Periko Solabarriari egindako bigarren omenaldia

Solabarriari omenaldia, Barakaldon.

Bertan egon nintzen atzo, joan den urtean lehen omenaldian egon nintzen moduan eta hil eta berehala egin zen omenaldi erraldoian ere egon nintzen legez…

Jende nahikoa, gazte gutxi oraingo honetan.

Periko Solabarria nola ezagutu nuen blog honetan jadanik plazaratua dut (Periko).

(Harrez geroztik elkar gurutzatzean beti oso abegikor agurtu genion elkarri, azkenean Zugaztietan.)

Goizean Lutxanako plazan, sindikalista ospetsu batek galdetu zidan ea zergatik ez dudan orain idazten euskal prentsan…

Nire erantzun zuzena:

“Zentsuragatik. Soilik blog batean idazten dut, UEUko blog batean, bereziki ekonomiaz…”

Haren erantzuna:

Gogoratu Aresti, zer nolako tratua jaso zuen eta gero denak Arestiren alde azaldu dira, bera goraipatuz.

Orain, berriz, norbera hil behar da eta gero ospea, eta abar…!

Heterodoxiak ez dauka lekurik gaurko prentsan, are gutxiago ekonomia arloko heterodoxiak.”

Biok ados geunden hemen eta orain dagoen apurra ELA eta LAB edo LAB eta ELA direla1… gazteengan iristeko ahaleginak egin beharko direla…

Bai ados geunden hainbat puntutan. Baina ni neu munstroa zen Arestirengandik oso urrun nago, urrunegi. Gutxienez, hori bai, Aresti zalea izan naiz eta naiz, beti eta betiko!

Baina lagunak luzaturiko mezuarekin, sakonean, ados nago.

Hic et nunc heterodoxiak ez dauka espaziorik. Espazio lortu behar du, lurraldetasun berriak landu behar dira hala politikan nola ekonomian.

Biok hor geunden, jende artean, anonimatuan… Perikori gorazarrea egiteko asmoz…Rontegiko zubi azpian, agian laster Periko Solabarriaren zubia izango denaren azpian…

Eskaini zidaten hitz egiteko aukera, hitz batzuk esateko.

Hitzak pentsatu bai, baina neurekiko gorde nituen, anonimatuan.

Hona pentsatutako hitzak, goiz bertan izandako elkarrizketari lotuak: “Periko ametsen ingeniaria izan da, Aresti bertsoen ingeniaria  izan zen antzera…”


1 Nahiz eta biak mandangaz aritzen diren, politika arloan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

4 + 2 =