EHBildu ala PNV?

Behean dagoena gaur iritsi zait e-posta gisa. Birritan irakurri dut, ezin izan dudalako sinetsi begien aurrean izan dudana… Irakur lasai, arren!

Autogobernua Eguneratzeko Ponentzia parlamentarioak zehaztutako epeei jarraiki, PNVk Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politiko berrirako proposamena aurkeztu zuen iragan urrian Legebiltzarrean, (…).

PNVren proposamenaren ardatza, zalantza barik, erabakitzeko eskubidea da. Euskal Herria nazioa den heinean, autodeterminazio eskubidea (sic) du, erabaki propioak hartzeko eskubidea du hala Estatu espainolarekiko harreman mota definitzerakoan nola egunerokotasunean eragiten duten politika sozial, ekonomiko edota kulturalak zehazterakoan, eta hori, erabakimena, hain zuzen, bermerik onena da jendearen eguneroko beharrak hobekien asebete ahal izateko. Horrela, estatus berria eskubide sozial eta ekonomikoen karta baten bermea bilakatuko litzateke XXI. mendeko euskal herritarrentzat.

PNVren proposamenaren arabera, beraz, euskal jendartearen erabakitzeko eskubideak izan behar du EAEko estatus politiko berriaren oinarri nagusia. Hau da, estatus berriaren muga bakarra Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren borondate demokratikoa izango da, eta legalitate espainola ezingo da erabili herri borondateari muga edo betoa jartzeko, legeak herritarren borondateari erantzun behar diolako, ez alderantziz. PNVk oso argi du erabakitzeko eskubidea aitortu eta jaso gabe ez dela estatus politiko berririk egongo, eta hala gertatuko ez balitz, iruzurra litzateke euskal gizartearentzat, inkesta eta hauteskunde guztietan frogatzen delako erabakitzeko eskubidea gehiengoaren desio eta aldarrikapena dela. Are gehiago, eztabaida horren muinean demokrazia bera dago jokoan eta, Maddalen Iriartek (sic) sarri dioenez, PNVrena proposamenik demokratikoena, transbertsalena eta integratzaileena da, planteatzen duen estatusak, joko zelaiak, bide ematen dielako proiektu politiko guztiei, denak berdintasun baldintzetan defendatu ahal izateko, bai eta gauzatzeko ere, herritarren gehiengoak hala nahi eta erabakiz gero.

Zentzu horretan, proposamenak argitzen du zein den eszenatoki horretan PNVk defendatuko duen alternatiba herri honetako gizon-emakumeak hobeto bizi daitezen: EAE subjektu politiko burujabe bilakatzea eta Euskal Estatua sortzea, azken helburua Euskal Errepublika Konfederala osatzea izanik, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriarekin batera, bertako herritarrek demokratikoki hala erabakitzen badute.

PNVren egitasmoak estatus berria adosteko eta gauzatzeko prozedura demokratikoa ere zehazten du: lehenengo fasean Legebiltzarrak marko berri horren oinarriak adostuko ditu, jarraian testu artikulatua osatu eta onartuko du eta ondoren herritarren onespena eskatuko du kontsulta habilitante baten bidez. Hortik aurrera, bigarren fasean jada, Gobernu espainolarekiko negoziazioari ekin beharko zaio, Madrilen adosteko nola gauzatu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek erabakitakoa, mekanismoak eta epeak ezarriz. Horraino iritsita, baina, garrantzitsua da gure burua ez engainatzea; Estatuak inoiz ez du erabakitzeko eskubidea onartuko eta termino horietan ez da akordiorik egongo. Beraz, bide alternatiboa prest eduki beharko dugu Estatuaren ezezkoa gainditzeko, eta horretarako ezinbestekoa izango da babes sozial ikaragarri sendoa lortzea, hori izango baita estatus politiko berriaren garapena bermatuko duena.

Banekien hori zela estrategia, baina hain argi ez dut inoiz ikusi.

Bi ohar:

(a) Iritsitakoa EHBilduk daukan aldizkarian azaldu da. Titulua: Herri bat berpiztu.

(b) Zoritxarrez, jatorrizko testuan EHBildu azaldu deneko guztietan, kopiatzerakoan, PNV idatzi dut. Sorry. Ez naiz konturatu. Ez dakit zergatik!

Zaldieroa

Erantzun bat “EHBildu ala PNV?” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

58 − 54 =