Euskal Herria: iritzi sendoak, strong opinions (1)

Patxi Azparren-en Euskal CUP bat (zuen) beharra

(https://www.argia.eus/albistea/euskal-cup-bat-zuen-beharra)

“Ezaguna denez, Kataluniako egoera politikoa irauli duten eragile nagusiak lau dira: PdeCat, ERC, CUP eta ANC. Iragan den urriko erreferendumaren atarian lau eragile horien kokapen politikoak ezberdinak ziren eta denek ez zuten iritzi bera. Oinarri sozialek, ANC-Omiumek eta CUP-k mobilizazioei ekin zieten eta CiU ohiak eta ERC-k onartu behar izan zuten ibilbidea.

Oraingoz, Kataluniako Errepublikaren aldarrikapena sinbolikoa baino ez da eta prozesuaren etapa batean baino ez gaude. Gatazka juridiko-politikoa zabalik dago eta emaitza ikusteke.

(…)

Euskal Herrian

Geurean, berriz, bistan da eragile politikoek ez dutela osatzen Katalunian ikusgai dugun panorama. Hemen, Katalunian ez duten osagarri garrantzitsu bat ukan arren, (gehiengo sindikala) eragile nagusiak ez dira independentismo aktiboan kokatzen eta prozesu independentista baten hasieratik urrun kokatu gaituzte.

Duela urtebeteko prentsa irakurriz gero, Kataluniako erreferendum aurretik egindako agerraldietan, zenbait eragilek aldebakartasuna aldarrikatzen zuten “Euskal Bideari” ekiteko. Egun, aldiz, kikildu direla/garela ematen du. Izan ere, azkenekoetan Kataluniako eta Euskal Herriko erlojuak parekatzeko egin diren deialdiak Katalunian geldi daitezen egin dituztela dirudi.

Kezkagarriak izan dira ere zenbait azalpen, Estatu espainiarrak euskal herritarrak eta katalanak liluratzeko (seduzitzeko) proposamenak mahai-gainera ditzala aholkatzea, esterako. Iosu Ion Imazen “Espainia lilura dezagun” edo gu liluratzeko aukerak egon daitezela esatea gertuegi daudela esango nuke. Estatu espainiarrean “eroso” egon ahal izateko proposamenek beldurtu ohi naute eta testu-inguru honetan askoz gehiago, Kataluniako jauziarekin bat egin beharrean, Katalunian atzera egin nahi dutenekin bat egin dezakeelako.

(…)

Porrot batek sor lezakeen frustrazioaren beldurrez ezkerreko independentismoaren eledun nagusiek EAJ-PNVren bidaia-kidetza bilatu dute, alderdi horrek dituen behar eta arrisku berrien aitzinean komuneko interesek elkartu ahal gaituztelakoan.

Haatik, aste berean PPren aurrekontuak bozkatzeko; Pedro Sanchez presidente izendatzeko eta EH Bildurekin balizko Estatus politiko baten aurre-hitza sinatzeko gai den alderdi batekin akordio estrategiko bat hitzartzea biziki arriskutsua da. Inolako ondoriorik gabe, emandako hitza hamaika aldiz jateko gai den alderdi batekin jauzi soberanista eman nahi izatea ez da bideragarria.

(…)

Mendebaldeko hiru herrialdeetarako estatus aldaketaren mugak estuak dira. Beharra sentitu bezain laster, PNVk PSOE eta Podemosekin bestelako bide bat adostuko du. PNVrentzat askoz erosoagoa da ultraeskuina alde batean utzi eta Ezker Soberanista beste aldean laga, gainontzeko eragileekin Espainian eroso eta oparo jarraitu ahal izateko akordioa sinatuz.

Eszenatoki hori posiblea da eta hilgarria ezker Independentistarentzat. Ataka horretan ezker Independentista Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PNVk Podemosek eta PSOEk sinatutakoaren aurka kokatu beharko litzateke balizko autonomia estatus berri bat aldarrikatzeko, esperpentikoa. PNVek ez luke apenas higidurarik izango eta independentismoa desaktibatuta geratuko litzateke. Izan ere dagoeneko zenbait eragilek jardun independentista eten egin behar dela aldarrikatu dute.

Jardun independentisten beharra.

Katalunian bezala, Euskal Herrian ere Estatuekiko etena eta eredu sozioekonomikoarekiko haustura aldarrikatuko eta praktikatuko duten eragileen beharra du. Horiek gabe hurrengo urte luzeetan ez da dinamika eraldatzailerik sortuko eta dinamika horiek gabe gure jendartea, agortutako jendartea izango da, porrot prebentiboan itota.

(…)

Estatu espainiarra eta frantsesarekiko aldebikotasun orekatua eskuratu ahal izateko modu bakarra errepublika burujabea sortzea da. Hortaz, orain aldebikotasunean oinarritutako estrategiek harresi batera garamatzate; aldebakartasunean oinarritutako estrategia azken muturrera eraman ahal izateko adina indarra ez dugu. Labirinto honetatik ateratzeko independentismoak bide berriak eta subjektu politiko berriak sortu behar ditu. Aldebakartasunetik hastea baino ez dago, baina garapen historikoa eta eraldaketa politikoa ulertzeko baliabide eta paradigma berriak erabili behar ditugu.

Mediterraneoko gure lagunen moduan, guk ere erreferente erradikalen beharra dugu. Dinamika eraldatzaileak sor daitezke soilik, subjektu politiko eta pertsona batzuek “0” minututik haustura-prozesuari ekiten badiote/diogu.

Gure ANC osatzeko baldintzak ez dira ematen, besteak beste , hemengo eskuina autonomista delako eta egitura “panabertzaleak” autonomismora mugatuko direlako; baina “euskal CUP” batzuk sortzeko aukera eta premia dago hauteskunde lehiatik at, beste militantzia batzuekin bateragarria eta dantza eta doinu interesgarriagoak jotzeko lagungarriak.”

Gogoratzekoak:

E-postak, CUP-ri buruz

CUP delakoaz hitz bi

Badaezpada ere, ikus Katalunia, mon amour!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude