Autoeraketa globalitatean

UEUko bazkide izan baino lehen
UEUko ikaslea izan nintzen. Aurreneko ikastaroak liluratu egin ninduen.
Ekonomia sozialaren erronkak kapitalismo globalean.
Gaia potoloegia udako ikastaro batentzako. Bertan jorratutako ideiek eta batez
ere, ideia horiek aztertzeko modu berezia eta hurbilak erakarri ninduen UEUra.
Hizlarien artean, Ainara Udaondo eta Jon Sarasua. Etikaren erronka
kooperatibismoaren bilakaeran
.

5 urte igaro dira Lanki
ikertegiko bi kide horiek beren planteamendua UEUra ekarri zutenetik. Hiru aste
igaro dira arratsalde berotsu hartako fruitua eskuratu nuenetik: Autoeraketa
Globalitatean. Auteraketa ekonomikoaren kokapena egungo munduan
,
Lanki ikertegiak argitaratutako koadernoa (2004ko maiatzean argitaratua).

Koaderno horren pasarte batek
bereziki piztu du nire interesa.

“Joera neoliberalek Estatuaren betebehar sozialak zalantzan jarri
dituzte, eta hainbat jardun publiko ezabatzen hasi dira. Estatuaren
erantzunkizun soziala mugatzen edo ukatzen da, osasun, hezkuntza, gizarte
segurantza, eta beste hainbat funtzio sozial merkatuak hartu behar ditu,
ikuspegi honen arabera. Beste indar batzuek, aldiz, Estatu indartsua
aldarrikatzen dute, ahalik eta funtzio gehien beteko dituena.

Edonola ere, krisian dago ongizate estatua. Eta honek panorama berria
marrazten du autoeraketarentzat. Zer funtzio dira Estatuarenak? Zein
merkatuarenak? Zein gizartearenak, hots, merkatu-irabazien logikaz kanpo
funtzionatzen duten antolakuntza eta sareenak?

Estatua-Merkatua-Gizarte sarea hiruko horren arteko tentsioan kokatu
behar dute autoeraketaren ekarpenek.

Estatuak uzten dituen hainbat espazio eta zerbitzu (gizarteko ahulenen
zainketa, hezkuntza, osasuna…) erakunde autoeratuek bere gain har ditzake”.

Honek bi irakurketa izan ditzake.
Alde batetik, aipatu dugun prozesua estrategia neoliberalatik gertu kokatzen da
(norbanakoek estatuaren funtzioak bereganatzea, estatuaren arduragabetzearen
osagarri izanez). Bestetik, “pertsonei eta komunitateei beren buruak
autoarautzeko aukera ematen die autoeraketak. Eta hori lortuz gero, Estatuak
edota irabazi-asmoek gidatutako erakundeekin konparatuz, bestelako eredu
batekin” egiten dugu topo. Irabazi asmorik gabeko ekonomia.

Ekonomia berezi horri, Lankiko
lagunek kolore berezi bat erantsi diote, autoeraketaren kolorea, “behetik
gorako erabakimen autonomoan oinarritutako gizarte-eredu batean iparra jarriz”.

Duela bi urte, Eibarren antolatu genuen ikastaro batean, Xabier Renteria
Maitasunaren Ekonomiaren inguruan aritu zen.
Kontzeptu hori Lankikoek proposatutako ikuspegitik urrun ez dagoela uste dut.
Autoeraketa ekonomikoa irabazi asmorik gabeko ekonomian: elkarteak eta onura publikoko kooperatibak?