik gainbeherako egoeran. Horrez gain, 40-50 hamarkadan eraikitako auzoak ere kinka berdinerako bidean dira, eta ondorioz arazoa larrituz joango da.

 
EAE.ko Lorzoru eta Hirigintza Legeak, 3 artikuluan hirigintza antolamenduak hiri garapenerako bete beharreko printzipioak jartzen ditu, eta, ezarritako bost oinarrien artean, lurzoruaren okupazioa jasangarria izan behar dela agintzen du, beraz, hazkundeari ekin aurretik, lehentasuna izango duela beti lurrak birgaitzeko eta leheneratzeko lanak eta hutsik dauden etxebizitzen erabilerak.

 
Baina oinarri edo printzipio hau adierazpen erretoriko huts batetan geratzen da, gero, legezko xedapenetan, eta izaera loteslearekin ezartzen ez bada. Adibidez, 55. artikuluan, udal plangintzak bere Egiturazko Antolamendua deritzonean, errespetatu beharreko arauak ezartzean, lehentasuna ematen dio, lurzoru berriaren okupaziorako estrategia zehazteari. 3 artikuluko printzipioak, sinesgarri bihurtzeko, bestelako araua eskatzen zuen: hiriaren estrategia brown fields bezela ezagutzen diren lurzoru hoietan zentratzea, berrerabili, lehengoratu, birgaitu…eta horrek nahiko ez direla egiaztatzen denean bakarrik, landalurren okupazio berrietan hasi pentsatzen.

 
Lurzoru Lege honentzako ez da, antza denez, egiturazko errealitate bat, egun EAE-an 34.247 etxe hutsik eta inolako erabilerarik gabe egotea (EUSTAT.2005).

 
Dena dela, artikulu honen hasierako baieztapenera bueltatuz, urte hauetan bizi dugun produktu inmobiliarioen “urrearen sukarra”, Lege honen barne sakonean dago. Ez da ahaztu behar, produktu mota hau ez dela sustapen pribatuaren interesekoa bakarrik, Herri Administrazioek ere ekonomia eredu honen motore indartsu bat direla, eta oso modu tematian benetan, bestela begira, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaz gainera, nola orain, Bizkaiko Aldundiak ere (Bizkailur enpresa publikoaren bitartez) muturra sartu nahi duen negozioan, “etxebizitza tasatuak” izena jaso duten produktu berri horren bitartez.

 
Azken datu bezela, Gune historikoetako etxe eraikinak birgaitzeko, Jaurlaritzak dituen dirulaguntza programak, argi uzten dute, klase politikoak ze interes gutxi duen, birgaitzearen erretorika, sakoneko politika publiko baten bihurtzeko… (baina hau beste txosten baterako puntua izango da).

Nork: A&B.2007/07/18 20:10:23.314 GMT+2
Etiketak: hiripublika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari