Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/05/15 18:57:39.396 GMT+2

Bukatu ote da Arkitektura Eszenatokien espektakulua? Hiriaren Iraunkortasunari buruzko Leipzig –eko Gutuna


Azken urteotako posmodernismo urbanistikoak, pentsamendu korronte horri dagokion bezala, kontzeptu eta kategorien nahasmena ekarri digu gurera ere. Horren adierazle izan da, Hiriaren Birgaitze bezala aurkeztu izan zaiguna (Bilboko “urrezko etorbidea” adibide) eszenatoki ertzi batetan eginiko arkitektura espektakulua baino ez da izan (Situazionistak sortutako “espektakuluaren gizartea” esanahian); ez baitu Hirian benetako krisian dauden eremuetan eraginik izan.


Arkitektura eszenatoki hauen ondorena dator orain, antzemanda marketin instituzionalaren horrenbesteko aipamena jaso izan duten esku-hartze arkitektonikoak, agerian utzi dituztela hiriguneek gaur egun dituzten sakoneko arazoak: gizarte bereizketa eta bazterketa, etxebizitzaren garestitzea, ingurumen eta osasun publiko arazoak,… Estalki ederrenak ere ezin ditu oinarrizkoak diren arazoak sekula ezkutatu. Izan dira urte hauetan “markadun” arkitekturaren zarataren pean entzunarazi nahi izan diren ahots kritikoak, baina gor-itsuarena egin beharra zegoen, bizi genuen erakustaldi hauen aurrean “aldeanoa” zelako traban ibiltzea.


Azkenean, krisi egoerak gainezka egin du, ezinbestean. Hori da hain zuzen ere, modu kritikoan Leipzig-eko Gutun honek nabarmendu nahi duena. Gutuna (Charter ingelesez originalean), Alemaniak Europar Batasunaren lehendakaritza bere esku zuen sei hilabetekoan landu zen, eta Leipzig Hirian sinatu zuten Estatuetako ordezkariek (2007/05/24).


Gure Hiriak babestu, sendotu eta garatzen jarraitzeko garapen iraunkorraren hiru dimentsioak izan behar dira kontuan: aurrerabide ekonomikoa, gizarte oreka eta ingurumen osasungarria. Bestela, epe luzera, “Hiriek ezin dute gizarte garapen eta hazkunde ekonomikoaren bultzatzaile izan, ez badira gai hiri barruko eta inguruko gizarte oreka mantendu, kultura aniztasuna babestu eta ingurumen eta hirigintza kalitate maila altu bat ezartzeko ”.


Gure artean gauzatzeko alderik zailena, Gutunak ezartzen dituen Erakundeen arteko, eta bertako kide direnen erantzukizun maila exijitzea izango da. Gutunak, Gobernu maila desberdinen arteko elkarkidetza jartzen du kezka nagusi bezala, eta adi, zeren, pertsona arduradunen beharrezko prestakuntza profesionalari ere eragitera heltzen delako !!!


Gutunak, bi ardatz nagusitan sakontzen du, eta ikusiko dugunez hemen nagusitu den ereduak (arkitektura esku-hartze soilarena), beste norabide kontrajarri batetik garamatza. Gauza izango al gara azken urteotako inertziak berbideratzeko ?:


Gutunak bi ardatz nagusi eta zazpi ekintzarako estrategia ezartzen ditu:

1.- Hiri garapenaren politika integratuaren ikuspegiak gehiago erabili.

Zer esan nahi du honek?, ba kontutan izan behar direla, une berean eta ekitate zentzu batean, koordinatu beharreko espazio, sektore eta epeei dagozkien arloak. Ezin da bakarrik hiri barnea aintzat hartu, edo hobeto esanda hirigune handiak bakarrik. Hiria, bere inguruko landa eremuarekin, eta hiri txikiekin, berdintasun maila baten oinarritutako lankidetza batera lotu behar da.

Hiri politika integratu hau, hurrengo estrategia hauetan gauzatu behar da:


a) Kalitate bikaineko espazio publikoak sortu eta sendotu.

b) Azpiegitura sareak modernizatu, energia eraginkortasuna hobetzearekin batera.

Arlo honetan, oinarrizkoa da, hiriaren espazioaren plangintza egoki batetik hastea, hiriguneen hedapen erotua ekidatuz, eta horretarako lurzoru horniketaren eta espekulazioaren hazkundearen kontrol estua ezarri behar da. Zentzu honetan, eredugarri gertatzen da, hiri eremuan erabilpen anitzak elkarrekin ezartzea (etxebizitza, lantokiak, merkataritza, zerbitzuak).

c) Berrikuntza ekintzaileak eta hezkuntza politika.


2.- Hiriaren osotasuna hartuz, gabezian dauden auzoei arreta berezia eskaini behar zaie.

Hiriek bizi duten arazo nagusia, bertan gertatzen diren desoreka sozio-ekonomikoak dira. Gainera ez badira sasoiz bideratzen, desoreka hauek, bazterketa soziala eragiten dute. Gizarte kohesioa eta integrazio soziala lortzeko helburuan, etxebizitza politika sozialak ezinbestekoak dira.

Helburu hau lortzeko, hurrengo ekintzarako estrategiak ezartzen dira:

a) Ingurumen fisikoa, hau da, eraikinen egoera, osasuna, eraginkortasun energetikoa… hobetzeko estrategiak bilatu.

b) Hiri mailako ekonomia eta lan politikak sendotu. Zentzu honetan, suspertu egin behar dira gizarte ekonomia eta hiritarrari zuzendutako zerbitzu publikoak.

c) Hezkuntza eragilea eta gazteei zuzendutako heziketa politikak.

d) Hiri garraio publiko eraginkor eta eskuragarria sustatu.

 

Nork: Hiripublika.2008/05/15 18:57:39.396 GMT+2
Etiketak: hiripublika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari