Elikadura “nahikotasuna”: Udal HAPO-etarako estrategiak lantzen

Aurreko asteburuan Usurbilen ospatu ziren elikadura subiranotasunari buruzko jardunaldiak. Berta, besteak beste, “Usurbil Proiektua” aurkeztu zen, udalerri horretako biztanleria barazkiz eta lekariz hornitzeko zenbat lur behar den kalkulatzen duen ikerketa. Azken emaitzara heltzeko lan eskerga eta ikuspegi zabalekoa egin dute Jesus Calvillo eta Egoitz Garro-k: dieta osasungarria antolatu (jendearen adinaren araberako beharrizanak kontutan izanik: umeak-helduak-zaharrak) + gaur egun dauden kontsumo taldeek erabiltzen dituzten asteroko saskiak analizatu + produktu mota bakoitzak eskatzen dituen labore egutegiak egin + kontsumo ereduen arteko batezbesteko estimazioa, etab….metodo zientifikoa..akats gabekoa

Emaitza: Usurbil 6.093 biztanle = 64 hektarea (batazbeste: 105 m2/ biztanle bakoitzeko)

Estimazio honetan barazki eta lekaleen ekoizpena baino ez da aintzat hartzen. Kanpo geratzen dira: zerealak (ipar isuri aldean nekez…artoa izan ezik), frutak eta fruituak (“baso jangarriak” agian???) eta arrautza eta haragiak (dieta honetan haragi gorria hilean behin baino ez da aurreikusten).

Ikerketa bat da, ajuste asko eskatzen dituena, autoreek eurek be horrela onartzen dute….baina bada nondik hasteko helduleku bat. Orain udal HAPOetan (Herri Antolamendurako Planeamendu Orokorra) jarduera honetarako zenbat lur azalera dedikatu behar den analizatu, eta horretarako sailkapen urbanistiko egokia ezartzeko fundamentua izan daiteke.

 agricultura-urbana

Egun udal HAPO baten diseinuan dabilen lagun aditu batek, hurrengo hausnarketa egin du: hortaz gauza batzutan inportatzaile izan beharko gara eta beste batzutan esportatzaile. Kontutan hartu lurrik ia ez duten udalerriak daudela sobera, eta zer esan hiriburuetaz!! Beraz, lurralde mugatu batetan subiranotasun absolutua baino, ahalik eta hinterland edo eremu txikienean helburu hori lortzean datza gakoa, ekosistemek ez baitute ulertzen muga administratiboez (baina tamalez bai muga hauek inposatutako lurralde politikez).

Gogoratu, ekoizpenean, altuera, orientazioa, lurren konposaketa kimikoa eta gaitasuna, kokapena, esku lanerako gaitasuna eta abarreko faktoreek mugatzen gaituztela. Gainera dieta ezartzerakoan, klima eta ekosistema hauetan jatorriz ekoitzi daitekeena, kultura, baliabide tekniko, gaitasun ekonomikoak, merkaturatzeko aukerak eta prozesuen ezagutza bezalako faktoreak ere badaudela. Hortaz, lokaletik goragoko eskalan aztertu behar dugula, nahiz eta lokaletik hasi ea zer gaitasun dugun aztertzen.

Subiranotasuna helburu, beraz, eta “nahikotasuna” estrategia ezinbestekotzat hartuta.

Honaino helduta, beti azpimarratu behar da, Udal batek, HAPO-a diseinatzerakoan badituela arlo honetan legearen aginduzko “betebehar” zehatzak: 17/2008 Legea; Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzkoan ezarritakoak:

 12. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, nekazaritza-lurra antolatzeko jardun publikoa koordinatuko dute, nekazaritza-lurra modu jarraitu eta egokian, eta gizartearen eskaerekin bat etortzeko moduan, erabil dadin sustatzeko, eta, helburu horrekin, beharrezko diren esku-hartze publikoko bitarteko eta neurriak baliatuko dituzte. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-eremua antolatzeko unean-unean indarrean dagoen erreferentzia-esparruaren arabera.

13 artikulua.– Nekazaritza-lurren erabilera sustatzea.Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, beren eskumenen esparruen barruan, honako jarduketa hauek egin ahal izango dituzte nekazaritza-lurraren erabilera sustatzeko, 12. artikuluan azaldutako xedapen orokorretik ondorioztatzen diren aginduekin bat etorriz:

c) Balio agrologiko handiko lurrei babes berezia ematea, betiere, dagokion lurralde antolamendurako plan sektorialean ezarritakoari jarraituz.

Ditxosozko Basogintza eta Nekazaritza Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala behin betikoz onartzeko oraindik asko falta baldin bada ere (urte larregiko atzerapena pilatzen ari da), horrek ez du esan nahi “hutsune legalik” utzi behar denik. Udalak bere udalerriaren eremuan propio hartu dezake erantzukizun hori, eskumen urbanistikoa badu nahikoa horretarako, eta “Nekazal Interesa Bereziko” sailkapen urbanistikoa eratu, ta lursail egokiak /beharrezkoak araudi berezi batetara lotu ditzake, juridikoki legezkotasun osoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude