MISERIAREN EKONOMIA

Miseriaren ekonomia,

lan egiteko eskubidea, prekarietatea,

merkatuaren legea,
alienazioa,

sorkuntza inmateriala,
errenta soziala guztiontzat,

Fourierismoa, nagikeria,
gozamena,

Iraultza.

Horrela
hasi du Claude Guillonek bere Miseriaren Ekonomia saiakera-liburua. Joan
den astean irakurri nuen. Bilboko Erronda kaleko GATAZKA liburu dendan sartu
(lehengo Likiniano elkartearen kokalekua) eta liburuaren izenburuak berehala
erakarri ninduen.

Sistema
neo-liberalaren soldatapeko lan ereduak eta sistema horren ondoriozko langabezi-egoerak
gizakia prekarietate material eta moral batera bultzatu omen du
. Soldatapeko lanak eta langabeziak alienazioa
eta  prekarietatea sortzen ditzute. Hori
da liburuaren oinarria.

Miseria
horren aurka Guillonek Fourier sozialista utopikoaren ideiak kontrajartzen
ditu. Bizitza hedonista proposatzen digu, gozamen, lasaitasun lan kreatzaile eta
zoriontasunez beteriko bizitza. Eta horri lotuta, soldatapeko lanari uko egin behar
zaio
. Guillonek aipatutakoaren arabera, eta “garantista” mugimenduan
oinarrituta, gizaki orok, berez, “aberastasun soziala” sortzen laguntzen
du. Eta gizakiak aberastasun hori sortzeko ez du soldatapeko lanaren beharrik.
Bere izate hutsak sortzen du aberastasun sozial hori. Eta “produkzio sozial”
horren ordainez, “soldata” berezi bat eman behar zaio: errenta soziala. Ondorioz,
norbanakoak soldatapeko lanari uko egin diezaioke, eta errenta horretatik bizi.

Guillonen
ustez, ordea, errenta soziala gaur egungo status
quo
neo-liberala ezarri duten botereen kontrol-tresna bat ere bada. Sistema
neo-liberalak, errenta soziala eta beste prestazio batzuk erabili izan ditu
eskaera iraultzaileagoak oztopatzeko. Ondorioz, errenta sozialaren eskaera
ezezik, sistema osoaren suntzipena eta aldaketa erradikala burutu behar da.
Hori da errenta sozialaren eskaera ulertzeko marko bakarra: sistema osoaren
aldaketaren baitan.

Ez
dut egokia ikusten errenta sozialaren erabilera orokorra, hau da,
nire ustez edozeinek ezin du aukeratu askatasun osoz errenta sozialaz
baliatzea. Gizartearen talde batek ezin du, hala nahi izanez gero, beste
batzuek egindako lanaz bizi, kontsumitu, inbertitu… (azken batean, egoera hori
beste esplotazio mota bat ere bada). Zaharkitutzat jo badaiteke ere (kasu
honetan, berdin zait), XIX-XX mendeko sozialisten “bakoitzari bere beharren
arabera, bakoitzak bere gaitasunaren arabera
leloa aplikatuko
nuke. Zer esan nahi du horrek? Prestazio sozialak (errenta soziala ere bai)
beren oinarrizko beharrizanak bete ezin dituztenei bakarrik bideratu
behar zaizkiela. Justizia kontua da. Eta bestetik, irizpide ekonomiko
alboraezinen aplikazioa: alferkeria ezin da orokortasunez gizarte osora hedatu.
Horrek ekonomiaren krisialdia ekarriko luke.

Beharrizan
premiazkoenak gizarteak berak bete beharko lituzke, inolako kontraprestaziorik
gabe (esparru publikoaren bitartez). Eta beharrizan premiazkoenak dituzten
lagunak zehazteko, gizarteak kontrol zorrotza burutu beharko luke (horrek
administrazio eraginkor bat eskatzen du eta horretarako, egungo egitura
administrazio zentralizatu-burokratiko funtzionariala eraldatu beharko
litzateke, agian, Jabier Lertxundik dioen moduan, deszentralizazio
usufruktuario kooperatiboa bultzatuz).

Erakunde
publikoek ez dute “oinarrizko beharrizanak bete”-tzeko funtzioa behar bezala
sustatzen. Dakizuen bezala, liberalizazio eta desarautze prozesu neo-liberal
batean sartuta gaude.

Sistema
aldaketa behar dugu
.
Edo behintzat, gutxienez, joera aldaketa bat.

Nire
ustez, egungo eztabaida premiazkoena beste koordenada batzuetan jarri behar
dugu: errenta sozial orokorra eskatzen ari dira, beste prestazio “zahar”
batzuk “hiltzen” ari diren bitartean
. Benetako eztabaida, prestazioen
inguruan behinik behin, langabezi prestazio eta jubilazio, alargun eta
bestelako pentsioen murrizketen inguruan egin behar da. Liberalizazio eta desarautze prozesua eta egungo metaketa kapitalistaren
oinarri berriak bere osotasunean aztertu beharra dago (irakurri “Globalizazioa eta autoeraketa” liburuaren Igo zatiaren
5. eta 6. kapituluak, Antxon Mendizabal eta Mikel Zurbano UEUkideek
idatzitakoak). Eta horri lotuta, bereziki, finantza ekonomia eta berak sortutako ustiaketa berriaren azterketei begiratu bat eman behar
zaie. Soldatapeko lanari uko egitearen baldintzetaz hitzegiten hasi
baino lehen, beste arazo larriago batzuk ditugu zuzentzeko.

Horrez gain, ezin
dugu ahaztu errenta sozialaren garrantzi erabatekoa
, premiazkoa, baina
ez bere zentsu orokorrean (lanari borondatez uko egiten dutenei emandako
errenta), baizik eta gizarte produktiboan ezin integratu daitezkeen lagunei
zuzendutako errenta soziala. Benetan behar dutenetzat, eta ez bizitza hedonista
baten bila dabilenentzat.