Sestaoko ‘La Naval’ eta Ibar Ezkerra

Gaur:

Alarma piztu da La Navalen eskaera zorroa hutsik delako

Lakua descarta invertir dinero en La Naval pero «acompañará» en la «búsqueda de alternativas»

Atzo:

http://www.agustinibarrola.com/wp-content/uploads/2014/05/agustin-ibarrola-grabado-6.jpg

(i) [Tobar, Joseba]: «La Naval» lantegiko gatazka, 252. zk., 1973-03-30.

«La Naval» lantegiko gatazka

Bizitzaren garestitasuna eta prezioek iragan urtean egin duten gorakada haintzat harturik, alokairu egoki eta araberako bat eskatzea pentsatu zuten Sestaoko «La Naval» enpresako langileek.

Zenbat eskatu behar zen erabakitzeko, batzar zabal batzuk egin zituzten joan den urtarril osoan (astean bat edo bi).

Enpresa, bere aldetik, 1972. urteko alokairua %8 gehitzeko prest zegoen. Hala ere, langileek, gehitze hori guti zela deliberatu ondoren, hilabete bakoitzeko, 3.000 pezeta gehiago ordaindu behar zitzaiela erabaki zuten. Eskabidea horrela egin zen. Gainera, alokairuen igoera horrek langile guztientzako berdina izan behar zuen, prezioen igoera ere denontzako berdina baitzen.

Lantegiko nagusiek honela erantzun zuten: alokairua %10 goratuko zutela eta urtearen barruan 6.000 pezeta eskupeko bezala emanen.

Eskaintza hau eskasa zela kontsideraturik, langileek «sugea» delakoa egin zuten fabrikan, eta, besterik gabe, batzarrera etorri ez ziren langileak eta kontratakoak haien aldera pasatu ziren.

Batzarrekoek agiri bat bidali zien Bilboko egunkari guztiei, lantegiko gorabehera guztiak azalduz.

Egunkariek berririk eman ez zutelako, goiz batez periodiko pila haundi bat apurtuta agertu zen lantegiko bulegoen aurrean.

Langileen gatazka haundituz zihoala konturaturik, eta giro hau behin batez deuseztatu nahirik, enpresakoak jendea kalera botatzen hasi ziren: lehenik hiru egunetarako, gero zazpi, berriro zazpi, eta otsailaren 24ean bi hilabetetarako.

Azken zigor hau ikaragarrizkoa izan da, zeren bi mila langile horrenbeste egunetarako soldata gabe uztea ez baita txantxetako gauza.

Otsailaren 20an, Sestaoko sindikatuan, Bizkaiko sindikal agintariek, langileei dei egin ondoren, giza talde haundi baten aurrean berba egin zuten.

Hurrengo egunean, otsailaren 21ean, Sindikatuaren jokoa eta haren zeregina aipatu zen batzarrean. Sindikatutik kanpo jarraitzea erabaki zen eta lehen bezala segitzea.

Batzar berean, Nafarroako apaizen homilia ere irakurri zen, eta han esaten zena denok ados onhartu zuten.

Egindako batzarrak, 26 edo izan dira.

Bizitzaren garestitze honi buru egiteko, beste lantegi gehiagotan ere izan dira gatazkak, esate baterako, «Euskalduna», «Babcock-Wilcox» eta «General Eléctrica»n, hain gogorrak izan ez arren. Fabrika hauetan ere, ba dira lan gabe geratu direnak.

Egoera honi erantzun bat eman nahiz, Bilboko Gotzainak ere dei bat egin du, eliza guztietan dirua bil dadin, kalean lanik gabe dauden langileei eta haien familiei laguntzeko.

Oharra: Ez dakigu, informazio hau agertzen deneko, «La Naval»eko gatazka zer egoeratan izango den. Hala ere, orain arteko gertakarien publikatzea beharrezkoa iruditu zaiku.

BARRENETXEA

1973.eko martxoaren 6an

2017ko oharra: Aipaturiko Sindikatu hori ‘bertikala’ zen, frankista.

http://www.agustinibarrola.com/wp-content/uploads/2014/05/agustin-ibarrola-grabado-5.jpg

(ii) [Tobar, Joseba]: Mendigoizale baten gogoetak, 255. zk., 1973-05-15.

Mendigoizale baten gogoetak

Igandea etorri zaigu. Goizetik jaiki gara ohetik, eta mendira abiatu gara.

Trapagara heldu ondoren, bertako funikularra hartzen dugu, eta Larrainetara igotzen gara. Handik bai ikuskizuna!

Eskuin aldean, Bilbo, ketan, ixilik, Bilbotik Santurtzeraino, Nerbion hibaiaren ezkerralde osoa agertzen zaigu, fabrikaz beterik. Han, urrunean, etxeetako teilatuetan zehar, gruba baten punta agertzen da. Gero beste bat eta beste bat, zigoina buruak bailiren.

Aurrez aurre Algorta. Ederra. Teilatu gorri gorriz koloreztatua. Pixka bat gure ezkerretarantz, Serantes mendia: alde batetik Campsa, Iberduero, Butano, eta bestetik Somorrostroko iragaztegia dituen mendi hura.

Gure azpian Trapaga. Eta Barakaldo ere bai. Lotan daudela ematen dute biok. Bihar-etziko sozial aldaketa ausnartzen nonbait. Hortxe daude biok, pentsatzen. Beude, ba!

Atzean, urruneko mendiak baino hurbilago, Arboleda deritzan herrixka.

Goazen aurrera!

Zeruan, Bilbo aldetik, eguzkia gorantz doa, Larrainetako etxe ttipi eta bereziak bistatik galtzen ditugun bitartean.

Orain, bai eskuinetara eta bai ezkerretara, Bizkaiko lehen meatzak ikus daitezke. Abandonaturik. Hilik.

Aurrean Arboleda ikusten da. Enparantza bat, etxe ttipi eta bereziez inguraturik. Erdian musika kiosko bat. Hau ere berezia da. Halako zerbait daduka.

Hemen eta inguruko herrietan, Bizkaiko lehen sozialistak sortu ziren. Gure aitak behin baino gehiagotan azaldu izan zigunaz oroitzen gara.

Berak esaten zuenez, 1848.ean egin zen lehen Labe Handia Bizkaian. Boluetan, hain zuzen. Hala ere, ezin esan daiteke industri iraultza hasia zegoenik une hartan.

Industri iraultza XIX. mendearen azken laurdenean agertu zen. Denbora hartan, kondizio berezi batzuk aurki daitezke. Guk hemen zenbait besterik ez ditugu aipatuko.

Lehen mementotik, industriaren hasiera hartan, finantziatzeko erakunde bat jaso zen: Bankua.

«Banco de Bilbao» 1857.ean eraiki zen. «Banco de Vizcaya», berriz, 1901. urtean. Banku hauetan kapital batzuk bildu ziren. Kapital horik, merkatalgoaren bidez, Ameriketan edo Bizkaian bertan eginiko kapitalak ziren. Kapital hauk, Bizkaira eurrez etortzen ziren atzerriko kapitalekin batu ziren.

Bizkaian zeuden meatzak zirela kausa, industrializazioa agudo aurreratu zen. Gertaera honek, noski, zenbait ondorio ekarri zituen:

– Aberats klase beri bat Estatuaren buruzagitzan sartu zen laster. Aberats klase berri hori burjes handiek osatzen zuten.

– Imigranteak Nafarroa, Aragoe, Leon eta Gaztelatik etorri ziren. (Nafarroak 1860. urtean 299.654 bizilagun zituen; 1920. urtean 329.875. Bizkaia, epe berean, 168.705 bizilagunetatik 409.550 bizilagunetara heldu zen).

XIX. mendearen amaieran, burjes handi horik Estatuaren buruzagitzan finkatu egiten dira laster. Ez dira inoiz, beren historia guztian, demokraziaren aldekoak izan. Lehen Errepublikan, esate baterako, monarkiarekin eta lurjabe handiekin lotu ziren.

Bizkaian jaiotako klase hura osatzen zutenak ez ziren herrikoiak. Zertarako? Lan gogor eta neketsuetarako langileak lortzeko, merkatu handia eta merkea zuten. Produktuen esportazioa, beren gogarako kondizioetan egiten zuten. Eta behar zuten beste. Klase hura zentralista besterik ez zen. Ekonomiaren aldetik abantail asko eduki zuen.

Gauzak honela izanik, Euskal Herrian ideologia berri bat sortu zen, burjes klase horren kontra.

Gero gerokoak.

Arboledako meatzak ikusi ditugunean, gure pentsamendua atzerantz joan da historian barrena.

Orain ere pentsatzen gaude. Gure azpian dauden fabriken artean, zenbat kapital dagokio, aipatu dugun klase horri? Zenbat USAri, zenbat langileari berari?

Bai, Bizkaia aberatsa dela esan daiteke. Baina aberastasun hori noren eskuetan dago?

Bizkaiko lehen meatzak hilik daude. Haien artetik pasatu gara, Ganeran mendirantz abiatzerakoan. Eguraldi ederra. Nerbion hibaiaren ezkerraldea ixilik datza. Bihar-etzi, itzarri eginen da. Gaurkoz, bego dagoen moduan. Bihar, bere oihua ematerakoan, adi eta prest egon behar.

AIERT

2017ko oharra: Euskara denbora hartan baturantz joaten zena zen, gorabehera guztiarekin, noski.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude