Hiriak argaltze prozesuan: “Shrinking Cities”

“Shrinking Cities”, hona hemen, bizi dugun krisi sistemikoari izena jartzeko azaleratu den beste “hitz tramankulu” berri bat. Euskarazko behin behineko bertsioan “hiriak argaltzen” modura itzuli dezakegu.

Gertakari urbano hau, soka luzeko fenomenoa bada ere, hamarkadetan zehar egozten joan den isilpeko tendentzia izanda, orain, krisi egoera honen erdian analisi gune bihurtu da. Ta zeintzuk ote dira “argaltze” prozesu honetan hainbat hirik bizi dituzten ezaugarri antzekoak? Ba, fenomeno hau aztertzen dabiltzan ikerketa lantaldeak (eta bide batez izena bera ere jarri diotenak) honako adierazleak azpimarratzen dituzte: populazioaren beherapena eta aldi berean adintze tasa altua, etxe hutsen hazkundea fluktuazio hutsaren maila gainetik, tokiko oinarri finantzarioen makurtzea eta gain dimentsionatutako azpiegitura urbanoak.

Dinamika urbano honetara heltzeko hainbat faktore desberdin egon daitezke, bakarrean agertuz edota pilaketa ildoan: hiri barreiatzea aldirietan (sprawl), bai etxegintzan edota lantegi guneetan, berrantolaketa ekonomikoaren ondorioak (batez ere industria pisutsu historikoaren gainbeheragatik) edo joera demografikoaren indarrez (ugaltze tasa baxuak eta emigrazioaren alde egiteak).

Hemen ere, badira egoera honetan dauden hiri adibide nabarmenak, denak, iraganean izandako nortasun industrialaren atzera egiteak markatuta. Hemen datu batzuk, 1981-2011 urte tarteak konparatuz, jasandako populazio galerak islatzen dituztenak:

Sestao: -%29, Eibar: -%26,3, Pasaia: -%22,2, Basauri: -%19,7, Portugalete: -%18, Errentería: – %15,7.

Gainera, hiri hauek dira, Erkidegoan gertatzen lurralde kolapsoan, Euskal Urbearen puntako hirigune hiperurbanizatuaren adierazle nagusienetakoak.

Behin hiriaren joera hau aintzat hartuta, ezinbestean, antolaketa urbanoaren ardura duten eragileek, estrategia desberdinak jarri ditzakete abian: ohikoena, hazkundearen bidea berreskuratzeko ahaleginak izaten omen dira, hein batean, hiriaren zabalgune “naturalarekin” jarraitzea, “olio tantaren” teoria hedatzaile ezagunari (eta errepikakorrari) men eginez, eta barne eskari/inbertsioak betetzen ez duena, kanpotik erakarritakoarekin estaltzen saiatu, horretarako “city marketing” mezu aproposekin hornituz.

fotoParqueTecnologico

Eibarko Parke Teknologiko berriak, bikaintasun urbanoaren bila….

Ei polo1.jpg

hirigunetik ihesi, eremu berdea kolonizatzeara jo du…beste behin

Baina, ez ote dago beste hausnarketa posiblerik? Abagunearen araberako hirigintza (abagune ehiztarien mendekoa) albo batera utzi beharko da jada, hiri-ikono ikusgarrien garaiak zimeldu egin direlako, eta garai berriotan “egokitzapenerako” hirigintza beharrezkoagoa izango dugu.

Energia iturri tradizionalen (petrolioa eta gasa) agortze prozesuak, edo bestelakoak (nuklearra, fracking,…) eskatzen-eragiten dituzten kostuen maila (ekonomikoak, ekologikoak, geo-estrategikoak,..) jasangaitza delako, hiriguneak argaltzen joaten pentsatzea, biderik inteligenteena izan daiteke. Gure hirietan, badira derrigorrez abian jarri beharreko eskasia egoera baterako egokitzapen bideak, eta hutsik geratzen ari diren hainbat eraikinen berrerabilpena izango da ziurrenik, aurrez-aurre dugun lehenetariko egitekoa.

Etxebizitza duinerako eskubidea behingoz gauzatzeko erreklamazioak, garapen sozio-ekonomikorako behetik-gorako ekimenak, berrikuntza sozio-kulturalaren aldeko bilguneak, eta abar luzea…badira abian, jada, gizarte eremu hainbatetan. Oztopoa beti da, hemen oso errotua dagoen beste tradizio sozio-ekonomiko bat, jabegoari “berezko” zor omen zaion errentagarritasuna, hain zuzen. Jabego pribatuak botere publikoarengandik beti izan duen babes hautsiezinean eroso instalatuta. Berrikuntza urbanoak etorkizunik izan behar badu, jabegoari dagokion betebehar sozialari astindu beharko diote horretarako ahalmena egotzita dutenak, legedian argi ezarrita dagoen tenorean, Konstituzioaren 33.2 artikulutik hasita eta Lurzoruaren 2/2006 Legearen 18, 199 artikuluak eta hurrengoetatik jarraituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude