Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/01/28 21:36:08.168 GMT+1

Hiri Globala eta Hiri Globalizatua: Bilbao-Guggenheim zein ote?


Hiri Globala, kontzeptua 90 hamarkadan hasi zen entzuten. Izena bera azalerazten hasi zena, Saskia Sassen hiri-soziologoa izan zen (Global City. 1991). Ekonomi globalizatu baten sartuta geundela ikusita, sistema ekonomiko berri horrek, bere oinarrietara hobeto egokitzen zen erakunde sistema bat behar zuen. Horrela, Estatu-Nazio sistema poilitiko ohikoa, industri ekonomi sistema sustatu zuena, ez zen eszenatoki berrirako aproposena, ekonomia sistema berria estatu eta nazioz gaindikoa bait da. Estatu-Nazioak definizioz arautzeko monopolioa adierazten du, eta aldiz, hiriaren gobernuan, elkarkidetzatarako harremanak errazago eratu daitezke- Urban Regime-.

Hiri Globala zein den definitzerakoan, Sassen-ek ezaugarri jakin batzuek azpimarratzen ditu: Erakunde globalen agintzaritza bilgunea, telekomunikazio azpiegiturak, Erakunde globalei zerbitzu emateko gai diren enpresa espezializatuak (publizitate agentziak, abokatu bulegoak, …), finantza zentru garrantzitsua, post-fordismo prozesuetako enpresa berritzaileak, gobernuen politikan eragina duten eragileak eta amaitzeko, baina beharrezko baita, saldu nahi diren zerbitzu eta produktuentzako nahiko merkatu.

Sistema global honek, sarearen forma hartzen du. Sarea sistema honek, halabeharrez, bere barnean, ierarkia bat inposatzen du: badaude, hiri zentralak eta beste batzuk periferikoak. Ekonomia Globalaren oinarria eta garapena finantza fluxuak egituratzen dute. Ondorioz, fluxu hauen inguruko informazioa, aginduak, transakzioak… zentru jakin batzuetan biltzen dira. Nodo abizena hartzen duten hiri zentralak dira benetan Hiri Globalak; besteak, sarearen zerbitzura jartzearen ordainean, Hiri Globalizatuak bihurtzen dira. Honela, autore nagusien arabera, benetako Hiri Globalak New York, Londres eta Tokio lirateke, eta apur bat zabalduta, baita Los Angeles, Miami, Paris, Amsterdam eta Shangai.

Beraz, 90 hamarkadako garai horretan hasten gara, gure artean ere, entzuten “Hirien Sistema” bezala ezagutu dugun lurralde antolaketa eredu berria (gogoratzen, Elkarte Autonomoko Lurralde Artezpideak -DOT- erizpide hau bereganatzen dute). Ordutik aurrera, hiriak, Sare Globalean duten kokapena eta ierarkia maila hobetzen saiatzen dira: hirien arteko lehiakortasuna. Lehia honen barruan ulertu daitezke, horren erabiliak diren esamoldeak: lurraldearen abagune berriak bultzatu beharra, etab….

Lehiakortasun zorrotzago baten bila doan lasterketa honetan, Hiri Globalizatuek, besteen aurrean bereizketa “eraikitzen” saiatzen dira. Horretarako, bitarteko guztiak irentsiko dituen hiriaren irudiaren eta profilaren egokitze beharrera lerrotzen dira. Firma Globalak kontratatzen dira (garesti, oso garesti), Sarearen zentroaren atentzioa erakartzeko asmoz. Baina David Harvey-k ondorioztatu duen bezela, epe luzera, lortu nahi zen bereizketa hori ezerezean geratzen da, firma global horiek bere produktuaren estandarizaziora jotzen dutelako (Gehry edo Calatravaren obrak munduan nonahi aurkitzera heldu da urte gutxitan). Jordi Borja-k artikulu honetan, eta Bartzelonari buruz, zera galdetzen du: merezi ote izango du, hirien arteko lehiakortasunaren hobetze horretan gastatu diren dirutzak? azkenean erabilgarritasun efimero baterako baino balio izango ez duten azpiegitura, eraikin, etabarretarako….?

Beste artikulu honetan, (Fabio Duarte eta Clovis Ultramari) hausnarketa hau urrutirago joaten da (edo sakonerago). Ikertzaile hauen arabera, hirien arteko Ierarkia Global hori egonkorra da, hau da, ez dela aldakorra, ahaleginak eginda ere, Sareak, hiri bakoitzari bere zeregina ezarri diolako, sarearen beraren zerbitzura. Teoria hau behar bezela lantzeko, hazken hamarkadetan Joku Olinpikoak edo Expo Unibertsalak antolatu dituzten Hirien ibilibidea aztertzen dute. Ondorioa izenburutan: bapateko eta une laburreko izarraren dirdira, eta “gertaeraren” ostean, apur-apurreko apaltzea eta hasierako kokapenera itzultzea (Sareak emandako zereginenen araberakoa). Amaitzeko, galdera bat jartzen dute mahaian, ez ote da bada, hiri eredu propia baten inguruan bildu eta hura landu, performance global baten ustezko onuretan sinestu beharrean. Adibide bat: Brasil-en, badaude bi hiri ingurumen politiken arloan ezagunak egin direnak. Bata, Rio de Janeiro da, 1992 urtean Ingurumenaren gaineko Bilkura Internazionala ezagunaren egoitza izan zelako (Hiri Performance); eta bestea, Curitiba da, urtetan zehar hirigintza plangintza iraunkorraren eredu bezela ezagutzen dena (Hiri Eredua). Biak alderatuta, 1992 urteko hartaz gero eta jende gutxiago gogoratzen da, performance bera denboran hurbilago jaso duten beste hiri batzuekin konpartitu behar duelako (Kioto, Johanesburg, Bali). Aldiz, Curitiba-k urtetan zehar bere eredugarritasunaren lekukotasuna, Sarearen sistema horretan, mantendu edo agian zabaltzea lortu izan du.

Gurera etorriaz, eta post honen izenburuari helduz, Bilbao-Gugenheim hau, ze izaera du benetan, beste Hiri Performance bat da edo benetako hiri antolamenduaren Eredu izango da ? Esango genuke, hiriaren zati bat Golden Mile antzeko baten bihurtzeak gehiago duela Performance izaeratik…. Eztabaida ireki beharra dago….

Nork: hiripublika.2008/01/28 21:36:08.168 GMT+1
Etiketak: hiripublika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari