Euskal Herria, krisiaren aurrean

Euskal Herria Eurolandian dago kokatuta. Hortaz, Eurolandian gertatzen denak gure Euskal Herrian badauka eragina. Eta arazoak azaltzen direnean, kasu oraingo krisia, hemen areagotzen dira hala Iparraldean nola Hegoaldean. Alde batetik, estatu bat ez garelako, eta bestetik ez ditugulako geure esku krisiari aurre egin dakizkiokeen tresnak.

Gauza askotxo daukagu egiteko euskaldunok. Lehendabizi, politika mailan, argi, garbi eta ozenki esan behar dugu estatu independente bat behar dugula, Europar Batasun berrian kokatuko den errepublika independente bat.

Eta ekonomiaz, eta subiranotasun ekonomikoaz, ba ote daukagu ezer egitekorik? Estrategia argi izan behar dugu. Horretarako, hona puntu zehatz batzuk:

(1)     Diruaren estatu-teoriaren arabera, diruari estatuak (hots, gobernuak) ematen dio balioa; eta horretarako diru hori zerga ordaintzeko onartua izan behar da. Diruaren balioa zergapetzeari berari dagokio. Hortaz, zor arazoa ez da ebatziko harik eta arazo fiskala konpondu arte, hots, zerga sistema berri eta egoki bat martxan jarri arte.

(2)     Finantza-arazoa eta arazo fiskala erabat lotuta daude. Beraz, zor osoaren arazoa, azken finean, arlo politikoan ebatziko da, zerga progresiboak martxan jarriz, bazka librea zergapetuz, gobernuak bere eginkizunari eutsiz (zergapetzeko eta dirua jaulkitzeko), eta lan-indarra eta kapital industriala zergapetzetik askatuz.

Jadanik oso nabaria denez, egunero zorrak ‘barkatu’ egiten dira. Gobernu askok hainbat bankuri opariak (diru-laguntzak) luzatu dizkiete bankuek luzaturiko zabor-kredituak zuritzeko. (Opari hori ez diete egin langileei, ezta kapital industrialari edo eta, hipotekak direla eta, zorpean dagoen hiritar gehiengoari ere).

Goazen harira. Nola kudeatu dezake herrialde batek finantza-arlo garbi bat, gaur egungo aurreztaileen nahiak eta helburuak kontuan izanda? Zorrik gabeko ekonomia bat aurrezkirik gabeko ekonomia da, talde baten zorra beste talde baten aurrezkia baita. Zor batzuk desegiteak aurrezki batzuk deuseztatzea esan nahi du. Hori ez da batere erraza izango.

Hona hemen, dena den, zenbait irizpide argi: (1) zorraren deuseztapena koordinatu behar da jabego publikoarekin, finantza-politika eta politika fiskala sinbiotikoak baitira; (2) bankugintza lerro produktiboetara zuzendu behar da; eta, (3) helburu nagusia ekonomia bera ‘des-finantzialtzea’ izan behar da.

Zorraren arazoa konpontzeko, zerga sistema berregituratu behar da, aktibo-prezioko inflazioarekin lotuta dagoen bazka librea zergapetzeko. Hortaz, etorkizun hurbilean arazo fiskala arazo politiko nagusi bihurtuko da.

Demagun, estrategia egokian aritzeko eta soilik ariketa gisa (eta progre, sasi abertzale, sasi ezkertiar eta gainontzeko jendilaje guztien gainetik), jadanik euskaldunok badugula euskal estatu independentea, Euskal Banku Zentrala eta guzti, moneta euroa delarik.

Zeintzuk izango lirateke Euskal Errepublika independente horren eginkizun nagusiak? Hona hemen zantzu batzuk[1]:

(i)          Europar  Banku Zentralari guri dagokigun zorra saltzea, Europan gaudelako eta bertan egongo garelako.

(ii)        Diru-laguntzari buruz, Randall Wray-k proposatzen duenaren arabera[2], Europatik guri dagokigun emergentziako planaren diru zatia bereganatzea eta berori ongi kudeatzea. Horretarako, bankuen jarduera soziala aplikatuko litzateke[3].

(iii)       Euro-gunea oso garrantzitsua delako, beste europar estatuekin batera, euro-gune hori  beste modu batez eratzea, birformulatzea, autoritate fiskal sendo eta egoki baten inguruan[4].

Euskal Herria independentea da helburu, baina ez edozein modutan eratua. Diruaren estatu-teorian aritzen diren ekonomialari askotxok argi esan digute nolako eraketa izan behar duen estatu batek (edozein estatuk) langabeziari eta zerga sistema egoki, apropos eta aurrerakoi bati erantzuna emateko.

Ikas dezagun eta  jar ditzagun martxan neurririk hoberenak gure herri txiki honetan, beste hainbat europar herrialderekin batera, Europar Batasun berri bat lortzeko asmoz.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude