2008/07/16 21:24:34.691 GMT+2
Hirigintza Plangintzak,
lurraldearen antolamendu integrala osatu behar duela sarritan adierazi dugu
blog honetan. Aldiz, plangintza egileek arkitektura morfologiaren marapiloetan
zentratu dira nagusiki, Urbanistika bera, jakituria esparru baten mugatu
nahian, arkitekturarena alegia. Baina aspaldi honetan, kontzeptuen dialektikan
baino ez bada ere oraindik, Hiria, Sistema modura analizatzeko ikuspegia
nagusitzen ari da. Horrela, adibidez, hiriaren mugei buruzko eztabaida sortu
da, eta hiriguneak bere inguruarekin “eraikitzen” dituen menpekotasun,
zerbitzu, elkarkidetza,… modu desberdinetako erlazio motak aztertzen hasi da.
Ohizko Hirigintza eskola
tradizionalarentzako, Hiriaren mugetatik at dagoena, “hiri erreserbarako
eremuak” baino ez dira, hau da, bihar edo etzi, hiriak bere zabalguneak
ezartzeko aurreikusita zituen eremuak. Honen ondorioz, lur eremu honek bere
izendegian ere, hirigunearekiko menpekotasuna adierazten du: Lurzoru Urbanizaezina.
Urbanizaezintasun hau, dena dela ere, denporan zehar eta hirigunearen interesen
arabera, aldagarria zen sailkapena izatera mugatu zen: gaur sailkapen hori
jasotzen zuen eremua, bihar bertan, urbanizatze prozesura erakarri litzeteke,
besterik gabe, bere funtzio bakarra hori baino ez delakoan.
Lurralde estrategia mota
honek, eta zehazki gurea bezalako hiritartze dentsitate altuko herrialde
batetan, euskal-urbearen gailentzea ekarri dezake epe laburrean.
Aldiz, beste Hirigintza
eskola bat ere hasi da bere diskurtsoa sendotzen. Urbanistika, ikuspegi
holistiko batetik lantzen duena, alegia, eta Hiria eta Lurraldea Sistema osatu
bat bezala analizatzen dituena (oroitzapena hemen, Javier Garcia Bellido
handiari eta bere “Coranomia” tesia). Ikuspegi integral honen ardatzen arabera,
eremu bakoitzak bere zeregin berezkoak lituzke Lurralde Sisteman, eta zentzu
honetan, Landa-Lurrak ingurumen zerbitzu ezinbestekoak ekoizten ditu (ura,
elikagaiak, bestelako lehengaiak,…) eta hiriaren insumo kutsakorrak birziklatu
(airea, bionaiztasuna, paisaia, aisialdia,…) Beraz, Urbanistikaren dialektikan,
Lur Urbanizaezina sailkapenaren esanahi mugatutik, Landa-Lurra kontzepturanzko
ibilbidea sustatzea proposatzen du.
Urbanistikaren arlo
juridikoak ere bere ekarpenak egin ditu norabide berdinean, eta, Auzitegi
Gorenak oraintsu (2008 urtean) eman duen epai bat nabarmenduko dugu, honako honetan. Epai
honen txostengileak jarri duen arreta kontutan hartuta, batez ere zentzu bereko
Auzitegi Nagusi beraren aurreko epaien aipamen zehatza egiterakoan, esan
daiteke, Landa-Lurra kontzeptu juridiko-urbanistikoaren aldeko doktrina
finkatzen duen mugarri baten aurrean gaudela.
Epaia, Balear Irletako
helegite bat hartzen du aintzat (edo aitzakiatzat), eta Auzitegi Gorena azken
hamarkada honetan finkatzen joan den jurisprudentzia zerrendatua eguneratzen
du. Laburbilduta, Landa-Lurraren doktrina honen adierazleak honako hauek
lirateke:
1.- Urbanizaezina
sailkatua dagoen eremu baten sailkapen aldaketak (urbanizagarri bihurtzeko) berebiziko
arrazoitzea eskatzen du. Eremu horrek dituen ingurumen, nekazal, paisaia…
izaerako balioak babesteko irizpidea aldatzeko, zein garrantzidun interesa
publiko gailendu behar den justifikatu beharra dago. Gainera, kontutan izanda, Legearen
aginduz, hirigintza funtzio publiko bat dela, Herri Administrazioari dagokio
erizpide aldaketa horretarako frogak aurkeztea.
2.- Babes Bereziko
eremuetan (ekologia, ondare kulturala,… babesteko) plangintzaren arduradunek ez
dute erabakimen askerik; aldiz, eremu horren ingurumen egitateak lotzen ditu
sailkapen urbanistikoa ezartzerakoan.
3.- Plangintzagilearen
“ius variandi” deritzonak, muga zehatzak ditu, hain zuzen ere, eremu horrek
dituen ingurumen, nekazal edo baso balioak ezartzen dutena. Balio horiek
badirela egiaztagarri den neurrian, lurzoru hori, derrigorrez Babes Bereziko
Lurzoru Urbanizaezina bezala sailkatu beharko da. Esan daiteke,
hiri-lurzoruarekin gertatzen den bezala, legez agindutako sailkapen bat dela,
hau da, ez dagoela aukerarako tarterik.
4.- Babeseko Sailkapen
hori aldatu nahi baldin bada, urbanizagarri bihurtzeko, modu arrazoitu eta
egokian justifikatu beharko da, babes hori jaso zuenean ez zirela benetako
balioak existitzen edo gerora desagertu egin direla, eta guzti hau, onargarri
diren xede juridikoen ondorioz bakarrik gertatu bada (por causas jurídicamente
atendibles).
Egitan, Epai hau gogoan
edukitzeko horietakoa bada (hemen epaia osorik)
Nork: hiripublika.2008/07/16 21:24:34.691 GMT+2
Etiketak:
hiripublika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/06/24 21:56:35.279 GMT+2
Noizbehinka, Jaurlaritzako Etxebizitza sailak, nolabaiteko “globo zunda”
deitzen diren horietakoen artean jakinarazi ditu, bazuela etxebizitza duin bat
izateko hiritarrok Konstituzio bidez dugun eskubidea bermatuko luken Lege
egitasmo bat. Aspaldi honetan baina, zokoratuta edo duela ematen du (agian
denek agintaldia bukatutzat ematen ari direlako, edo). Bada Lege aurre-egitasmo
horren testu artikulatu bat bueltaka gune batzuetan, Etxebizitza
Sailburuordeak bere blogean du argitaratua, besteak beste, eta hona ere esteka
bidez ekarri nahi izan dugu. Aurreproiektuaren testua
Aurre egitasmoan nabaritu daitezken arautze saioak honako hauek lirateke:
- Etxebizitza premia duen hiritar orok, eskubidea izango luke
etxebizitza duin bat izateko eskubidea bere Udalaren bitartez gauzatzeko
exijitzeko (6 artk).
Beraz, honek esan nahi du, Udalak etxebizitza politika sozialen lehen
arduradunak bihurtzen direla ( 5 eta 12 artk). Beraz, hirigintza plangintzarako
beti eskatu duten autonomia horri, eta orain EEA-ko 2/2006 Hirigintza Legeak onartu
diena (7.000 biztanletik gorako Udalek eurek ematen diete plangintzari behin
betiko onarpena), hiritarren aurreko erantzukizunaren zama dakar bueltan.
- Eskubide hau bermatzeko epemuga bat jartzen da: 2012 urtea. Epemuga hori
gaindituta, eskubidea gauzatu ezean, hiritarrak epaitegietara jo dezake.
- Eskubide unibertsal hau benetan bideratzeko, Herri Administrazioek
Etxezibitza Zerbitzu Publiko berri bat
sortzen dute (14 artk) eta Udalek behartuta daude alokairura bideratutako etxe
parke publiko bat sortzera ( 23 artk), nahiz eta Kohesio Sozialaren ardura osoa
Erakunde Publiko guztien artean banatzen den.
- Etxebizitzen erabilera antisoziala arautzen da, eta modu berezian hutsik
dauden etxeak (89 artk eta hurrengoak).
Lege egitasmo honen testua irakurrita, Europa mailan jada indarrean diren
norabide antzeko beste Lege batzuk ekarri digu gogora. Honekin esan nahi dugu,
noizbait aurkezpen ofiziala izaten baldin badu, “erradikalegitzat” hartuko
luketen horiek euren legegintza kultura eza, edo bestela, fede txarra utziko
luketela agerian.
Horrela, politika sozial honetan, aitzindaritzat hartu daiteke Eskoziako
legebiltzarrak 2003 urtean onartu zuen “Homelessness Act” (etxegabeziaren legea).
Lege honek, berrikuntza bezala, Herri Administrazioari “emaitza lortzeko
betebeharra” ezartzen zion. Beraz ez zen adierazpen huts bat, eta horrela,
derrigortasun honen ondorio bezala, epaile baten aurrean eskubidea exijitzeko
prozedura bermatu zen, lehen aldiz.
Baina deigarriena, Eskoziako Gobernuaren konpromisoa aurrekontuetan nola
nabarmendu zen jakitean agertzen da. Legea indarrean sartu zenetik, hurrengo
hiru urtetan zehar, bertako Barne Produktu Gordinaren % 1,5 inbertitu du
etxebizitza politika sozialetan.
Eskozian, Alderdi ezkertiarrek bultzatuta onartu bazen Lege hau,
paradoxikoki, lerro nagusietan antzeko den beste lege bat onartu zen 2007
urtean Frantziako Estatuan, eskuina gobernuan zela. Villepin gobernu-buruak,
eta hiri nagusien suburbia txiroetan
eman ziren istiluen ondoren, etxebizitza eskubidea bermatzen zuen legea bultzatu
zuen, baita. Frantziako Legean, Gobernuari 2008 urtea jartzen zaio epe muga
bezala, premia larrian daudenei eskubidea benetan gauzatzeko, eta bestelakoei
2012 urterako burutu beharko die. Horrela, mugaren bestaldean, etxebizitza
eskubidea, osasuna eta hezkuntza eskubideen parean jarri da. Are gehiago,
berriki, epaile batek, jada, gobernua errudun epaitu du, langabezian zegoen ama
baten kasuan, eta behartu egin du legean bermatutakoa betetzera.
Europatik zeharkako errepaso honekin amaitzeko, Espainiar Estatuan bertan
ere, Katalunyan zehazki, igaro zen Abenduan bertako Parlament-ak, hemen azaldu
ditugun antzerako Legea onartu zuen (Abenduak 28.ko 18/2007 Legea).
Beraz, propaganda ofizialak Konbergentziaz hitz egiten digunean, eskubide
hau ere lerroburuetan agertarazi beharko luke.
Aipatu dugun Euskal Autonomi Erkidegoko Lege aurre-egitasmo hau, hori
berori baino ez da oraindik ere:
aurre-egitasmo izateak, esan nahi du, oraindik ez dela Etxebizitza Sailetik
atera, alegia, ez duela Gobernu Kontseiluaren oniritzia (eta susmo osoa dago ez
dela sekula aterako). Dena dela, egi gordina modu autokritikoan onartuta,
gizarte zibila deitzen dena modu oso ahulean agertzen zaigu; eta edozein
politika sozialetan gertatzen den modura, premian dauden guztiek ezinbestekoa
den bultza egin ezean…. kontrako interes taldeak nagusi …. beti.
Informazio-formazio gehiago adibidez hemen "kepasakonlakasa"
Nork: Hiripublika.2008/06/24 21:56:35.279 GMT+2
Etiketak:
hiripublika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/15 18:57:39.396 GMT+2
Azken urteotako posmodernismo urbanistikoak,
pentsamendu korronte horri dagokion bezala, kontzeptu eta kategorien nahasmena
ekarri digu gurera ere. Horren adierazle izan da, Hiriaren Birgaitze bezala
aurkeztu izan zaiguna (Bilboko “urrezko etorbidea” adibide) eszenatoki ertzi
batetan eginiko arkitektura espektakulua baino ez da izan (Situazionistak
sortutako “espektakuluaren gizartea” esanahian); ez baitu Hirian benetako
krisian dauden eremuetan eraginik izan.
Arkitektura eszenatoki hauen ondorena dator orain,
antzemanda marketin instituzionalaren horrenbesteko aipamena jaso izan duten
esku-hartze arkitektonikoak, agerian utzi dituztela hiriguneek gaur egun
dituzten sakoneko arazoak: gizarte bereizketa eta bazterketa, etxebizitzaren
garestitzea, ingurumen eta osasun publiko arazoak,… Estalki ederrenak ere ezin
ditu oinarrizkoak diren arazoak sekula ezkutatu. Izan dira urte hauetan
“markadun” arkitekturaren zarataren pean entzunarazi nahi izan diren ahots
kritikoak, baina gor-itsuarena egin beharra zegoen, bizi genuen erakustaldi hauen
aurrean “aldeanoa” zelako traban ibiltzea.
Azkenean, krisi egoerak gainezka egin du,
ezinbestean. Hori da hain zuzen ere, modu kritikoan Leipzig-eko Gutun honek
nabarmendu nahi duena. Gutuna (Charter ingelesez originalean), Alemaniak
Europar Batasunaren lehendakaritza bere esku zuen sei hilabetekoan landu zen,
eta Leipzig Hirian sinatu zuten Estatuetako ordezkariek (2007/05/24).
Gure Hiriak babestu, sendotu eta garatzen
jarraitzeko garapen iraunkorraren hiru dimentsioak izan behar dira kontuan: aurrerabide
ekonomikoa, gizarte oreka eta ingurumen osasungarria. Bestela, epe luzera, “Hiriek ezin dute gizarte garapen eta hazkunde
ekonomikoaren bultzatzaile izan, ez badira gai hiri barruko eta inguruko
gizarte oreka mantendu, kultura aniztasuna babestu eta ingurumen eta hirigintza
kalitate maila altu bat ezartzeko ”.
Gure artean gauzatzeko alderik zailena, Gutunak
ezartzen dituen Erakundeen arteko, eta bertako kide direnen erantzukizun maila
exijitzea izango da. Gutunak, Gobernu maila desberdinen arteko elkarkidetza
jartzen du kezka nagusi bezala, eta adi, zeren, pertsona arduradunen beharrezko
prestakuntza profesionalari ere eragitera heltzen delako !!!
Gutunak, bi ardatz nagusitan sakontzen du, eta ikusiko
dugunez hemen nagusitu den ereduak (arkitektura esku-hartze soilarena), beste
norabide kontrajarri batetik garamatza. Gauza izango al gara azken urteotako
inertziak berbideratzeko ?:
Gutunak bi ardatz nagusi eta zazpi ekintzarako
estrategia ezartzen ditu:
1.- Hiri garapenaren politika integratuaren
ikuspegiak gehiago erabili.
Zer esan nahi du honek?, ba kontutan izan behar
direla, une berean eta ekitate zentzu batean, koordinatu beharreko espazio,
sektore eta epeei dagozkien arloak. Ezin da bakarrik hiri barnea aintzat hartu,
edo hobeto esanda hirigune handiak bakarrik. Hiria, bere inguruko landa
eremuarekin, eta hiri txikiekin, berdintasun maila baten oinarritutako lankidetza
batera lotu behar da.
Hiri politika integratu hau, hurrengo estrategia
hauetan gauzatu behar da:
a) Kalitate bikaineko espazio publikoak sortu eta
sendotu.
b) Azpiegitura sareak modernizatu, energia
eraginkortasuna hobetzearekin batera.
Arlo honetan, oinarrizkoa da, hiriaren espazioaren
plangintza egoki batetik hastea, hiriguneen hedapen erotua ekidatuz, eta
horretarako lurzoru horniketaren eta espekulazioaren hazkundearen kontrol estua
ezarri behar da. Zentzu honetan, eredugarri gertatzen da, hiri eremuan erabilpen
anitzak elkarrekin ezartzea (etxebizitza, lantokiak, merkataritza, zerbitzuak).
c) Berrikuntza ekintzaileak eta hezkuntza politika.
2.- Hiriaren osotasuna hartuz, gabezian dauden
auzoei arreta berezia eskaini behar zaie.
Hiriek bizi duten arazo nagusia, bertan gertatzen
diren desoreka sozio-ekonomikoak dira. Gainera ez badira sasoiz bideratzen,
desoreka hauek, bazterketa soziala eragiten dute. Gizarte kohesioa eta
integrazio soziala lortzeko helburuan, etxebizitza politika sozialak ezinbestekoak
dira.
Helburu hau lortzeko, hurrengo ekintzarako
estrategiak ezartzen dira:
a) Ingurumen fisikoa, hau da, eraikinen egoera,
osasuna, eraginkortasun energetikoa… hobetzeko estrategiak bilatu.
b) Hiri mailako ekonomia eta lan politikak sendotu.
Zentzu honetan, suspertu egin behar dira gizarte ekonomia eta hiritarrari
zuzendutako zerbitzu publikoak.
c) Hezkuntza eragilea eta gazteei zuzendutako
heziketa politikak.
d) Hiri garraio publiko eraginkor eta eskuragarria
sustatu.
Nork: Hiripublika.2008/05/15 18:57:39.396 GMT+2
Etiketak:
hiripublika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/01 20:51:36.849 GMT+2
Gure Hirigintzaren azken urteotako historia, erabateko hazkundekerian
eroritako kronika bat da, hirigune berrien eraketan zentratuta. Gaur egun
aldiz, hirigintza, garapen eusgarria edo iraunkorraren betebeharretara lotu
behar da, hazkunde horren eraginak murriztuz, eta dagoen hiriaren birgaitzearen
aldeko apustua eginez. Europar Batasuna norabide horren alde egiten ari da,
adibidez, Europako Lurralde Estrategiaren bitartez, edo oraintsuago Hiri
Ingurumenaren gaineko Arloko Estrategiari buruz Batzordeak prestatu duen
Jakinarazpenean, eta Europako Hiri Iraunkorrei buruzko Leipzig-eko Gutuna.
Azken tendentzia, hiribilduaren aldekoa da, eta urbanizazio sakabanatuaren
arriskuak azpimarratzen ditu: ingurumen kalteak, gizarte bazterketa eta
energia, eraikuntza eta azpiegituren eguneratzeak sortzen dituen ekonomi
kostuak. Lurzorua, gainera, aktibo ekonomikoa izateaz gainera, natur baliabidea
da, urria eta berritu ezina. Ikuspegi honetatik, landa-lur osoak du aintzat
hartzea merezi duen ingurumen balore bat, eta lurzoruaren liberalizazioa ezin
da lur-sailkatze neurrigabeko batetan oinarritu, aldiz, beharrizan ekonomiko
eta sozialei bere neurrian erantzungo dion erantzukizun osoz egindako lurzoru
hirigarriaren sailkatzea da bidea. Hiri lurzoruak, eraikitako hiriak alegia,
badu ere bere ingurumen balorea, kultur sortze kolektibo bezala, eta etengabe
eraldatuz doana, eta horrenbestez, haren gaineko plangintzak birgaitzea eta
erabilpen anitza sustatu behar du.
Aurreko bi pasarte hauek ez dira literatura urbanistiko hutsa, Estatuko
Lurzoruari buruzko 8/2007 Legearen Zioen Azalpenetik hartuta daude. Bere
aldetik., EAE-ko Lurzoru Legeak ere, bere Hirigintzaren Oinarrien artean,
lehena, Garapen Iraunkorrarena ezartzen du. Hiri-garapenerako irizpide bezala,
lurzoruaren okupazioa eusgarria izan behar dela ezartzen du, hortaz,
“hazkundeari ekin aurretik, lehentasuna izango du beti lurrak birgaitzeko eta
leheneratzeko lanak, berriz erabiltzeko moduan egon daitezen. Horrela, batetik,
gune urbanoak barreiatu eta sakabanatzeko joera baztertuko da; bestetik,
lurraldeak bere oinarrizko funtzioari eutsiko dio; eta bestetik, erabilerak eta
jardunak era askotarikoak izanik, espazioan egokiro uztartuko dira, jendea
ahalik eta gutxien mugiaraziz” (3 art).
Hirigintzaren Eusgarruitasun edo Iraunkortasuna
| EAE |
Nafarroa |
Estatua |
| 3 art |
4 art. |
2 art |
Estatuko Legeak, bere 15 artikuluaren aginduz, Hirigintza Planeamendua
Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterketa osatzera behartzen du, hau da
Apirilaren 28.ko 9/2006 Legeak ezartzen duen prozedura. EAE-n 183/2003
Dekretuak arautzen du, baina halabeharrez gaurkotu egin beharko da (noizko
auskalo….), ze Estatuko Legeak helburu eta araudi zorrotzagoa ezartzen ditu.
Adibidez, oso garrantzitsua eta Europar Batzordeak eta Auzitegi Nagusiak orain
arte sarri exijitu dutena (2001/42/CE Arteztarauak horrela aurreikusten
zuelako) , “Zero Alternatiba” delakoa ere neurtu egin beharko da (hau da,
plangintza eta egitamua ez gauzatzearena).
Gainera, hiri plangintza berri bat onartzeko dokumentazioaren barne,
urbanizazio berri horren ondorioz sortu edo ezarriko diren azpiegitura berriak
Udal Ogasun Publikoari eragingo dioten kostuaren Memoria landu beharko da. Amaitzeko,
nobedade nabarmena izango dena, Elkarte Autonomoko Legediak ezarri behako duen
epemugan (zain dagoen beste enkargu bat Jaurlaritzan), Udalek, euren hirigintza
plangintzaren burutze mailaren jarraipenari buruzko txostena aurkeztu beharko
dute, ingurumen eta ogasun-ekonomiaren iraunkortasuna neurtuz.
Baina dena dela, ez da ahaztu behar, Oinarri eta Azterketa hauek Legearen
zehar duten garapen urria, eta azken finean oraindik ere orokorregi lantzen
direla, eta erabaki organoen diskrezionalitatea eremu zabalegietan mugitzen dela.
Ordea, honek ez du esan nahi, Legearen alde hauek eraginkorrak ez direnik,
eta urratu ezkero, ezin direnik auzi-bidean defendatu. Jurisprudentziaren
doktrina da, Hirigintza arloan Udalek diskrezionaltasun eremu bat dutela, baina
Auzitegi Konstituzionalak ere finkatua du, aukera desberdinen arteko hautatze
ahalmen hau, epaitegi eta auzitegien legalitate kontrolpean sartzen dela. Arlo
teknikoetan sartzeak dakarren zailtasunak, ezin duela hirigintza plangintzaren
eskumena, Konstituzioaren 24 artikuluko berme judizialaren oinarrizko
zereginetik kanpo utzi. Hautatze diskrezionalaren eremuak, arbitrarietatean du
bere muga; Konstituzioaren 9 art eta Herri Administrazioen Araubidearen 30/1992
Legearen 41 artikuluen aginduz, erabaki arbitrarioak legez kanpokoak bait dira
edozein kasutan.
Hortaz, Plangintzaren bitartez hautatzen diren hiri-ereduak beti izan behar
dira arrazoituak, eta Legean bertan idatzita dauden Oinarriak ezartzen dituzte
eskumen eremu horren mugarriak. Aipatu ditugun, bai bertoko zein Europa mailako
Erabakiak, Gutunak, Estrategiak… Udalen hautatzeko ahalmena norabidetu egiten
dute, ezinbestean; gero eta zailagoa gertatzen da Eusgarritasun edo
Iraunkortasun Oinarri hauetatik aldentzen den hiri-eredu hautaketa bat legalitate
barruan arrazoitzea. Auzitegi Gorena aspaldi hasi zen Udal Plangintzak
indargabetzen, adibidez, Plangintzaren Memoria oso eskasa aurkeztegatik, edota
alternatiba desberdinak ez aztertzeagatik,…hain zuzen ere diskrezio-hautatze vs
arbitrarietate doktrina hau aplikatuz.
Hiri ereduen Iraunkortasunari buruzko irizpide, adierazle,… neurgarriak
zenbat eta zehatzagoak bihurtu orduan eta nabarmenago gertatuko dira
arbitrarietate hutsean diseinatutako hiri eredu eutsi ezinak. Blog honetako
aurreko artikulu baten, Kataluniako Dekretu baten aipua egin genuen, hiri
hazkunde berriak sortaraziko luketen mugikortasun premiak neurtzera behartzen
zuena, oso adierazle neurrigarriak aurreikusita. Hori da bidea, hirigintza
eusgarri-iraunkor baterako, azken finean hiri bizigarriak antolatzeko, hiri-ingurumena
eta bizi kalitatea eskutik batera doazela aintzat hartzea, alegia.
Nork: hiripublika.2008/05/01 20:51:36.849 GMT+2
Etiketak:
hiripublika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/17 21:25:08.780 GMT+2
Hirigintzaren Hamar Aginduei buruzko artikulu sorta honekin jarraituz, Udal
Hirigintza Plangintzak, sozial arlotik aintzat hartu behar dituen aginduak eta bete
behar dituen helburuak aztertuko ditugu, oraingo honetan. Arlo sozialean,
dudarik gabe, hiritarron oinarrizko eskubidea den etxebizitza duin eta irisgarri
bat izateko helburua gauzatzea dago, eta baita ere ahaztu gabe, Aginte Publikoek
espekulazioari aurre egiteko duten betebeharra.
1) Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea gauzatzeko
ahalmenak
Konstituzioaren 47 artikuluak, hiritar guztioi etxebizitza duin, egoki eta
irisgarri bat izateko eskubidea onartzen digu, eta Aginte Publikoei (beraz,
hiru aginteak deitzen ditu- Legebiltzarra, Exekutiboa eta Judiziala-) eskubide
hori gauzatzeko agindua ematen die.
Lurzoruaren politika publikoak hartu izan du bere gain orain arte eskubide
hau gauzatzeko ahalbideak jartzea, eta hor dago, orain arteko porrotaren gakoa.
Beste politika publikoak ez bait dute inolako ardurarik hartu; alderantziz,
justu kontrako politikak bideratu dituztela baieztatu daiteke: politika
fiskalaren kasua, edo larriagoa oraindik, ekonomi sustapenerako politikak beti
hartu du auzitan Hirigintzatik “eskuartze eta araudi” gehiegi jartzen
zitzaizkiola ”lurraren merkatuari”.
Baina tira, oraingoz, goazen Lurzoruari buruzko legediak ze bitarteko
eskaintzen dituen.
Aspaldidanik ezaguna den teknika, Plangintzan ezarri beharreko estandarrena
da. Hau da, Legearen aginduz, derrigorrez, Udal plangintzaren bitartez
hiritartuko diren lurzoru sektore berrietan, sustapen edo babes publikodun
etxebizitzak egiteko “gorde” beharreko eraikigarritasuna. Etxebizitza publikoen
sustapenaren eskumena Elkarte Autonomoetara bideratuta dagoelarik, alde asko
dago, bata eta besteen artean. Estatuko legediak, minimo bat jarri berri du: %
30; EAE-n eta Nafarroan, Legearen alde formaletik baino ez bada ere, kopuru
horiek gainditzen dira.
| EAE |
Nafarroa |
Estatua |
% 75 lurzoru hirigarrian % 40 finkatu
gabeko hiri-lurzoruan (80 art) |
% 50 (52 art) |
% 30 ( 10 art) |
Ñabardura interesgarri bat egin beharra dago, EAE eta Nafarroaren arteko
estandar honen errealitatean. Horrela, Nafarroan, Udal guztiek dute etxebizitza
publikorako estandar hau ezartzeko betebeharra, baina, EAE-n, aldiz, 3.000
biztanletik gorako Udalek baino ez daude Legez “lotuta”. Atentzioa deitzeko
moduko bereizketa, batez ere, herri txikietan bizi direnentzat. Zein
justifikazio sozial du EAE-n egiten den herri txikienganako bereizketa honek?
2) Lurzoru Ondare Publikoak
Legeak, etxebizitzaren gaineko eskubidea gautzeko aspaldidanik sortutako
tresna bat da, (1976.ko Lurzoru legetik dator), baina agian, Udalengandik
iruzur gehien pairatu duena ere izan da.
Legearen aginduz, Udal guztiek dute Lurzoru Ondare Publiko bat eratzeko
agindua. Gainera, Ondare hau, Udalak dituen beste ondasun guztiengandik aparte
eratu beharra dago, betetzeko helburu zehatzak bait ditu: nagusiki, babes
publikodun etxebizitzak eraikitzea.
Zein ondasunek osatzen dute, Ondare bereiztu hau: Plangintzaren
egikaritzean lortutako lursail eta eraikigarritasun eskubideak (gutxienez legez
agindutako plusbalioaren % 10); erositako, trukatutako edo desjabetutako lurrak;
Udalaren urteko aurrekontutik bideratu beharreko % 10, eta beste batzuk… Beraz,
oinarria da, hirigintza ekimenetatik jasotako diru edo ondasun sarrerak, ezin
direla Udalaren beste zeregin edo egitamu batzuetara desbideratu; hirigintza
jarduera publikoak eragindako plusbalioak, lehentasunez, etxebizitza
eskubidearen aldeko politikak egiteko berrinbertitu behar direla ( beste bigarren
mailako helburu zilegi batzuk: hirian dauden degradatutako guneen birgaitze
obrak, interes publikoko jarduera ekonomikoetarako lurzorua edo udal ekipamendu
publikoak).
Epaitegiak sarritan jaso dituzte Ondare Publiko bereiztu honi, eta batez
ere Legez ezarritako helburuei Udalak berak egindako iruzurren gaineko
salaketak. Diru asko mugitzen da eta…
| EAE |
Nafarroa |
Estatua |
| 111 art eta hurren |
223 art eta hurren |
33 eta 34 art |
3) Espekulazioaren aurkako neurriak
Lurzorua baliabide natural eta urria da, eta gainera, ekonomilari erratuen
iritziaren kontra, inoiz ez da izango konpetentzia perfektua lortuko duen
merkatua, beste arrazoi potoloen artean, “merkantzia” ezin delako garraiatu eta
gainera, duen balioa, kokapenak berak ematen diolako. Hemendik helduta,
baliabide urri baten balioa puzteko, gordetzea eta ez merkaturatzea da
estrategia primarioetako bat.
Dena dela, azken urte hauetan, inoiz baino lurzoru gehiago urbanizatu eta
etxe gehien eraiki arren, eta teoria ekonomiko guztien kontra, azken produktua
(etxeak) inoiz baino gehiago garestitu da, aldi berean. Baina, adi, horrek esan
nahi du, hurrengo menderako urbanizatzeko zegoena, 10-15 urtetan burutu dela,
eta beraz, “baliabide erreserbak“ ikaragarri urritu direla; beraz, aurreikusi
daiteke datozen urteotan hainbat eta hainbat udalerrietan, pendiza
eraikiezinetara sartu aurretik, geratzen diren lursail eraikigarriekin kriston
tentsio espekulatiboak gertatuko direla.
Lurzoru eraikigarrien gaineko espekulazio motak, bitan bereiztu daitezke,
haien eremuari erreparatuta: bata, urbanizatuko diren lurretan eta bestea,
hirigune historikoetan.
Legeak ezartzen du, Udal Plan Orokorrak bere garapenerako sekuentzia
logikoa zehaztu behar duela, urbanizatu behar diren landei dagokienez, eta bestalde,
jada hirigunean dauden orubeak eraikitzeko eta lehendik dauden eraikinak
birgaitzeko epe mugak jarri behar dituela. Epe hauek igarota, jabeek ez baldin
badute gauzatzen, Legeak jabego pribatuari erantsita dion funtzio sozialaren
urratzea gertatzen da, eta ondorioz, Udalak badu ahalmena eta agindua (biak
batera), ekimena beregain hartzeko. Udalak, beregain hartze hau, hiru modutan
bideratu dezake: desjabetzea, derrigorrezko salmenta edo betearazpenerako
esleipen administratiboa.
| EAE |
Nafarroa |
Estatua |
| 133, 189, 203 art |
87, 105, 121 eta 177 art |
31 eta 32 art |
Nork: hiripublika.2008/04/17 21:25:08.780 GMT+2
Etiketak:
hiripublika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/04 16:26:07.237 GMT+2
Bigarren artikulu honetan, informazio
publikoarekin erabat lotuta dagoen beste aginduen atal bat aztertuko dugu,
Hirigintzaren kudeaketa publikoan Legez egon behar den gardentasuna, alegia.
Azken urteotan, ardura publiko honen inguruan ustelkeri sistema organiko larri
bat eratu izan da, hain larri eta nabarmena, ze azkenean, erakunde
publikoenganako konfiantza bera ere errotik astindu du.
Hirigintza Legedi berriak, nolabaiteko neurri
zuzentzaileak ezartzen saiatu dira, eta aldi berean aurretik zeuden batzuk
eguneratu; baina aurreko artikuluan azpimarratzen genuen bezala, arazoaren
konponketa, ez da etorriko horrenbeste lege erreformatik, kudeaketa publikoan
jarduteko prozedura irekiago eta partehartzaileagoak abian jartzetik baizik.
Beraz, kudeatzaileen konpromiso etikoa da kinkan dagoena gaur egun.
Dena dela, aztertu ditzagun, arduradun
publikoengandik gardentasuna erreklamatzeko legediak ematen dizkigun
bitartekoak:
1.-
Hitzarmen urbanistikoak
Hirigintza legediak eta planifikazioak, batez ere
duten derrigorrezko publikotasunagatik, kudeatzaile askorentzat, lotesleegiak
suertatzen ziren. Horrela, beste arlo publikoetan gertatu den bezala, Zuzenbide
Publikoarengandiko ihesa prozesua areagotu da. Ihes, edo iskin egite honen
paradigma, Alkate edo Zinegotzi-arduradunek, lurjabe eta sustatzaileekin sinatu
dituzten hitzarmen urbanistikoak izan dira. Askotan, interesa publikoak jokoan
daudenean, legez negoziatu ezinezko diren arloak ere negozio bihurtu izan dira.
Honi, “mahai-zapiko hirigintza” deitu izan zaio (jatetxe karuetan sinatzen bait
ziren hitzarmen mota hauek).
Legegileak, azkenean, eta hitzarmen urbanistikoen
ondorioak sortu dituzten eskandaluei muga jarri nahian, modu berezian arautu
izan ditu (bazegoen ere sakonago ekin eta arlo gutxi batzuetara mugatzea
hitzarmenen ahalmena). Horrela, negoziatu daitekeenari muga jarri dio: hain
zuzen ere, ezin da hitzarmen bidez onartutako plangintzaren aurkako edozer
eman, eta bestalde, salbuespen edo dispentsak debekatuta daude. Amaitzeko, hau
dena, jendaurrera ateratzeko, legearen aginduz, hitzarmena onartu aurretik
informazio publikorako epea ireki behar da, aldizkari ofizialean egin beharreko
iragarpenaren bitartez.
| EAE |
Nafarroa
|
Estatua
|
Xedapen Gehigarria
|
26 art
|
11 art
|
2.-
Arduradun publikoen jardueraren gardentasuna
Hirigintzak eta higiezinen negozioak izan duten
erlazio ustela, Udal mailan eman da ia osotasunean. Badira, jada, ahotsak
hirigintza eskumen Udal zereginetatik ateratzeko eskatzen dutenak, eta Erkidego
Autonomoetan zentralizatzea, kudeaketa modu hau errazagoa bait da
kontrolatzeko. Oraingoz, Legegileak ez dira horrenbestera ausartu, baina,
Udalen erregimena arautzen duen Legea (Ley 7/1985 Bases de Régimen Local)
Estatuko Lurzoru Legearen Xedapen Gehigarrien bitartez aldaketa batzuk jaso
ditu.
a) Plangintzari iruzur egiteko erabiliena izan den
teknika, Plangintza berari zatikako aldaketak eranstea izan da (“rekalifikazio”
famatuak). Jakina da, Plangintza Orokorraren onarpen prozesuak beti sortzen
duela hiritarren ikusmina, baina, behin onartuta, zatikako aldaketei buruzko
Aldizkari Ofizialetako iragarkiak ustekabean pasatzen direla. Ba , oraindik
aurrera, Udalen Araudiari buruzko Legean, 70 artikuluari atal berri bat erantsi
zaio: honen aginduz, lursail baten sailkapen urbanistikoaren aldaketa onartu
aurretik, lursail horrek aurreko bost urteetan izan dituen jabeen zerrenda
argitaratu behar da.
b) Alkateek eta Hirigintzaren ardura izan duten
Zinegotziek urteotan emandako interesen nahastearen inguruko espektakulua mozteko
asmoarekin, 75 artikulu berriak, pertsona horiek dituzten interesen arloko
gardentasunerako neurriak ezartzen ditu. Horrela, Udal Idazkariaren ardurapean
dagoen “Interesen Erregistroa” delakoaren araudia gaurkotzen da. Erregistro
honetan Udal ordezkariek dituzten ondarea eta edozein motatako Elkarteetan
dituzten partaidetzen adierazpen formala sinatu behar dute. Erregistro hau
urtero eguneratu behar da, eta (oso garrantzitsua) jendaurrean argitaratu behar
da. Bestalde, 75 artikulu honi, 8 atal bat gaineratzen zaio: Hirigintzaren
arloko kudeaketa ardura duten udal ordezkariak (zinegotziak eta baita udal
erakundeetako kudeatzaileak, zuzendariak,…) behin kargua utzita, hurrengo bi
urteetan debekatua dute hirigintza, eraikuntza, edo zeharka bada ere gai
horrekin zerikusia duen inolako jarduera profesionalik burutzea.
3.-
Hirigintza Diziplina
Hirigintza Plangintzari betidanik egin zaion
iruzurrik ohikoena, arau juridiko izaeragatik duen agintea ez betearaztea izan
da. Berez, Hirigintza Legediak, eta aspaldidanik (1976 urteko Lurzoru Legetik)
mota guztietako aginte emate, ardura argitze, prozedura, etabarreko … tresna
eraginkorrak ematen zizkien Udal arduradunei. Hortaz, ez da legediaren hutsunea
izan horrenbesteko lege hauste eta iruzur ahalbidetu duena, arduradunek haien
erantzukizunei uko egiteko dagoen “kultura politikoa”, baizik (berriro ere
interesen nahasketa eta ordezkatzea). Beraz, Lege berriek ez dituzte arlo
honetan berrikuntza askorik ekarri, aurretik bazeuden tresna horiek, beraz
orain ere eraginkorrak izaten jarraitzen dute, behin eta gauzatzeko “etika
politiko” berri bat nagusitzen baldin bada. EAE.ko Lurzoru Legeak honela
berretsi du ardura hau bere 204 artikuluan: “Udalak arduratuko dira Lege
honetako xedapenak eta osatzeko eta garatzeko emandako arauak betetzea
zaintzeaz, Legean ezarritako helburuak betetzeko eta aldarrikatutako
printzipioak sustatzeko”, eta 2. atalean gaineratzen du, diziplinarako legeak
emandako “ahalez baliatzeari ezingo zaio uko egin”…... hala bedi.
EAE
|
Nafarroa
|
Estatua
|
204 art eta hurren
|
189 eta hurren
|
ez dagokio arautzea
|
Nork: hiripublika.2008/04/04 16:26:07.237 GMT+2
Etiketak:
hiripublika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/03/19 12:39:05.752 GMT+1
Aste Santua dela eta, gure blog honeri ere horrelako toke
sakro bat emango diogu (alderantzizkoa bada ere) eta Hirigintzari, Legeak (ez
jainkoak) ezartzen dizkion betebeharreko Hamar Aginduak argitzen saiatuko gara.
Jakina da, bestelako Hamar Agindu hoiek kristauari bizitzan zuzentasunez
jarduteko artezpideak bezela hartzen direla; ostera, demagun Hirigintzaren
hamar hauek, udal arduradunei bere erantzunkizunean zuzentasuna zien den
argitzeko balio dutela, eta bestalde, hiritarroi (banaka edo talde eragileetan)
Legearen betearazpena exigitzeko argudioak eskaintzen dizkigutela.
Aginduok, modu sistematikoan eskainiko dira artikuluan
zehar, aurkibide azkar eta erabilgarria izan nahi bait dute (teologia sakonik
ikasi ez duen kristauari begira).
Aintzat hartuko diren Legeak (ebangelioak) : Estatuko
Maiatzaren 28.ko 8/2007 Lurzoru Legea (BOE 2007-Maiatza-29) / EAE.ko Ekainaren
30.ko 2/2006 Lurzoru eta Hirigintza Legea (EHAA 2006-uztaila-20) / Nafarroako
Abenduaren 20.ko 35/2002 Lurralde Antolamendu eta Hirigintza Legea (BON
2002-Abendua-27)
Aginduak, Legearen ikuspegitik lau ataletan sailkatu
daitezke:
- Hirigintza Partehartzailea.
- Hirigintzaren Kudeaketa Garden
- Hirigintza Soziala
- Hirigintza Eusgarria
1.- HIRIGINTZA
PARTEHARTZAILEA
Orokorrean, Hiritarren partehartzearen erretorika, nonhai
agertzen ari da aspaldi honetan. Erretorika hau, baina, gero nekez gauzatzen da
benetako politika desberdinen jardunbideetan. Dena dela, badira Legez
ezarritako lehenegoko urratsak, gehienetan Europar Batasuneko beste Estatu
aurreratuago batzuk bultzatuta. Horrela sortu zen adibidez, Aharus-eko (Danimarka) Hitzarmena 1998
urtean, gero Europar Batasuneko Arteztarau bihurtu zena, eta azkenik, berton
ere, Lege izatera heldu dena (27/2006
Estatuko Legea . BOE 2006-uztaila-19).
Hirigintza eta Ingurumen politikak dira, demokrazia
zuzeneranzko ibilbide hasi berri honetan, lege bidezko urratsak gauzatu
dituztenak, eta hiritarrei heldulekuak eskeintzen dizkietenak.
1.- Informazio
Publikoa
Lehenengo eta oinarrizkoena den eskubidea, batez ere beste
guztiak ahalbidetzeko, informazio osoa eskuratzeko eskubidea da. Horrela,
indarrean dagoen osatzen agiri, plano eta dokumentu guztiak
publikoak izateko Agindua:
| EAE |
Nafarroa |
Estatua |
| 9 eta 89. art. |
8. art |
4. art |
2.-Partehartze Zuzena ¿?
Partehartze
zuzenaren kontu hau, oraindik oso murriztua dago. Legegileak, parte hartzearen
eskubide hau oraindik ere, erabakitze prozeduratik kanpo uzten du. Hirigintzaren
mahaian, ordezkaritza instituzionala baino ez da ezertzen, eta ordez,
hiritarrak, adin txikikoei dagokien bezela, apartean jarduten dira, bide
paralelo batetan. Horrela, partehartzearen eskubidea izendatu ostean, bere
edukia zehaztu egiten da: alegazioak aurkeztera mugatzen da, eta aurreko
garaietako hizkuntza baten esanda, “entzunaldirako tramitea” betetzera.
EAE
|
Nafarroa
|
Estatua
|
9 eta 108. art
|
8. art
|
4. art
|
Dena dela, EAE-ren kasuan, Udaleko Osoko Bilkuraren ate
blindatu hori zeozer irekitzeko abagadunea eskeintzen da. Alde batetik, 7000
biztanletik gorako udalerrietan, 2/2006 legearen aginduz, “Udal Plangintzarako Aholku Batzordea” deritzona eratu behar da
(109 artikulua). Batzorde honen osaketan bermatu egin beharko da, kiden artean,
auzo-elkarte eta ingurumenaren babesaean ari diren erakundeen ordezkariak
egongo dirala (110 art). Udalak, edozein plangintza mota onartu aurretik,
Batzorde honen aurrean azaldu beharko du, eta haren txostena loteslea ez bada
ere, aintza ez hartzeko zergatia argitu beharko du.
Batzorde honen eraketa eta araudia onartzeko eskumena,
Udalak berak du. Egungo egoera ikusita, argi ikusten da zer nolako “talantea”
duten gure Alkate eta Zinegotziek, ze, EUDEL-en webgunea egiaztatu daitekenez,
Legea indarrean sartu zenetik urte ta erdi igarota, EAE-n 19 Udalek baino ez
dituzte Batzordeok eratu.
Hirigintza arloan, Demokrazia Zuzena errealitate bihurtzeko,
beste aukera askoz ere egiazkoa, Plangintza Orokorra herri kontsulta bitartez
onartzea da. Aukera hau, 108.b) artikuluan aurreikusten da. Baina, aurreko
artikulu baten kritikatu genuen, 108.b) artikulu honek, herri kontsulta hau
deitzeko ezartzen duen baldintza makurra: “herritarren artean eztabaida
larriak” daudenean bakarrik aurreikusten duelako.
Beraz,
ematen du, Euskadi moderno honetan, parte-hartze zuzenaren bitartez jarduteko
eskatzea, aurretik, eztabaida larriak eragitea eskatzen duela, ezinbestean….
hau da marka !!!
3.- Akzio
Publikoa
Egitate
bat da, azken bolada honetan, herritarrek, politika publikoetan eragina
lortzeko bilatu duten bide zuzenena, ia bakarra delako, akzio publikoaren
bidetik jardutea izan da, nahiz eta auzibideko prozedurak oso motelak gertatu
(gehienetan epaia ateratzen denerako salatu nahi zen lege haustearen kalteak ia
lehengoratu ezinak dira).
Hirigintza
arloko akzio publiko hau, jada, 1976 urteko Lurzoru Legean (Konstituzio
aurrekoa) ere agertzen zan. Baina ordutik hona ez du garapen nabarmenik izan,
eta orduko testu antzerakoa erabiltzen dute Lege modernoak:
EAE
|
Nafarroa
|
Estatua
|
8. art
|
9. art
|
4. art
|
Kontutan
izanda, auzibidera jotzeko arazo nagusia diru kostua izaten dela; eta bestalde,
auzotarren edo ekologista taldeek, ez dutela interes patrimonial zuzenik holako
auzietan, eta aldiz intersa orokorrak direla helburu, beharrezkoa da Doako
Asistentzia Juridikoa arautzen duen Estatuko 1/1996 Legea, horretarako
egokitzea. Lehen aipatutako 27/2006 Legeak (Aarhus Legea), bere 23 artikuluan,
ingurumenaren defentsan aritzen diren talde eta erakundeei eskubide hori
zabaltzen die (beraz hor aukera bat), baina, egunorokoan, Administrazio Publikoek
baliabide ekonomikoak jarri behar dituzte, eskubide hori benetako izan dadin.
Ardura hau, Autonomi Elkarteetako Justizia Sailei dagokie.
Nork: Hiripublika.2008/03/19 12:39:05.752 GMT+1
Etiketak:
hiripublika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/02/14 17:07:49.543 GMT+1
Oraingo honetan, beste blog
baten berri ematera gatoz, izena bera ere esanahi argigarriduna: Urbanismo
Patas Arriba. Bertan, egunero Estatu sosoko egunkarietan kontra-hirigintzarekin
zerikusia duten berriak eskegiten dira: espekulazioa, uztelkeri publikoa,
iruzurrak, eskubide urraketa,….. Oso ikuspegi zabala eta aldi berean larria
eskeintzen du, horrela, berri guztiak batera eta erreskadan izatea. Benetan
ausnartu daiteke hirigintzaren sistema publikoa krisi larrian dagoela, ezin da
jarraitu esaten uztelekeri kontuak, kasu isolatuak direnik, edota okerbideak
neurri apal batetan baino ez direla burutzen,…
Hirigintza izuen zerrenda
honetatik beste ondorio bat atera daieteke, hau ere larria, Zuzenbide Estatua
ez dela kapaz nonahi pizten diren “sute” hauek ekiditeko eta bere kasuan
zigortzeko. Uztelkeri publikoa, sistemikoa dela baieztatu daiteke, alegia,
Hirigintza antolatzen duen lege sisteman bertan dagoela mamua: lurren sailkapen
urbanistikoa agintari publiko multzo itxi batek monopolizatzen du (kudeaketa ez
da batere gardena), eta eragiketa horrek bapatean sorrarazten duen plusbalia ia
osoa (%90) lursailaren jabeak eskuratzen du.
Orain de la gutxi,
Hirigintzari buruzko Lege berriak onartu dira, bata Elkarte Autonomoan
(Elkarteen mailako berantena) eta bestea Estatu osorako legea. Biak, ala biak,
heuren hitzaurretan aipatutako arazoei aurre egiteko neurriak ezartzea dute
asmo eta xede, baina sistema beraren zutabeak ez dira aldatu nahi izan. Europar
Batasunaren barruan, hirigintza sistema paradoxiko eta anakronikoena bezela
geratu da gurea: ezin ulertu daiteke, funtzio publiko bat dena – Hiriaren
ekoizpena- (eta publiko izaten jarraitu behar duena, noski), gero,
kudeaketarako unean, lurraren jabe pribatuen eskuetan uztea (historia
aurre-industriala ematen du). Gure legeetan eta politiketan aldaketa asko egin
dira (latzak batzuk), Europar Batasunarekin homologazioa lortzeko agindupean,
ba, Hirigintza arloan ere badaude gurea baino askozaz zentzuzkoagoak eta
dudarik gabe emaitzetara begiratuta, hirigintza sistema “bikainagoak” (modako
hitz bat erabiliz).
Ez dugu aldaketa
sakonetarako beldurrik izan behar, ezta? Bada, goazen hirigintzan ere
bikaintasunaren bila… nortzuk jarriko lituzkete oztopoak ??
hemen esteka: Urbanismopatasarriba
Nork: hiripublika.2008/02/14 17:07:49.543 GMT+1
Etiketak:
hiripublika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/01/28 21:36:08.168 GMT+1
Hiri Globala, kontzeptua 90
hamarkadan hasi zen entzuten. Izena bera azalerazten hasi zena, Saskia Sassen
hiri-soziologoa izan zen (Global City. 1991). Ekonomi globalizatu baten sartuta geundela ikusita,
sistema ekonomiko berri horrek, bere oinarrietara hobeto egokitzen zen erakunde
sistema bat behar zuen. Horrela, Estatu-Nazio sistema poilitiko ohikoa,
industri ekonomi sistema sustatu zuena, ez zen eszenatoki berrirako aproposena,
ekonomia sistema berria estatu eta nazioz gaindikoa bait da. Estatu-Nazioak
definizioz arautzeko monopolioa adierazten du, eta aldiz, hiriaren gobernuan, elkarkidetzatarako harremanak
errazago eratu daitezke- Urban Regime-.
Hiri Globala zein den
definitzerakoan, Sassen-ek ezaugarri jakin batzuek azpimarratzen ditu: Erakunde
globalen agintzaritza bilgunea, telekomunikazio azpiegiturak, Erakunde globalei
zerbitzu emateko gai diren enpresa espezializatuak (publizitate agentziak,
abokatu bulegoak, …), finantza zentru garrantzitsua, post-fordismo prozesuetako
enpresa berritzaileak, gobernuen politikan eragina duten eragileak eta
amaitzeko, baina beharrezko baita, saldu nahi diren zerbitzu eta
produktuentzako nahiko merkatu.
Sistema global honek, sarearen
forma hartzen du. Sarea sistema honek, halabeharrez, bere barnean, ierarkia bat
inposatzen du: badaude, hiri zentralak eta beste batzuk periferikoak. Ekonomia
Globalaren oinarria eta garapena finantza fluxuak egituratzen dute. Ondorioz,
fluxu hauen inguruko informazioa, aginduak, transakzioak… zentru jakin
batzuetan biltzen dira. Nodo abizena hartzen duten hiri zentralak dira benetan
Hiri Globalak; besteak, sarearen zerbitzura jartzearen ordainean, Hiri
Globalizatuak bihurtzen dira. Honela, autore nagusien arabera, benetako Hiri
Globalak New York, Londres eta Tokio lirateke, eta apur bat zabalduta, baita Los
Angeles, Miami, Paris, Amsterdam eta Shangai.
Beraz, 90 hamarkadako garai horretan
hasten gara, gure artean ere, entzuten “Hirien Sistema” bezala ezagutu dugun
lurralde antolaketa eredu berria (gogoratzen, Elkarte Autonomoko Lurralde
Artezpideak -DOT- erizpide hau bereganatzen dute). Ordutik aurrera, hiriak,
Sare Globalean duten kokapena eta ierarkia maila hobetzen saiatzen dira: hirien
arteko lehiakortasuna. Lehia honen barruan ulertu daitezke, horren erabiliak
diren esamoldeak: lurraldearen abagune berriak bultzatu beharra, etab….
Lehiakortasun zorrotzago baten
bila doan lasterketa honetan, Hiri Globalizatuek, besteen aurrean bereizketa
“eraikitzen” saiatzen dira. Horretarako, bitarteko guztiak irentsiko dituen
hiriaren irudiaren eta profilaren egokitze beharrera lerrotzen dira. Firma
Globalak kontratatzen dira (garesti, oso garesti), Sarearen zentroaren
atentzioa erakartzeko asmoz. Baina David Harvey-k ondorioztatu duen bezela, epe
luzera, lortu nahi zen bereizketa hori ezerezean geratzen da, firma global
horiek bere produktuaren estandarizaziora jotzen dutelako (Gehry edo
Calatravaren obrak munduan nonahi aurkitzera heldu da urte gutxitan). Jordi
Borja-k artikulu honetan, eta Bartzelonari buruz, zera galdetzen du: merezi ote
izango du, hirien arteko lehiakortasunaren hobetze horretan gastatu diren
dirutzak? azkenean erabilgarritasun efimero baterako baino balio izango ez
duten azpiegitura, eraikin, etabarretarako….?
Beste artikulu honetan, (Fabio
Duarte eta Clovis Ultramari) hausnarketa hau urrutirago joaten da (edo
sakonerago). Ikertzaile hauen arabera, hirien arteko Ierarkia Global hori
egonkorra da, hau da, ez dela aldakorra, ahaleginak eginda ere, Sareak, hiri
bakoitzari bere zeregina ezarri diolako, sarearen beraren zerbitzura. Teoria
hau behar bezela lantzeko, hazken hamarkadetan Joku Olinpikoak edo Expo
Unibertsalak antolatu dituzten Hirien ibilibidea aztertzen dute. Ondorioa
izenburutan: bapateko eta une laburreko izarraren dirdira, eta “gertaeraren”
ostean, apur-apurreko apaltzea eta hasierako kokapenera itzultzea (Sareak
emandako zereginenen araberakoa). Amaitzeko, galdera bat jartzen dute mahaian,
ez ote da bada, hiri eredu propia baten inguruan bildu eta hura landu, performance global baten ustezko
onuretan sinestu beharrean. Adibide bat: Brasil-en, badaude bi hiri ingurumen
politiken arloan ezagunak egin direnak. Bata, Rio de Janeiro da, 1992 urtean
Ingurumenaren gaineko Bilkura Internazionala ezagunaren egoitza izan zelako (Hiri
Performance); eta bestea, Curitiba da, urtetan zehar hirigintza plangintza
iraunkorraren eredu bezela ezagutzen dena (Hiri Eredua). Biak alderatuta, 1992
urteko hartaz gero eta jende gutxiago gogoratzen da, performance bera denboran
hurbilago jaso duten beste hiri batzuekin konpartitu behar duelako (Kioto,
Johanesburg, Bali). Aldiz, Curitiba-k urtetan zehar bere eredugarritasunaren
lekukotasuna, Sarearen sistema horretan, mantendu edo agian zabaltzea lortu
izan du.
Gurera etorriaz, eta post honen izenburuari helduz, Bilbao-Gugenheim
hau, ze izaera du benetan, beste Hiri Performance bat da edo benetako hiri
antolamenduaren Eredu izango da ? Esango
genuke, hiriaren zati bat Golden Mile antzeko baten bihurtzeak gehiago duela
Performance izaeratik…. Eztabaida ireki beharra dago….
Nork: hiripublika.2008/01/28 21:36:08.168 GMT+1
Etiketak:
hiripublika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/01/12 20:16:11.150 GMT+1
Artikulu honen lehenengo atalean, aldaketa klimatikoaren
arazoa zela eta, agintari-erantzule publikoek hiritarroi egiten ziguten
erantzukizun horren transferentzia kritikatzen genuen (kotxea larregi
erabiltzen duzue eta !!). Ostera, aginte publiko beretik lurralde antolamendu
eta hirigintza eremuetan hartzen diren erabaki arduragabeak jartzen genituen
mahai gainean. Euskal herrian, garraio, hirigintza-lurralde antolamendu eta
ingurumen politikak elkarri bizkarra emanda bizi dira (… eta horren
erantzukizunak ?).
Aldiz, homologaziorako helburu dugun Europa aurreratuan,
arlo honetako politikek bilatu behar duten integrazioa oinarritzat jartzen da,
zentzuzko politika bat egin nahi bada. Adibide gisa, Europar Batzordeak, Europako
Garraioari buruzko Liburu Zuria (COM.2001- 370) deituriko agiri batetan, eta
azpititulu bezala zera argitzen zuena: “2010 urtera begira Europako garraio
politika: benetako ordua”, honelako epaia botatzen zuen: “hiri antolamendua eta
garraioaren arteko politika bateratuaren ikuspegi ezak, ibilgailu pribatuari ia
monopolio osoa lortzea ahalbidetzen dio”.
Era berean, mundu akademikotik ere ehunka txosten, analisi
eta tesietatik ere integrazio berbera eskatzen ari dira. Baten bat gomendatzeko,
hona hemen, txosten bat: “Movilidad y planeamiento sostenible: hacia una
consideración inteligente del trasnporte y la movilidad en el planeamiento y el
diseño urbano” Julio Pozueta. ( eta egile beraren, mugikortasuna murrizteko
hartu daitezken neurriei buruzkoa). Beste txosten bat hemen europa mailako
adibide zehatzekin.
Europar Batasunean dauden ekimenei helduz berriz ere, egun
abian dauden hiri antolamendu-garraio uztartutako politika dituzten 170
jardun-egoki zehatzak biltzen dituen
SMILE proiektua da aipagarriena
(smile-europe.org). Smile (irribarrea ingelesez…) proiektuak hiru oinarrizko
ardatz ezartzen ditu: 1) hiria biltzea hiria zabaltzearen ordez; 2) espazioaren
erabilpen mixtoa eta 3) garapen urbanistikoak garraio publikorako dauden
azpiegituren inguruan gauzatu. Horretaz gain, ezinbesteko baldintza bat jartzen
du: sektorearteko ekimenen koordinazioa zuzenduko duen antolaketa-erakunde bat
sortzea, aurrekontuen gaineko hitzarmen ofizialak bertan barne direla.
Proposamen ausartak ere egiten ditu, nagusiki, garraio-ingurumen- hirigintza
sailak, denak bateratzea erakunde bakar baten (zergatik ez ?).
Gure artean, batzuentzat, eta segun eta zertarako,
Europarekiko konbergentzia ez ei da horren premiazkoa. Aldiz, Estatu mailan,
badira gure aurretik pauso ta erdi aurreratuago dabiltzanak: Katalunya, alegia.
Hasteko, 2003. urtean, bertako Legebiltzarrak Mugikortasunari buruzko Legea
atera zuen aurrera – ekainaren 13.ko 9/2003 Legea-. Lege honen helburu
garrantzitsu eta esanahi sakoneko bat da, hiri eta ekonomi garapena eta
mugikortasunari buruzko politikak uztartzea, eguneroko pertsonen eta
merkantzien lekualdatzeak gutxitze aldera. Beraz, derrigorrezko mugikortasuna
murriztea, hirigintza erabakiak horretara zuzenduz.
Lege honek, bere garapena izan du 2006 urtean, gobernuak
onartu duen 344/2006 Dekretuaren bitartez. Dekretu honek, lurralde antolamendu
plangintzak, hirigintza egitasmoak edo eraikitze proiektu zehatzak eragingo
duten mugikortasuna eta haren eraginak aztertzera behartzen du. Azterketa hauek
plan, egitasmo… edo delakoaren sustatzaileak landu beharko ditu eta aztertzeko
xede zehatzak ezartzen dizkio araudiak (2 artikulua): a) jarduketa berriak
eragingo dituen mugimenduen hazkundea kalkulatu, b) ikerketan bertan proposatu
behar diren neurrien bideragarritasuna ebaluatu eta c) proposatutako neurriak
9/2003 Legeak bilatzen duen ereduaren aldaketarekin betetzea eta batez ere,
garraio publikoaren nagusitzea bermatzea. Dekretuak zehaztasun tekniko asko
ezartzen ditu, ez da beraz, asmoen irudikatzean geratzen den araudi posmoderno
horietako bat. Adibide batzuk: a) (3. art) eraikuntza proiektu zehatzxak lotzen
ditu ikerketa honetara eta ez idira neurri handiko operazioak bakarrik ( 5.000
m2-ra heltzen diren merkatalgune berriak, 500 langiletik gora bilduko dituzten
lantegi edo industrigune berriak,…); b) (8. art) hirigintza plangintza baten
kasuan eraikiko diren azalera, gauzatuko diren erabilpenak eta eraikigarritasun
indizearen araberako eragindako mugikortasuna aztertu beharra; c) (11 eta 12
art) Ikerketak aurkeztu beharko duen dokumentazioa eta planoak, d) (15, 16 , 17
art) oinezkoentzako, bizikletak eta garraio kolektiborako Sareek izan behar
dituzten neurriak, elkar konexioak, …. Eta amaitzeko, proiektuak eragindako
mugikortasun hazkundeak eskatuko dituen inbertsioetan finantzaketan parte hartu
beharko dute sustatzaileek.
Indarrean dagoen Araudia izateko oso kontutan
izateko gertuko (geografikoki behintzat) adibidea da, hor dago. Beste gauza bat
da, ze mailaraino ari den betetzen eta arduradun politikoek aginte publikoari ze
neurritaraino eusten ari zaizkien, ze tentsioak seguru sortzen ari direla,
eraikuntza, garraio etabarreko eragileen aldetik. Baina, Euskal-herrian ez dugu
araudi honen parekoren baten zantzurik ere sumatzen…oso alderantziz hemen
azpiegiturek jasotzen dituzte inbertsioek eta ez mugikortasun politikek.
Aldaketarako adibideak hor daude….. beste eredu batzuk abian badirela
errealitate bat da…
Nork: hiripublika.2008/01/12 20:16:11.150 GMT+1
Etiketak:
hiripublika
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak