Europar Batasunaz, berriz ere

Hona hemen edozein herrialde subiranoz jakin behar dena eta, ondorioz, berak egin behar duena: 


 


(1)  Banku zentralak zuzenki Gobernuaren zorra eros dezake beti, eta horrela gastu publikoa erraztu, bono merkatura jo gabe.


 


(2)  Atzerritar truke merkatuetan libreki flotatzen da moneta.


 


(3)  Gobernuak ez du behar maileguz hartzen atzerritar monetetan.


 


(4) Edozein herrialde subiranok ez du inolako solbentzia arriskurik.


 


Europar Batasuna (EB) desberdina da. Mosler-ek 2001ean[1] jadanik euroaren sendotasuna dudatan jarri zuen, EBko herrialdeek beren subiranotasun monetarioa galdu zutelako, de facto-ko atzerritar moneta (euroa) erabiltzen hasi zirenean.


 


Orain Europar Banku Zentrala (EBZ) legez kontra ari da. Izan ere, une honetan EBko herrialde batzuen zorra erosten ari da.


 


Hona hemen Mosler-en hitzak[2]:


 


Eurogunean dena gaizki doa harik eta nahiko txarto dagoenean EBZ-k arazoan dagoen edozein herrialdetako bonoak erosi arte, austeritate terminoak eta baldintzak inposatuz.


 


Orduan herrialde kide horiek zikloaren kontrako defizit gastatzeari eusten diote, beren buruak lurperatuz.


 


Hortaz, orain EBZ-k, azken baliabide gisa, herrialde kideen gobernuen defizit gastu horien zama bereganatzen du, printzipioz herrialdeak hondoratu ez daitezen (eta austeritatezko baldintzak inposatuz).


 


Afera da EBZ-k politikoki kapital muga daukala eta noizbait arazo horri aurre egin behar zaiola.


 


Gauza bertsua dio Wray-k[3]. (Wray, gainera, Txinaz eta Wall Street-eko ustelkeriaz mintzatzen da.)


 


Wray-ren berbak: EBZ-k beti izaten du ahalmena euroak sortzeko, baina debekatuta dauka, legez, EBko herrialde bakoitzeko gobernuaren zorra erostea. Hortaz, ezin da erabili edozein herrialde subiranotan usatzen den prozedura arrunta, non banku zentralak zuzenean zor subiranoa erosten duen edo akordio bat daukan, AEBetan bezala: lehendabizi Altxor Publikoak zorra banku pribatu bati saltzen dio eta gero Fed-ek bera erosten dio banku pribatu bati.


 


EBZ-k galarazita dauka hori egiteko. Beraz, beti dago murrizketa bat herrialde kide bakoitzean: herrialdeek euroak lortu ditzakete soilik maileguz hartuz edo esportatuz. Baina kide guztiak ezin dira esportatzaileak izan: EBko herrialde batzuk esportatzaileak izan daitezke, baina beste batzuk inportatzaileak izango dira. Oro har, horrek ez ditu euroak sortzen.


 


Noski, euroak beste herrialde batetik maileguz hartu daitezke, kasu, herrialde esportatzaile netoetatik. Baina, baldin eta zu inportatzaile netoa bazara, EBko beste herrialdeekiko zure zorrak, kanpo zorrak, handituz joango dira eta azkenean zure merkataritza egokitu beharko duzu, ala hondoratuta egongo zara. Joera horrek ezin du iraun.


 


Okerrago, krisiak jotzen duenean, gertatu izan den moduan, EBZ eurotan maileguak hornitzen hasten da, eta arazoan dagoen herrialde bakoitzeko kanpo zorra finantzatzeko bide berriak sortzen ditu ordainketaren eza alboratzeko edo merkatuak erosiko ez lituzkeen zorraren sailkatze txarrak ez izateko.


 


Wray-k EBrako bi irtenbide desberdin proposatzen ditu:


 


(a)EBZ-ri ahalbideratzea EBko herrialde kideei fondoak hornitzea, eta hori zuzenean egin daiteke. EBZ has daiteke gobernu zorra erosten. Edo zeharka, erreserben maileguak banku zentral desberdinei hornituz, beraiek zorra eros dezaten.


(b)Politika fiskala erabiltzea, Europako Parlamentuaren defizita handituz. (EBrako oraingo aurrekontua BPG-ren %1a baino gutxiagokoa da. AEBetakoa %20a baino handiagoa da.)


.


Wray-ren ustez, politikoki bide biak ez dira egingarriak euroguneko gaurko arauen arabera. Horixe da arazoa. EBZ-ren bidez proposamen horiek gauzatzeko Europar Konstituzioa aldatu beharko litzateke.


 


Wray-k dioenez, ez da inongo sekreturik baina EBZ Alemaniak zuzentzen du. Eta Alemaniak ez du permitituko inoiz EBZ-k hori egitea. Beste aldetik, jakin beharko litzateke ea EBko beste herrialdeak gai izango eta prest egongo liratekeen politika fiskal komun bat edukitzeko. Badirudi ez diotela nahi Europako Parlamentuari botere gehiegi ematea. Horra hor, beraz, beste arazo bat.


 


Kasurako, Washington-en, Depresio Handian gobernu federalaren aurrekontua %3a izan zen, orain aldiz %20a.


 


Prest ote dago EB antzeko aldaketa sakona gauzatzeko?


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude