Quebec: autodeterminazioa, argi

GabrielNadeau-Dubois

Quebec Solidarioa

(http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2017-11-18-06-00/hemeroteca_articles/abertzaletasunaren-sektore-bat-populismora-gerturatu-da-gazteentzat-arbuiagarri-bilakatuz)

Lurrikara eragin zuen Quebeceko panorama politikoan aktibismo soziala utzi eta alderdi politiko batera salto egitea erabaki zuela adierazi zuenean.

«Abertzaletasunaren sektore bat populismora gerturatu da, gazteentzat arbuiagarri bilakatuz»

Aimar Etxeberria Korta

Zipriztin batzuk:

Jean Charest liberalaren gobernuak 2012an bultzatutako matrikula-tasen aurkako ikasle protesten lider izan ostean, liburuak idazten eta konferentziak ematen pasa ditu ondorengo bost urteak Gabriel Nadeau-Duboisek, harik eta Quebec Solidarioa alderdira batu den arte.(…)

Zergatik Quebec Solidarioa eta ez, adibidez, Alderdi Quebectarra?

Erabakiaren arrazoiak azaltzeko historia pixka bat egin behar da. 2006an sortu zen Quebec Solidarioa, mugimendu sozialak ondorioztatu zuenean Alderdi Quebectarra ez zela gehiago zituen helburuak lortzeko bidean tresna baliagarria izango. Sozialdemokrazia tradizionaletik datorren alderdia da Alderdi Quebectarra, baina neoliberalismotik zetozen ideia guztiak bere egiten hasi zen momentu jakin batean. Esaterako, murrizketa politikak aplikatu izan dituzte Gobernu lanetan aritu diren azken aldietan. 90eko hamarkadaren amaieran ematen da mugimendu sozialaren eta ordura arte quebectarren alderdi nagusia zenaren arteko haustura; gerora, 2006an, sortu zen Quebec Solidarioa, ezkerreko bi alderdi txikiren batura gisa, mugimendu sozialarentzat erreferente izateko bokazioarekin. Historikoki, sakonki txertatua egon da independentismoaren ideia ikasle mugimenduan, sindikatuetan, mugimendu feministan eta abarretan. Ulertu izan da independentzia eta justizia soziala ez direla bereizita joan behar diren bi termino. Horregatik, eta François David alderdiaren baitako nire aurrekoak deitu zidalako politika utzi behar zuela esanez, ezinezkoa egin zitzaidan alderdira gehitzeko urratsari ezezkoa ematea.

(…)

Bi aldiz erabaki dute quebectarrek independentziaren inguruan, eta bi aldiz egin diote uko. Egun, zertan da independentismo quebectarra?

(…) abertzaletasunaren sektore bat populismora gerturatu da azken urteotan; horrek prentsa txarra dakar. Guk oso argi daukagu ez dugula gutxiengoen aurka egingo, baizik eta eurekin eraikiko dugula independentzia. Zentzu horretan, gertuago sentitzen dugu mugimendu independentista eskoziarra gure mugimendu propioaren sektore bat baino. Hamar urte inguru dira jada Alderdi Quebectarraren baitako sektore bat agenda kontserbadorea garatzen ari dela. Belaunaldi gazteenentzat erabat arbuiagarria den agenda bat ari dira markatzen; ondorioz, gazteek nahiago dute dibertsitateari irekita agertzen den Alderdi Liberalari botoa ematea, dibertsitatearen aurka dagoen alderdi sozialdemokrata bati baino.

(…)

Maiz entzuten da Euskal Herrian Quebec adibide egokia dela afera konstituzionalak soluziobidean jartzeko. Ados al zaude horrekin?

Ottawa, politikoki, Madril eta Londresen arteko zerbait dela esango nuke. Paperean, agian, nahiko luke Kataluniak Madrilek bere garaian Ottawak izan zuen jarrera izatea. Errealitatea, baina, askoz ere konplexuagoa da. Teknikoki, Gobernu federalak erreferendumaren emaitzak onartuko zituela esan zuen, baina ondoren demokraziaren oinarrietako bat den %50+1 ideia Quebecerako ez zela baliagarria iritzi zion, “Argitasun Legeari” bide emanez. Gehiengo “argi” batez hitz egiten dute, baina zehaztu gabe zertan datzan. Aurrez adierazi bezala, urte batzuen ostean jakin izan zen ezezkoaren aldeko kanpaina indartzeko Kanadako Gobernuak gastu ilegalak egin zituela. Paperean, Ottawa egun Madril dena baino ulerkorrago aritu zen, baina quebectar asko harritu egin ziren Londres Eskoziarekiko hain eskuzabal ikusita. (1)

Nola ari da jarraitzen Quebec Kataluniako afera? Zer iritzi duzu bertan gertatzen ari denaren inguruan?

Egoera gatazkatsua da, oso gainera. Madril izaten ari den jarrera ulertezina da guretzat. Biolentzia maila, errespetu falta eta katalanek oinarrizko askatasun demokratikoak urratuta dituztela ikustea, 2017an eta Europar Batasuna bezalako ustezko erakunde demokratiko batean, sinestezina da. Gainera, Europar Batasunaren zein kontinentean zeharreko ezkerraren erantzuna ulertezina iruditzen zaigu; guretzat ezkerrekoa izatea eta autodeterminazio printzipioaren aurka egitea ez datoz bat. Quebeceko tradizio politikoan autodeterminazio printzipioa ezkertiarra izatearen baitan doa, naturala da. Harrigarria da benetan ikusten ari garena.

Katalunian kide bat dauka gure alderdiak, katalanei elkartasuna adierazte aldera. Elkartasun mozioak ari gara onartzen hala Asanblea Nazionalean nola Kanadako Legebiltzarrean ere. Egin dezakegun guztia ari gara egiten. Baina egia da sinesgaitza egiten zaigula EBren jarrera ikustea. Estatu espainiarraren kasuan aurreikus zitekeen zerbait da, ez ordea EBko estatuengan. Quebecen inork ez luke autodeterminazio printzipioa horrela kriminalizatuko.

Gehigarria:

(1) Gogoratu ondoko hau: Brexit eta autodeterminazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude