Urbs, polis eta civitas (II): proposamenak berehala gauzatzeko


Hiritarren
partaidetza-erabakitzailea mahai-gaineratzen den bakoitzean, beti
agertzen dira aitzakiak eta oztopoak baino ikusten ez dituztenak.
Adituen demokrazia” zaleak dira hauek. Argudioa oso ezaguna da:
hirigintza eta kontratazioaren aferak hiritar arrunt batentzako gai
teknikoegiak direla, alegia. Ba, begira zuon ingurura, zuen herri edo
hiriko udal zinegotziei, eta ea nork egiaztatu dezaken, hiritar
arrunten prestakuntza eta maila kultural ertainaren gainetik
daudenik… ezetz ausartu. Bestalde, adituek proiektu baten inguruan
hitz egiten dutenean, eurak ere, gehienetan, ez dira ados jartzen,
beraz…

Hirigintza
parte-hartzailetik, gizarte-erabakira

Hirigintza
plangintza arautzen duen legedia aspaldidanik dabil partehartzearen
erretorikarekin. Azken adibidea Euskadiko Lurzoru Legean aurkitu
dezakegu, 2/2006 Legean. Baina oinarri orokorren adierazpenek (8
artikulua), ez dute erabaki prozeduretan benetan hiri-civitas delakoa
ezartzera eramaten. Horren adierazle da 109 artikuluak eratzen duen
batzordeari ematen dion aholkulari izaera mugatua, edota, azkena,
herri kontsulta “Planean
sartutako konturen bati
buruz herritarren artean eztabaida larriak daudenean

bakarrik aurreikusten da.

Herritarren
ekimen zuzena eta herri kontsulta

Baina
legegile autonomikoaren ikuspegi atzerakoi hau, Estatuko legedia
berritik zuzendu daiteke (egin kontu). Hain zuzen ere, 2008.ko
Estatutuko Lurzoru Legeak, xedapen gehigarrien bitartez, Udal
Araubidearen Oinarrizko Legea (7/1985 Legea) aldatzen baitu. 70.bis
artikulu berri bat ezartzen da, eta haren
aginduz, Udalek, hiritarren partehartze benetakoa gauzatzeko
prozedurak eta organo egokiak eratu behar dituzte. Are gehiago,
hiritarrei zuzenean onartzen die ekimen araugilea, sinadura
bilketaren bitartez, eta ekimen honek herri kontsultaren proposamena
eduki dezake, barne. Azkenik, Alkatearen esku dago betiere (Osoko
Bilkuraren onespenarekin) udalaren eskumenean dauden gaiei buruzko
herri kontsulta deitzea (71 artikulua), eta hirigintza planeamendua
bete-betean dago horien artean (25.1.d artikulua).

Aholku
Batzordearen legezko izaera mugaraino eraman

Erkidegoko
Legeak aurreikuspen mugatua ematen badio ere, ezin da Batzorde
Aholkularia erabat baztertu. 110 artikuluak, Udalari uzten dio
batzorde honen eraketa eta funtzionamenduari
buruzko araudia onartzea. Beraz, Udal bakoitzaren borondatean
geratzen da eskumen zabalago eta erabakigarriagoak ematea. Paper
interesgarria bete dezake Plan Orokorrak izaten dituzten zatikako
aldaketa ugari eta batzutan susmagarriak eta Plan Partzialak
soka-estuan jarraitu eta aztertuz.

Egitasmoak
baloratzeko epai-mahaiak

Gainera,
hirigintzak eta kontratazioa publikoak bat egiten dute, plangintzaren
gauzatzearen ekimena erakunde publikoak bere gain hartzen duenean.
Orduan, Sektore Publikoaren Kontratazioari buruzko Legeak (30/2007
Legea), egitasmoen lehiaketaren bitartez bideratzen du kontratazioa,
eta esleipena epai-mahai baten bitartez egin behar dela ezartzen du
(168 artikulua). Epai-mahai honetako kideen 1/3-a gutxienez,
teknikoek osatu beharra dute (172 artikulua). Horrek esan nahi du,
beste 2/3-ak ez dutela nahitaez profil hori izan behar. Konposaketa
osoa, Kontratazio-Organoa deiturikoaren esku dago (Udal
Aurrekontuaren % 10 tik beherako kontratazioetan Alkatea, eta
gainerako beste guztietan Osoko Bilkura). Epai-mahai honek hartzen
duen erabakiak, kontratazio organo hori lotzen du. Kontrako
erabakirik hartu nahi izan ezkero arrazoitutako ebazpena aurkeztu
beharko du -172.8 artk- eta beraz auzi-bidean errekurritzeko moduko
ebazpena izango da, arbitrarikeria salatuz.

Kontratazio
Publikoa: Kontratazio Mahaia hiritarrei irekia

Kontratazio
Publikoak hiriaren egituraketan eta bizi kalitatean izugarrizko
eragina du (agerikoan ikusten dena baino gehiago diru asko maneiatzen
baita) eta gainera ustelkeriaren beste “arrisku gune” bat ere
bada. Kontratazioaren erabakitze prozeduretan, Kontratazio Mahaia
deiturikoak, ohikoa baino jardun printzipalagoa izan dezake. Organo
hau antzinatik ezaguna da (1911 urteko Administrazio eta Ogasun
Publikoaren Kontabilitateari buruzko Legetik), eta arlo honi buruzko
lege guztietan agertu izan da. Asuntoa da, beti eman nahi izan zaiola
erakunde barruko izaera tekniko arruntaren izaera. Legeak, ordea,
bestelako bideak hartzea ere ahalbidetzen du, edo behintzat ez du
debekatzen. Gainera, Auzitegi Gorenak aspaldi ebatzia du (1987/05/07
epaia) “Mahaia ez da sekulan ere eskaintzak aurkezteko eta plikak
irekitzeko baino balio ez duen postontzi xume bat”.

Legeak
(Sektore Publikoaren Kontratazioari buruzko 30/2007 Legea) bere 134
artikuluan zerrendatzen dituen eskumenak eta zereginak ikusita,
hausnartu daiteke norainoko kontrol maila bereganatu dezaken Mahai
honek. Prozeduraren konplexutasun teknikoa legearen aginduz Mahaiko
berezko kide diren udal funtzionario biren ardurapean izango
litzateke, Udal Idazkaria eta Kontu-hartzailea. Beraz, gainerako
kideak benetako muinean arituko lirateke, eskaintzen balorazioa egin
eta prozedura osoa publiko zabalaren aurrean eginez, gardentasuna
bermatzea, alegia. Kideak izendatzea Osoko Bilkuraren esku geratzen
da (Bigarren Xedapen Gehigarria), eta legeak udal ordezkariez ari
bada ere, ez du bestelako aukerarik baztertzen ez debekatzen,
ondorioz, hiritarrak ere kide izateko gaitasun osoa izan ditzakete
(zozketa bidezko sistema batekin adibidez). Kontratu txikien kasuan
ere (azken aldi honetako berrien arabera ustelkeriaren gune dena),
legeak, Osoko Bilkuraren esku uzten du Kontratazio Batzordeak
deiturikoak eratzea.

Hortaz,
laburbilduz, egun indarrean dauden legeak hainbat bide uzten dituzte
irekita, gauza da, borondate politikoa erakutsi eta bideok gauzatu
behar dituztela egungo herri borondatearen ordezkatzaile diren
agintariak… ah !!!

Iruzkinak (1)

  • aldiri
    Unai Fdz. de Betoño says:

    Udal-Plangintzako Aholku Batzordearenak oso polita dirudi, baina 109. artikuluko 3. puntuak gauzak bere lekuan uzten ditu: “horiek [batzordearen proposamenak] ez dira lotesleak herri-administrazioentzat”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude