Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/06/24 21:56:35.279 GMT+2

Etxebizitza eskubidearen bermerako Lege aurreproiektua

Noizbehinka, Jaurlaritzako Etxebizitza sailak, nolabaiteko “globo zunda” deitzen diren horietakoen artean jakinarazi ditu, bazuela etxebizitza duin bat izateko hiritarrok Konstituzio bidez dugun eskubidea bermatuko luken Lege egitasmo bat. Aspaldi honetan baina, zokoratuta edo duela ematen du (agian denek agintaldia bukatutzat ematen ari direlako, edo). Bada Lege aurre-egitasmo horren testu artikulatu bat bueltaka gune batzuetan, Etxebizitza Sailburuordeak bere blogean du argitaratua, besteak beste, eta hona ere esteka bidez ekarri nahi izan dugu. Aurreproiektuaren testua

 Aurre egitasmoan nabaritu daitezken arautze saioak honako hauek lirateke:

 - Etxebizitza premia duen hiritar orok, eskubidea izango luke etxebizitza duin bat izateko eskubidea bere Udalaren bitartez gauzatzeko exijitzeko (6 artk).

 Beraz, honek esan nahi du, Udalak etxebizitza politika sozialen lehen arduradunak bihurtzen direla ( 5 eta 12 artk). Beraz, hirigintza plangintzarako beti eskatu duten autonomia horri, eta orain EEA-ko 2/2006 Hirigintza Legeak onartu diena (7.000 biztanletik gorako Udalek eurek ematen diete plangintzari behin betiko onarpena), hiritarren aurreko erantzukizunaren zama dakar bueltan.

 - Eskubide hau bermatzeko epemuga bat jartzen da: 2012 urtea. Epemuga hori gaindituta, eskubidea gauzatu ezean, hiritarrak epaitegietara jo dezake.

- Eskubide unibertsal hau benetan bideratzeko, Herri Administrazioek Etxezibitza Zerbitzu  Publiko berri bat sortzen dute (14 artk) eta Udalek behartuta daude alokairura bideratutako etxe parke publiko bat sortzera ( 23 artk), nahiz eta Kohesio Sozialaren ardura osoa Erakunde Publiko guztien artean banatzen den.

 - Etxebizitzen erabilera antisoziala arautzen da, eta modu berezian hutsik dauden etxeak (89 artk eta hurrengoak).

 
Lege egitasmo honen testua irakurrita, Europa mailan jada indarrean diren norabide antzeko beste Lege batzuk ekarri digu gogora. Honekin esan nahi dugu, noizbait aurkezpen ofiziala izaten baldin badu, “erradikalegitzat” hartuko luketen horiek euren legegintza kultura eza, edo bestela, fede txarra utziko luketela agerian.

Horrela, politika sozial honetan, aitzindaritzat hartu daiteke Eskoziako legebiltzarrak 2003 urtean onartu zuen “Homelessness Act” (etxegabeziaren legea). Lege honek, berrikuntza bezala, Herri Administrazioari “emaitza lortzeko betebeharra” ezartzen zion. Beraz ez zen adierazpen huts bat, eta horrela, derrigortasun honen ondorio bezala, epaile baten aurrean eskubidea exijitzeko prozedura bermatu zen, lehen aldiz.

Baina deigarriena, Eskoziako Gobernuaren konpromisoa aurrekontuetan nola nabarmendu zen jakitean agertzen da. Legea indarrean sartu zenetik, hurrengo hiru urtetan zehar, bertako Barne Produktu Gordinaren % 1,5 inbertitu du etxebizitza politika sozialetan.

Eskozian, Alderdi ezkertiarrek bultzatuta onartu bazen Lege hau, paradoxikoki, lerro nagusietan antzeko den beste lege bat onartu zen 2007 urtean Frantziako Estatuan, eskuina gobernuan zela. Villepin gobernu-buruak, eta hiri nagusien suburbia txiroetan eman ziren istiluen ondoren, etxebizitza eskubidea bermatzen zuen legea bultzatu zuen, baita. Frantziako Legean, Gobernuari 2008 urtea jartzen zaio epe muga bezala, premia larrian daudenei eskubidea benetan gauzatzeko, eta bestelakoei 2012 urterako burutu beharko die. Horrela, mugaren bestaldean, etxebizitza eskubidea, osasuna eta hezkuntza eskubideen parean jarri da. Are gehiago, berriki, epaile batek, jada, gobernua errudun epaitu du, langabezian zegoen ama baten kasuan, eta behartu egin du legean bermatutakoa betetzera.

Europatik zeharkako errepaso honekin amaitzeko, Espainiar Estatuan bertan ere, Katalunyan zehazki, igaro zen Abenduan bertako Parlament-ak, hemen azaldu ditugun antzerako Legea onartu zuen (Abenduak 28.ko 18/2007 Legea).

Beraz, propaganda ofizialak Konbergentziaz hitz egiten digunean, eskubide hau ere lerroburuetan agertarazi beharko luke.

Aipatu dugun Euskal Autonomi Erkidegoko Lege aurre-egitasmo hau, hori berori baino  ez da oraindik ere: aurre-egitasmo izateak, esan nahi du, oraindik ez dela Etxebizitza Sailetik atera, alegia, ez duela Gobernu Kontseiluaren oniritzia (eta susmo osoa dago ez dela sekula aterako). Dena dela, egi gordina modu autokritikoan onartuta, gizarte zibila deitzen dena modu oso ahulean agertzen zaigu; eta edozein politika sozialetan gertatzen den modura, premian dauden guztiek ezinbestekoa den bultza egin ezean…. kontrako interes taldeak nagusi …. beti.

Informazio-formazio gehiago adibidez  hemen "kepasakonlakasa"

Nork: Hiripublika.2008/06/24 21:56:35.279 GMT+2
Etiketak: hiripublika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari