Zorra eta aberastasunaren alde iluna

Literaturaz zertxobait aipatuko dut. Zein literaturaz, baina? Nobel saria merezi duen kanadar emakume idazle batenaz: obra oparoa plazaratu duen Margaret Atwood-en literaturaz[1].

 

Ez-fikzioa aukeratu dut, eta, zehazki azken obra: Payback: Debt and the Shadow Side of Wealth. (Idazle oso on baten obra Euskal Herrian daukagun idazle hoberenetariko batez pentsatuz. Itxarorentzat,  quid pro quo orekatua izan dadin esperantzan.)

 

Atwood-ek zorra bizitzaren balantzean agertzen digu, betebeharraren eta sariaren artean. Izan ere, bere izaeraz, zorrak desoreka esan nahi du, atsekabe ekartzen duena. Krisi finantzarioaren erdigunean egon ginenean, Atwood-ek zorraren izaera ikertu du. Kanadarrak hori adierazten du bost kapitulutan. Zenbait hitzalditan oinarrituta, mailegu ematea eta mailegu hartzea analizatu ditu ikuspuntu desberdinetatik: finantzatik, psikologiatik, teologiatik, literaturatik eta ekologiatik.

 

Atwood-ek zorraren historia intelektuala idatzi du: zorra gizakiaren arazo gisa, liburuaren funtsa gizakia baita. Liburuari ez zaio falta umorea, ezta Atwood-en betiko eta aparteko probokazio puntua ere.

 

Lehen kapituluan, arlo finantzarioan, Ancient Balances, antzinako balantzeak, primate batzuen trukeekin hasiz, Antzinateko zorren ikertzeari ekin dio, zenbait kode, Egiptoko ereduak eta mitologia greko-latina aipatuz.

 

Bigarrenean, Debt and Sin, zorra eta bekatua, ikuspegi teologikoa du ikergai: horretarako Bibliako erreferentziak izan ditu lagungarri, baita deabruarekiko Faustoren akordioa ere.

 

Hirugarren atalean, Debt as Plot, zorra azpijoko gisa, zordunaren jolasa ikertzen du, eta bereziki XIX. mendeko literaturaren ereduak irakur ditzakegu.

 

Laugarrenean, The Shadow Side, alde iluna, zorrak ordaintzen ez direnean, zer gertatzen den diosku: barkamena eta mendekua, kartzela eta lan bortxatua, arlo psikologikotik ikusita.

 

Azkenean, bosgarrenean, Payback, naturarekiko zor ekologikoa du aztergai idazle kanadarrak, ondorio latzak modu gordin batean azalduz.

 

Aspaldiko plazera izan dut Atwood-en prosa irakurtzean. Oraingo honetan, liburuaren prosa zehatza izatetik at oso arina da, hitzaldietan erabiltzen den modukoa. Kontua da Atwood-ek guk baino hobeki ikusten dituela gauzak, argiago eta sakonago, ikusten ez ditugun ikuspegietatik gainera[2].

 


 

[2]  Finantza zorrari dagokionez, aurrera begira, beste liburuxka bat dut helburu:Diru-teoria modernoa eta finantza ingeniaritza.

.