Etxebizitza Legea eta Plan Zuzentzailea (II): ta zein da behar den estrategia

EAE-k, eta 2.100.000 biztanle kopuru inguru izanda (2006.ko errolda), ia 900.000 etxez
osatutako parke bat du. Hau da, EB-rekin alderatuta, ia laukoiztu egiten du. Ondorioz, arazoa ez da etxebizitza kopuru urritasuna, etxebizitzarako eskubidea eskatzen duten pertsonei merkatuak eta politika sozial arduratsu baten hutsuneak jartzen dizkieten eskuratze baldintzak baizik. Konponbidearen gakoa, bai etxebizitza lortzeko arazoa eta baita lurraldearen urbanizatze eutsiezinaren aurrean, erabilpenik gabeko etxeak mugiaraziz eta eraikin eta auzo osoak birgaitzearen aldeko bultzada irmoan daude.

Alokairua

Eusko Jaurlaritzak berak, Etxebizitza Legearen Aurregitasmoa aurkeztearekin batera jakinarazi duen bezala, Euskadin inolako erabilpenik gabeko 31.100 etxe zerrendatu dira. Zenbateko hau hazi egin beharko zen, “salmenta” egoeran dauden beste 13.778 etxe eta bigarren egoitza bezala sailkatuta dauden 29.511 etxeetatik zati nabarmen bat ere multzo berean sartuko balira.

Alokairuak ibilbide oso luzea du oraindik egiteko Euskadin, biztanleriaren %7 baino ez delako modu horretan bizi, gaur egun. Estatuan %13-koa da maila, eta urruti gaude EB-ko batezbestekotik (%25) eta zer esanik ez “aurreratuak” diren beste herrialdeekin konparatuta, Alemania (%57) edota Dinamarkaren (%46) adibideak hartu ezkero 2006-09
Plan Zuzentzaileak, Bizigune egitasmoa jarri zuen abian, etxe hutsen parkea alokairurantz mugiarazteko asmoarekin. Hirurteko horretan, 4.557 etxetan baino ez da helburu hori lortu. 2010-13 Plan berria oso asmo apalekin dator, beste 5.000 etxe lortzera baino ez baita konprometitzen. Horrez gain, politika fiskala ere erosketaren aldekoa izaten jarraitzen du, PFEZ-a etxearen erosketak 2.100 €/urteko kenketa ahalbidetzen du, eta aldiz alokairuak 1.600 €/urteko muga jarrita du. Merkatu libreko alokairuek, oraindik ere, neurriz gaindiko prezioak dituzte (eskaintzaren urritasungatik), eta batez-beste 875 €/hilekoa da (Plan Zuzentzailearen arabera), eta horrela izanik Etxebideren zerrendan onartutakoen gehiengoak (%78) 25.000 €/urteko diru sarrerak dituela aitortu ezkero, etxearen alokairua ordaintzeko bere soldaten %42-a beharko lukete.

Etxebizitza Legearen Aurregitasmoak, etxebizitza hutsik izatea jabegoaren erabilera antisoziala dela ezartzen du, eta zigor gisa kanona aurreikusten du. Udalak izango dira, dagokien espedientea ireki beharko dutenak, eta 10€/m2 erabilgarri kanonarekin zigortuko dutenak, etxea urte bi jarraian hutsik mantentzen duten jabeei (hainbat salbuespen tartean direlarik: lanpostuaren leku-aldatzea, gaixotasuna,…). Arautik kanpo geratzen dira “salmenta” egoeran daudenak eta baita bigarren egoitzarako gordetakoak, eta horrek iruzurrari ate zabalak irekitzen dizkio. Beste urte bat igarota, derrigorrezko alokairua agindu daiteke.

Ondorioz, ez dakigu zein ibilbide izango duen Aurregitasmo honek Legebiltzarrean izango duen izapidetzan (zelan zehaztuko den “hutsik” sailkapen hori azkenean, gaineratu daitezken salbuespenak,…), eta dena dela, denbora larregi itxaron beharko da benetako eragina nabaritzeko alokairuaren eskaintzan.

Birgaitzea eta auzoen Biziberritzea

EEA-k lurzoruaren gaineztatuko betetze urbanoaren arazoa du, eta larritu egiten da hirigintza planeamendu denek zabalgunerako hausnartuta duten joerarekin. Aldi berean, eraikitako etxe parkea zahartzen joan da, eta egun etxe kopuruaren % 40,42-ek 50 urte baino gehiago dituzte. Euskadiko etxebizitzen %16a berehalako birgaitze lanen beharrean dagoela onartzen da ofizialki. Aldi berean kontutan hartzekoa da, batez ere zahartzaro luzeago bateratz egingo duen gizarte batetan, hiru solairu baino gehiago dituzten eraikinetako %65ak ez duela igogailurik.

2006-09 Plan Zuzentzaileak, hirurteko horretan, 66 milioi € bideratu zituen eraikin eta etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzetara. 2010-13 Plan berriak, helburu berdinerako 85 miloi € aurreikusten ditu, eta birgaitze jardunen emaitza bezala 2.800 etxe berri agertzea espero da. Zenbateko hau lotsagarri geratzen da beste “birgaitze” operazio isolatu batekin alderatu ezkero, “San Mames Barria”-rena alegia, 211 milioi €-ko aurrekontuarekin abiarazi baita.

Eraikin eta auzoen birgaitzea, oso premiazkoa da katalogatuta dauden 69 alde zaharrentzako, urte hauetako hirigintza planen zabalgunerako jardunen inertziak eragindako utzikeria dela eta. Hirigintza araudian aspaldidanik aurreikusita dauden bitartekoak erabili behar dira, berehala: eraiki gabeko orubeen errolda, birgaitzerako betebeharrak uzteagatik desjabetze-zigortzaileak,…eta antzinako auzo hauetan gizarte biziberritzerako inbertsioak abian jarri (eta ez horrenbeste monumentukeri). Gauza da, portu onera heltzeko, birgaitzerako aurreikusitako inbertsio urriak (86 milioi € dirulaguntzetan + 55 milioi € auzo biziberritzerako) konpentsatu egin beharko zirela, aldiz, logela-auzoetan eraiki beharreko etxe berrietarako gordetako dirutzarekin (nahiz eta BOE izan), 1.500 milioi € hain zuzen. Aldea nabarmenegia da, Jaurlaritzak propaganda gisa adierazten duen birgaitzearen aldeko politika aldaketa sinestu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude