The Myth of the Cooperatives

Historikoki, kooperatibak soldatapeko langilegoaren menpekotasun estatusa gainditzeko sortu ziren. Beste estatus berri bat asmatzea izan zen abiapuntua. Horretarako langilegoaren jabetza integrala kontzeptua erabili izan dute.

Kooperatibismoak langilegoaren partehartze juridikoa eta ekonomikoa ahalbideratzen du: partehartze juridikoa, langilea bera enpresaren bazkidea delako, enpresaren jabe. Partehartze ekonomikoa, irabaziak langileen artean banatzen direlako eta bestetik, langileak bere lanpostuaren jabetza eskuratzen duelako, hau da, enpresaren eguneroko kudeaketan parte hartzen du, gestio eredu partehartzaileen bitartez. Partehartze multidimentsional honi langilegoaren jabetza integrala deitu diote.

Gaur egun, kooperatibek (eta horien artean, Euskal Herrian kokatuta dauden kontsumo eta industri kooperatiba ahaltsuek) beren izaera partehartzailea erabiltzen dute marketing tresna gisa. Eta marketing estrategia honen inguruan, mitologia konplexua gauzatu dute. Baina mitologia hori, %100ean benetazkoa da? Kooperatiben izaera autoeratua itxura hutsa baino zerbait gehiago da?

Sharryn Kasmirrek The Myth of Mondragon liburu polemikoan aztertu zuenez (1999. urtean Txalaparta argitaletxeak gaztelerara itzuli zuen), gaur egungo kooperatibetan menpekotasun harreman berri bat sortu da. Eta horretarako ez gara bakarrik garatu gabeko herrialdeetara joan behar (herrialde horietan, Euskal Kooperatibek enpresa kapitalistak sortu dituzte). Gogora ekarri dezagun Euskal Herriko kooperatibetan lanean diharduten soldatapeko langileak. Menpekotasun harreman berri baten bazkide dira. Eta XIX mendean gertatzen zenarekin alderatuta, orain soldatapeko langile horien “ugazabak” ez dira enpresari kapitalistak, bazkide kooperatibistak dira. Aurrerago aipatu dugun bezala, kooperatibak elkarte kapitalistetan langilegoaren menpekotasun estatusa gainditzeko sortu ziren. Orain, kooperatibak bestelako prozesu batean sartu dira.

Jesús Rubio EHUko irakasleak ondo baino hobeto azaltzen du menpekotasun harreman honen sorrera eta zergatia (Analisi ekonomikotik hurbilpena, Kooperatiben enpresa-ekonomia liburuan argitaratutako artikuluan, Arrasaten, 2005. urtean): egungo kooperatibistek, beren irabaziak maximizatu nahi dituzte eta horretarako, soldatapeko langileak kontratatzen dituzte. Soldatapeko langileek beren lan produktiboaren bitartez enpresaren jarduera ekonomikoa sustatzen dute, irabaziak sortuz. Kontua da langile horiek ez dutela irabazietan parterik hartzen: irabaziak kooperatibistek jasotzen dituzte. Esplotazio eredu hau berria da kooperatibetan (90. hamarkadan hedatu zen) eta kasu honetan, esplotatzailea bazkide kooperatibista bera da. Eta noski, menpekotasun harreman hori eremu juridikoa eta ekonomikoa gaindituz, eremu psikologikora ere heltzen da (bigarren mailako personak, pertsonez zuzendutako enpresa batean: diskriminazioa).

Euskal Kooperatibismoak mitoa baino zerbait gehiago izan nahi badu, soldatapeko langilegoaren egoerari aurre egin behar dio. Horretarako, maila mikroekonomikoan behintzat, Arizmendiarrietak berak proposatutako proiektuaren oinarrietan sakondu beharko genuke eta menpekotasun harreman berriak gainditzeko tresnak aurkitu.

Bukatzeko, Euskal Herriko Kooperatiben soldatapeko langileak omendu nahi nituzke, eta bereziki, zu, Uritz. Kolpeak lagunek jasotzen dituztenean, orduan ohartzen gara gaitzaren benetako tamainaz.