BENITO LERTXUNDI, musikaria

«Ametsetan etorri zitzaidan melodia bat erabili dut disko berrian»

(https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2018-10-05/hemeroteca_articles/ametsetan-etorri-zitzaidan-melodia-bat-erabili-dut-disko-berrian)

Bere ibilbideko hamaseigarren diskoa kaleratu du, «Ospakizun gauean»…

Musikari soila?

(…)

Politika ezin bazterrean utzi, Benito Lertxundirekin solasean arituz gero. Eta esan beharra dago elkarrizketan zehar bestelako gaiak ukitu ditugunean lasai eta are irribarretsu ere azaldu bazaigu, Euskal Herriko egoera politikoaz galdetzean berehala antzeman dugula kezkatuta eta haserre dagoela. «Oso gaizki ikusten dut egoera», izan da bat-bateko erantzuna. Izango dela gauzak ondo doazela esango duenik, baina horren azalpena oso sinplea dela: Euskal Herriarekiko pertzepzio desberdina. «Herria menperatua ikusten ez dutenek egoera ona dela esango dizute. Baina nik menperatua ikusten dut, eta esango dizut zapalkuntza horri erantzun egokirik ematen zaionik ez dudala ikusten. Ni menperatua baldin banaiz, eta menperatzailea legitimatzen badut nire jardunarekin, bada esan nahi du aberia daukadala», diosku, eskuarekin kopeta ukitzen duen bitartean keinu esanguratsu batean. Kolonizatzaileari «zilegi zaizu nire jabe izatea, ni zure gatibu izatea», hori ez dio sekula esango Benitok. Gero, indar harremanaren kontua dago. «Indar nahikoa ez badaukat, kolonizatu egingo nau, bai, baina ez nire gogoz, nik beti adieraziko diot zapalduta naukala, ez diot behin ere esango ‘anaiak gara, anaikortasunean bizi gaitezen’. Bada horixe ikusten dut, inperioak ‘anaikortasuna’ eskaintzen digula, bere legeak onartzea, eta onartu egiten dizkiola herri honek. Gero bai, Aberri Egunean esango dute askatasuna, independentzia eta abar behar ditugula…».

Zer egin, orduan, egoera honen aurrean? Nola erantzun, zer tresnekin? «Ni neu naiz, Benito, herritar bat besterik ez, baina egoera hauek erantzun eta kontzientzia kolektiboa eskatzen dute. Adibide bat jarrita: arrotzak zure etxea hartzen badu, eta indarrez hartu, zuk ez diozu minutu batez ere utziko nola bota pentsatzeari. Baina egoera partikularretik (norberaren etxea), egoera kolektibora pasatzen garenean (Euskal Herria), bada inperioaren ideologiaren eraginak desaktibatu egin gaitu. Gaur egun, jendeak pentsatzen du politika profesionalen kontua dela, politikoena. Eta ez da. Menperatuaren kontzientzia norberak izan behar luke, hain da eta begi-bistakoa. Gero, estrategiak, taktikak, pausoak… hori dena izan daiteke klase politikoaren zeregina, baina aurreneko baldintza horrek kale egiten badu, kontzientzia hori ez badugu, kaskoa jan dizutelako, bada ezin duzu ezer planteatu. Inperialismoak ‘errekuperatu’ egin nahi zaitu, bere kulturan, bere pentsaeran, bere dinamikan sartu. Eta hala ikusten dut nik herri hau, ‘errekuperatua’… Norbaitek igual esango du tronpatua nagoela; bada, zertan nagoen oker esplikatu beharko dit. Berriro diot, etena behar dugu, emantzipazio politikoa, norberaren banakoa eta baitakoa».”

Joan den irailaren 29an Santurtziko Serantes Kultur Aretoan izan genuen Benito eta bere taldea.

Benito Lertxundi gitarra eta ondoan izan ohi dituen musikariak lagun egon ziren oholtzan: Juantxo Zeberio piano eta sintetizadorean, Amaiur Caraville baxuan, David Gorospe baterian, Angel Unzu gitarra eta bouzukin, Gurutz Bikuña gitarran, Xabier Zeberio biolin eta nyckelharpan, Pello Ramirez soinu eta biolontxeloan, Intza Unanue koroetan eta Olatz Zugasti harpa, teklatu eta ahotsean…

Ordu batzuetan bederen pozik egon ginen.

Iruzkinak (1)

  • joseba

    «Aspaldi konturatu nintzen sakratuena askatasuna dela, gogo aske bat izatea»
    (https://www.berria.eus/paperekoa/1928/032/001/2018-10-14/aspaldi_konturatu_nintzen_sakratuena_askatasuna_dela_gogo_aske_bat_izatea.htm)

    (…)

    Otzandu herrian-en, menderatu ez ezik, otzan ere deskribatzen duzu herri hau.

    Aspaldi konturatu nintzen herri hau herri menderatua dela esatea ia bekatu bihurtu dela. Eta hori bekatu bilakatu bada… edo herri hau ez da herri menderatu bat, eta hori nire uste oker bat da, edo jendea beldurtu eta otzandu da. Onartuko bagenu hau herri menderatu bat dela, horrek ez luke gatazka konponduko, baina jakingo genuke menperatzailearen diskurtsoari erantzuten. Badakigu menperatzailearen diskurtsoa zein izango den; hau da, esango du ez dagoela menderakuntzarik, baina jakin behar dugu zer egoeratan gauden. Gero esaten da hizkuntza ez dela politizatu behar… Nik ez dut ezagutzen politizatua ez dagoen hizkuntzarik. Munduan gauza oso normala da! Hizkuntzarekin politika egiten da, eta hizkuntza ikur bilakatzen da! Hizkuntza batek, iraungo badu, biziko bada, boterea behar du. Horregatik egin dut kantu triste hori. Kantu tristea baita. Baina iruditzen zait esan behar nuela. Zeren eta gorderik izango dugu herri menderatua garela? Nora eramango gaitu horrek?

    Zuk aipatzen duzun otzantasuna berria da, edo iraganetik dator?

    Herri honek izan ditu fase ezberdinak azaleratuta. Garai batean indarkeria izan da, Euskadi biolento hori, menderatzaileen indarkeria ikusi nahi izan ez dugunean… Askotan esaten da pentsaera ugari dagoela herri honetan. Baina pentsatzen dugu ideologia edo pentsaera guztiak daudela baldintza berberean? Ideologia bat armadaren eta legeen babesean dago. Eta batzuk hor lasai eta eroso daude. Nik ez dut errespetatzen hori; gehienez ere, tolera dezaket. Errespetatu ez da egiten gauza oker bat. Egoera menderatu batean izanda, zergatik ez dugu hemen diskurtso garbi bat? Gure argazki askeago eta duinago bat egingo duena eta gainera antolamendura eramango gaituena. Zergatik gaude hain nahasi eta galdu?
    (…)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude