(7) Finantza-sistema multipolarra. Gaur egungo eztabaidarik mamitsuena hauxe da: zer egin dezakete Txinak, Asiako herrialdeek, Petrolio-Esportatzaileak diren Lurraldeen Erakundekoek eta Europak beren banku zentraletan dauden esportazio soberakinekin, batez ere gobernuen bitartez beren hazkunde ekonomikoa berpizteko?
Egoera ezin da utzi herrialde bakoitzaren finantza-oligarkiaren esku. (Kasu, Errusiako presidente ohiak, Y. Primakov-ek, dioenez[1], bankuen interesak ez datoz bat ekonomiaren sektore errealarekin. Arazoa, Primakov-ek segitzen du, sistema finantzarioaren berregituraketan datza, garapen industrialaren helburuak betetzeko.)
Munduan zehar, finantza-erakundeek gobernuak kontrolatzen dituzte, politika neoliberalak erabiltzeko, haien etengabeko irabazi-gogoak promozionatzearren. Izan ere, norberaren monetaren aurka apustu egitea sarituagoa da kapital ekipamenduetan inbertitzeko ahaleginak egitea baino, edo/eta output berrietarako merkatuak garatzea. Hortaz, langabezia eta barneko aurrekontuen defizitak nonahi azaltzen dira.
Irabazien era produktiboak eta estraktiboak (edo espekulatiboak) nahasteak Adam Smith-ek, haren The Wealth of Nations, proposaturiko aberastasunaren sormenaren trabestia ekarri du. Horrekin batera eta erdigunean dagoena hauxe da: kreditu-sormena monopolizatu egin da eta produktugileen eta kontsumitzaileen arteko finantza-zirkulaziorako behar den kreditua hornitzeko finantza-erakundeak (bankuak batez ere!) ez dira martxan jarri (kasurik nabarmenena ekonomia post-sobietar guztietan gertatu dena).
Irtenbide gisa, mundu osorako sistema finantzario multipolar behar da, finantza-sistema desberdinekin. Horrela ez litzateke egongo inongo bazka librerik polo bakar baten inguruan (gaur gertatzen den moduan[2]).
(8) Bankuak. Bankuek zorrak saltzen dituzte. Zorrak ordaindu behar dira. Baina bankugintza eta finantza-sektoreak, gaur egun, ekonomia industrialetik kanpo daude. Gaurko finantza-sektorea estraktiboa da: interesak eta kuotak ordaindu behar dira beste lekuetan irabazitako errentekin. Gaurko mailegatze gehiena ez da produktiboa. Beste aldetik, interes estraktiboen tasa erabat matematikoa da, ez dagokio ekonomiak izan dezakeen outputa hornitzeko, errenta irabazteko, eta zorrak ordaintzeko ahalmenari. ‘Interes konposatuen magiak’ zor globala handitzen du, edozein ekonomia haz daitekeen abiaduran baino arinago. Hortaz, egoera aldatu ezean, finantza-kolapsoa baztertezinezkoa da, ezin baita zorraren bolumena ordaintzeko ahalmenarekin batera joatea. Ondorioz, krisia azaltzen da.
(9) Europa eta euroa. Europar Batasunean euroa erabiltzen da, baita Euskal Herrian ere. Orain dela gutxi arte bi moneta desberdin erabiltzen genituen, pezeta eta libera, bi moneta horien artean zeuden truke-kostuak pairatuz. Orain, eta lehen aldiz gure historian, Pirinioez bi aldetan, Iparraldean eta Hego Euskal Herrian, moneta bera erabiltzen dugu euskaldunok. Historizismo mota guztietatik at, gure historian, monetari dagokionez, egoerarik onenean gaude[3].
Diruaren estatu-teoriaren arabera, diruari estatuak (hots, gobernuak) ematen dio balioa; eta horretarako diru hori zerga ordaintzeko onartua izan behar da. Euroak ez dauka zergapetzeko ahalmenik, euroaren atzean ez baitago europar herrialdeen gainean zergapetzeko autoritaterik daukan europar parlamenturik.
Dena den, balediko euskal banku zentrala Ipar Dakotako banku zentralaren antzeko izan liteke, Europako moneta bera erabiliz (han dolarra, hemen euroa) baina zeregin zehatz eta konkretuetarako[4].
(10) Aberastasun banaketa eta zerga politika. Aberastasuna banatzeko, zerga politika progresiboa behar da. Egungo aberastasuna, gehien bat, lur, higiezin erreal, akzio eta bonoetan datza. Hortaz, elementu horiek zergapetu behar dira. Gaurkoa ez da ohiko kapitalismo industrialari dagokion aberastasuna. Okerrena hauxe da: zergak kapital industrialari eta langileriari pasa zaizkie. Aberastasunaren birbanaketa ez da izan espero zen moduan. Kontua da gaurko aberastasuna, zenbait herrialdetan, biztanleriaren %1ean kontzentratuta dagoela, eta benetako oligarkia finantzarioa sortzen da. Gainontzeko %99rentzat aberastasunaren sormenak zor sormena eta zor handitzea esan nahi du. Hortaz, demokraziaren alde borrokatu behar da, zerga politika egokia bultzatuz. Zorra eta politika fiskala sinbiotikoak dira, txanpon bereko bi aldeak[5].
Lekuan lekuko zerga sistema kontrolatu behar da: lan-indarra eta enpresen errentak zergapetu barik, jabetza eta monopolioak zergapetu behar dira. Halaber lurren gaineko zerga ezarri behar da (higiezin errealeko burbuila baztertzeko). FIRE sektoreko ‘kapital’ irabaziak zergapetu behar dira, ez lanez edo/eta kudeaketaz irabazitako soldatak eta mozkin industrialak. Hudson-ek dioenez, gure lema hauxe izan beharko litzateke: “ez zergapetzea errepresentaziorik gabe.”
Arazo politikoa da erabat. Eta arazo politiko horrek berregituraketa ekonomikoa eta finantzarioa eskatzen ditu, baita zerga politikaren eta zergapetzearen berregituraketa ere.
Idatzi artikulu bat