Horra hor gure Olentzero!

Horra hor gure olentzero!

Olentzero konsumitzaile-ekoizleez osatutako gizarte batean bizi da.

Aspaldian, olentzeroren opariak “errenta mailaren araberako kontsumo homogeneotan gorpuzten ziren, hots, herrialdeko kultur eta beste berezitasunak salbu, errenta-mailak ezartzen zituen kontsumo diferentziak herrialde garatuetan (…). Gaur egun, aldiz, kontsumo diferentzia esparru zabalagora heltzen da. Errenta maila ez ezik, adina, kultur-maila, sexua, lanbidea, eta abar bezalako faktoreak bereizgarriak dira kontsumoaz erabakitzerakoan eta kontsumo mota atomizatuagoa definitzen dira” (Mikel Zurbano (2005): Globalizazioa eta autoeraketa, Lanki ikertegia, HUHEZI, Eskoriatza, 77. orrialdean).

Badirudi, kontsumoa jadanik ez dela bakarrik kontsumitzaileak jasotako errentaren arabera gauzatzen: beste eragile bat sartu zaigu merkatuaren zelai-jokoan. Kultur globalaren konberjentziaren garaian gaude: “bizi-moduen uniformizazioa eta kultur-ikur zein jokabide-modu transnazionalak finkatzen ari direneko” garaia (Mikel Zurbano, opcit, 120. orrialdean). Eta orokorrean, gutariko askok behintzat, kultur-ikur transnazional eta homogeneo horri lotuta kontsumitzen dugu: eta askotan ere kontsumo hori ez dago norbanakoak jasotako soldatarekin zuzenean lotuta. North Face, Nolita, Billabong, Carhartt, Miss Sixty, Millet, Dolce & Gabanna, Salomon, Rip Curl, Skunk Funk… hainbat lagunek kontsumitzen dituzte horrelako produktuak, beren errenta maila edozelakoa dela ere (urteko sasoi honetan kontsumorako kredituen erabilera izugarri handitzen da).

Gaur egungo munduan, kultur enpresa handi gutxi batzuek gizateriaren ekoizpen kultural eta espirituala Amerikako Estatu Batuen kultur inperialismoarekin ordezkatzeko egitasmo erraldoia bultzatzen ari dira. (…) Kultur inperialismo sutondoraino sartzen zaigu egunero-egunero gure etxeko telekomunikazio-oldearen bidez” (Antxon Mendizabal (2005): Globalizazioa eta autoeraketa, Lanki ikertegia, HUHEZI, Eskoriatza, 182. orrialdean).

Olentzero konsumitzaile-ekoizleez osatutako gizarte batean bizi da.

Gizarte horretako “gizabanakoak trukagarriak dira, ongien bizi den tokian bilatzen dute zoriona, beren sustraiak galduta eta elkartasun, komunitate eta gizarteko kide izateko sentipenik gabe, eta inperialismo indartsuenak garai bakoitzean ezartzen dituen entzute, kategoria edo hizkuntza eta kulturaren inguruko kanonak onartzen dituzte. (…) Gizabanako horiek, une eta gune bakoitzko inperialismoaren menpekoak dira” (Antxon Mendizabal (2005), opcit, 63. orrialdean).