Autodeterminazio eskubidea eta Konfederazioa

(i) MARMARKA: Bla-bla-bla edo hitzontzikeria

Artikulua: Erabakiaren aroan, urratsak elkarrekin1

‘Erabakitzeko eskubidea’ (sic) eta Autodeterminazio eskubidea erabat nahasiz…, ‘erabaki’ hitza 24 (bai bi dozena!) aldiz aipatuz, ez dakigu, benetan, zer egingo dugun 2019 arte.

Kasu,

i) Ohartuko gara nazioarteko mailan AD dela nagusi eta bakarra eta ez inongo ‘erabakitzeko eskubiderik’?

ii) Ohartuko gara hic et nunc RUI dela giltza independentzia politikoa lortzeko?

iii) Ukituko ditugu inoiz arlo ekonomikoa eta finantzarioa, independentziaz hitz egiterakoan?

iv) Ala sinestarazi nahi ote digute leloak garela, eta behar dugula abangoardia politiko (eta ekonomiko) bat gu geu ‘gidatzearren’?

Artalde bat ote gara?

Hortaz?

(ii) JADANIK UKITUTAKO AUTODETERMINAZIOA eta RUI

Besteak beste, ikus ondoko hauek:

Autodeterminazio eskubideaz lau hitz

Brexit eta autodeterminazioa

RUI: zipriztinak

Euskal Herria: 25 urte galduta

Ideia argiak eta kontzeptu kaxkarrak

RUI (ideia argiak) (11)

(iii) GOGORATZEKOAK: Euskal Herriko Konfederaziorantz2

‘Erabakiaren aroan’ (sic) zabaldu omen da Europan.

Ez jaun-andreak, Autodeterminazioren aroa aspalditik, oso aspalditik ireki zen Europan.

Izan ere,hona hemen gogoratzeko zipriztin batzuk:

(a) Hic et nunc

Independentzia autodeterminazioaren bidez lortu behar da. Hortaz, autodeterminazioa da hic et nunc etengabe aldarrikatu behar dena. Kanporako autodeterminazioa Euskal Herri osorako, nahiz eta barnerako, taktika mailan eta epe ertainean, Baskongadetarako, Nafarroa garairako eta Iparralderako, konfederazio moduko antolaketa bat edo antzekoren bat proposatzea.

(b) Autodeterminazio (AD) eskubideaz hitz bi

Gros Espiell-ek ongi zehaztu du herriaren definizioa eta berari dagokion autodeterminazio eskubidea. Estatuen aldetik agertzen den kontzeptuen nahasketa interesatua argitu nahirik, hona hemen, bada, Gros Espiell-ek emandako zenbait definizio eta ohar egungo nazioarteko zuzenbideari jarraituz.

Herria gizatalde bat da ohiturek, ideiek, erabilerek, nahiek eta helburu komunek bateratzen dutena. Kultura, hizkuntza eta zenbaitetan erlijioko lotura historikoek betetzen duten gizatalde kontzientziaduna da herria. Etorkizun komunerako kontzientziak eta borondateak batzen duten giza kolektibitatea da herria. Egun ezin da egon inolako internazionalismorik herrien borondateetan, hots, jendearen desioetan oinarritzen ez denik.

Nazioa gizataldea ere da, baina nazio bat herri batzuek osa dezakete. Herriak dira, ez nazioak, nazioarteko zuzenbideko subjektuak.

Estatua ez dator bat, nahitaez, herriaren edo nazioaren kontzeptuekin. Estatu batean herri batzuk eta nazio batzuk ere egon daitezke.

Herria eta nazioa errealitate historikoak, soziologikoak dira. Estatuak egitura eta eraketa juridikoa inplikatzen du, hots, sistema juridiko konkretu bat.

AD eskubidearen tituludunak herriak dira, edozein herri. Lehen esan bezala, edozein herrik dauka nazioarteko zuzenbide garaikidean onartutako autodeterminazio eskubidea. Eskubide hori ez da ahitzen3. Beti bizirik egoten baita. Beste aldetik, herriaren erabaki askea suposatzen du AD eskubidearen praktikak4.

Estatuen lurraldetasunaren osotasunak (‘integridad’ delakoak) ADren praktikarekin talka egiten du, baina ADren eskubidea da oroz gain babestu behar dena5.

(c) Abiapuntuak

Aipa ditzagun egun Euskal Herrian dauden abiapuntuak eta ikus dezagun ea zer-nolako prozesua hobets daitekeen independentzia politiko eta ekonomikoa lortzeko, subiranotasun ekonomikoa, politikoa eta monetarioa burutzearren.

Argi dagoenez, beste arlo batzuk ere -arlo linguistikoa, kulturala, sindikala, ekologikoa, irakaskuntza- eta hezkuntza-arloa, eta abar- ukitu beharko lirateke prozesu horretan. Guri dagokigunez, eta arlo horiek guztiek daukaten garrantzia ukatu gabe, politikari eta ekonomiari lotuko gatzaizkie lan txiki honetan.

Abiapuntua aipatzerakoan, batzuek ‘Estatutua’ aipatzen dute. Oso gardena da estatutuak, pluralean, aipatu beharko direla. Baita Ipar Euskal Herriko egoera berezia ere.

(Badakigu, ongi jakin, nominalismo hutsean mugitzen dela hainbat jende gure herrian. Gure herriaren izena bera ere manipula daiteke, eta manipulatzen da, ez dakigu zer-nolako egoera iluntzeko. Lehengo ‘Euskadi’ hura ere hiru probintzietara mugatu nahi du zenbaitek. Horregatik, Euskal Herria hobesten dugu, hau da, zazpi probintzietakoa den herriaren izena.)

Egungo abiapuntuaz hitz egiterakoan, hiru abiapuntu desberdin kontuan hartu behar dira: Euskal Autonomi Erkidegoa, non bete gabeko Gernikako Estatutua martxan dagoen; Nafarroa garaia, bete gabeko Foru Hobekuntzarekin; eta Iparraldea, oraingoz eratu gabeko Departamentuarekin. Beraz, abiapuntua bera nahiko zehatz gabekoa da. Gure herriko hiru gune desberdin horietan, politika eta ekonomia mailan, martxan dauden prozesuak ez dira erabat zehazturiko legediak eta ongi araututako marko politikoak, azken urte hauetan eztabaidan eta tira biran egon diren prozesuak baizik.

Prozesu horietan, harrigarria bada ere, Madrilek hainbat eskuduntza luzatu dio Nafarroa garaiari Baskongadetatik aldentzeko asmoz. Gainera, egia da, estatutu desberdinen bidez lorturiko eskuduntzak nolabaiteko ‘babesleku’ modura har daitezkeela. Izan ere, bi estatu zentralisten arriskua beti dago gure gainean, Demoklesen ezpata balitz bezala. Horrek ez gaitu izutu behar. Alderantziz, lorturikoa kontuan edukiz, independentzia lortzeko zenbat falta denaz hausnartu behar da behin eta berriz, eta horren alde demokratikoki borrokatu, borroka gozagarrien eta antimilitaristen bidez.

(d) Euskal Konfederazio berrirantz

Politika mailan autodeterminazio-eskubidea izan behar dugu helburu hurbila, eskubide hori martxan jartzeko noski. Argi dagoenez, kanpo-autodeterminaziorako, Euskal Herria, bere zazpi probintziekin, herri soil eta bakarra da eta soilik berari, ez beraren edozein zatiri, dagokio nazioarteko mailan onarturik dagoen autodeterminazio-eskubidea. Hortaz, inoiz gure herria nazioarte mailan herri eta nazio gisa agertuko bada, hiritar guztien desioen, nahien edo gurarien bidez azalduko da.

Barne determinazioa beste kontu bat da. Barnerako, gure herriak dauzkan berezitasun guztiak kontuan eduki behar dira. Haien artean eta lurraldetasunari dagokionez, egungo egoeran hiru gune oso berezietan azaltzen gara; guri gustatu ala ez, gauzak horrelakoxeak dira. Horrexegatik edo Euskal Herriko bateratasun bat lortzearren, barne-konfederazioa proposatu dugu hainbat artikulu eta lekutan.

Barne-konfederazioaren ikuspuntutik, egungo abiapuntu desberdinetatik hamaika proposamen egin daitezke hiru guneetan eta arlo ezberdinetan: kulturan, ekologian, sindikalgintzan, hizkuntzan eta irakaskuntzan, ekonomian,… Ekonomiaren ikuspuntutik, kasu, euro-gunearen barruan mugitzen gara. Egoera ekonomiko latzean gaude.

Beraz, Euskal Herriaren barnerako, konfederazioa onartzen bada, hamaika eginkizunen aurrean gaude, gaurko egoera desberdinetatik abiatuz. Horretarako martxan dauden bi estatutu desberdin horiek ‘betetzea’ derrigorrezkoa bada ere -eta hementxe badago zer egin!-, kontua da betetze horretan ez geratzea, aurrerantz joatea, inolako beldurrik gabe gero eta subiranotasun politiko eta ekonomiko handiagoa eskatzea, harik eta kanpo-autodeterminazioa indarrean jarri arte.

Arazo bakarra, eta ez makala, nolabaiteko taktika mailan datza. Zer egin? Printzipio mailan aritzea? Independentzia bihar goizerako eskatzea? Ala, gauden egoera desberdinetatik independentziarantz joan daitezkeen zenbait ildo politiko eta ekonomiko asmatzea? Hortxe dago, nire ustez egungo kezka nagusia. Eta arazo honetaz behin eta berriz eztabaidatu beharrean gaude guztiok.

Maila estrategikoan nahikoa argi daude zenbait puntu. Kasurako, politika mailan Europan egun edozein estatuk daukan maila politiko berbera (askoz hobea, noski) lortzea. Zer dela eta, bestela, espainiarrak edo frantsesak gu baino europarragoak izatea? Guk baino eskubide gehiago edukitzea? Bigarren mailako herritarrak izanen ote gara euskaldunak Europa berrian?

Konfederazioaren kontzeptua argi edukiz, hots, estrategia garbi egonez, politika mailan taktika bereziak erabil daitezke Euskal Herriaren ‘bateratasuna’ lortzeko. Izan ere, ezein batasunek ezin suntsi ditzake tokian tokiko berezitasunak: Arabarrak zein Enkarterrikook eroso, eta pozik, egon beharko ginateke geure nazioa eraikitzeko proiektuan, zuberotarrak edo Erriberakoak egon daitezken modura.

Mota guztietako zentralkeriak parte-hartzearen hiltzera darama, eta parte-hartzea da gaur egun nonahi eskatzen dena. Kontrola nahi dutenei, aparateroei zein stalintxoei ulertezina bazaie ere, parte-hartzea konfederazioaren bidez gauza daiteke. Izan ere, zenbat eta deserdirapen handiagoa eta zabalagoa izan, orduan eta indartsuagoa eta sendoagoa izan daiteke gure nazioaren eraikitzea barnerako, kanporako herri soil eta bakartzat agertuko garen bitartean. Ezar dezagun, beraz, konfederazioa praktikan maila eta arlo guztietan, norberaren izaera -gizabanakoarena zein taldearena nahiz eskualdearena edo herrialdearena- arriskutan jarri gabe.

(e) Iluntasuna eta definizioaren eza nagusi, oraindik

Beste gauza batzuk ez dira hain garbi. Zerbait aipatzearren, batzuek ‘sozialismoa’ aipatzen dute, baina inolako zehaztasunik gabe. Okerrago, 1980ko hamarkadaren bukaeran oraindik hemengo batzuek Comecon-en integratzea proposatzen zuten, eta orain ere, gure egunetan, hainbat ‘iraultzaile’ testu ortodoxoetara itzuli dira fedearen bila.

Eta horrela doa gure historia. Euskaldun fededun herri honetan kristautasuna alboratu bide da eta marxismoan, sorry stalinismoan!, egon diren joerarik atzerakoienak, zapaltzaileenak, totalitarioenak aukeratu, onartu eta bultzatu dira. Ez dugu ezer ikasi. Ezkerrak porrot egin duela onartzen ez dueino, jai du. Kontua ez da atzoko ‘sozialismo’ terminoari adjektibo ederrak atxikitzea -‘identitarioa’, ‘partehartzailea’, ‘berria’, eta ez dakit zer gehiagorik-. Kontua da ea nola lor daitekeen hori guztia hala ekonomian (batez ere) nola politikan edo kulturan zein irakaskuntzan.

Batzuk ez dakit zer-nolako gizaki ‘berriaren’ zain dauden, komunismo ‘berria’ lortzearren. Izan ere, gure herrian stalintxoak eta maozale porrokatuak perretxiko gisa nonahi agertu ziren bitartean (eta oraindik hementxe daude, erdi ezkutaturik edo) Debord-ek 1967an bere Ikuskizunaren Gizartea delako liburuan ‘erabilera-balioaren joerazko jaitsieraz’ idatzi zuen garbiro, hots, edozein erabilera ekonomiaren menpetasunean egoteaz. Hortaz, kanbio-balioaren bidez, zehazki diruaren bitartez, iristen da erabilera-baliora. Dirua da nagusia, bera da agintzen duena eta estatuen gainetik, inolako kontrolik gabe mugitzen dena. Arlo horretan dagoen (daukagun!) gabezia eta zulo teorikoa izugarria da, apartekoa.

Bien bitartean, bizi dugun kapitalismoan hamaika desoreka daude ekonomian, eta horretaz ez da eztabaidatzen. Horretaz ez da ezer esaten, ez bada halako edo bestelako diskurtso moralista astun eta gogaikarriak. Hortxe bukatzen da dena.

Errealitatean dagoen pluraltasuna homogeneokeriara murriztu nahi du kapitalak. Horri aitzi, bizitzaren aldeko apustua egin behar dela erakutsi digute pentsalari zenbaitzuek, bizitzaren adierazpen konkretu guztietan: hala maila linguistikoan nola kulturalean zein sozialean edo politikoan nahiz ekonomikoan.

Apustu hori dela eta, egun, intsumisioa arlo zibilean hedatu da, desobedientzia zibila aldarrikatuz eta martxan jarriz hainbat arlotan. Izan ere, militantismo masokista mota guztietatik at, jendeak bere desioak eta nahiak bete nahi ditu, betetze horretan parte hartuz. Erremedio moralista aspergarriak proposatzen dituztenak hilik daude politikoki, aspalditik gainera. Beste aldetik, sufrikarioaren logika masokismo hutsa besterik ez da. Spinoza-ri jarraituz, borroka demokratikoan gozatu egin behar da.

Esan bezala, eragile sozial berriek bizitza bera errebindikatzen dute, bizitzaren kalitatea da goraipatzen dena, edozein ekintzatan parte hartuz eta aparatu kontrolatzaile eta stalinista, maoista edo eta leninista guztien, hots, zapaltzaile guztien gainetik.

(f) Eurolandiaren paradisua

Ekonomia mailan, eurotan aritzen gara. Zer suposatzen du Euskal Herrirako eurogunean mugitzeak? Zeintzuk dira Euskal Herriak eurogunean dituen arazo ekonomikoak? Nola uztar daitezke independentzia politikoa eta subiranotasun ekonomikoa? Nazioarteko Moneta-Fondoaz eta Mundu Bankuaz ba ote daukagu ezer esatekorik, diskurtso aspergarrietatik kanpo? Kanpo-zorrak arduratzen gaitu? Barkamenaren bidez, hots, karitatearen bitartez konponduko ote da kanpo-zorraren arazoa? Ba ote daukagu neurriren bat kapital espekulatzaile erraldoiaren kontra? Zer ote da Finantza Kapitalismoa? Lehengo kapitalismo industriala bera ote?

Galdera asko eta erantzun gutxi. Ekonomi arloan estatistika batzuk agertuko zaizkigu, besterik ez. Baina Euskal Herriaren fotografia ekonomiko hutsak diren estatistikek ez dute deus balio geure etorkizun ekonomikoaz definitzeko, onenean soilik abiapuntua bera nolakoa den argitzen baitute. Neurri makroekonomikoak behar dira makroekonomia kudeatzeko.

(Hamaika lanetan ukitu dugu arazo ekonomikoa. Azkenekoaz edo jabetzeko, ikusi ondoko hau: Ausardia behar da, eta informazioa (gehigarri soil batzuk).)


2 Ikus (1998) Autodeterminazioa ‘revisited’, Herria2000Eliza, 157 zenb., 10-17 orr. eta (2013) Euskal Herriko Konfederaziorantz: http://www.unibertsitatea.net/otarrea/gizarte-zientziak/ekonomia/euskal-herriko-konfederaziorantz.

3 El derecho a la libre determinación tiene una virtualidad permanente. No se agota o se extingue en el ejercicio inicial del derecho. Subsiste siempre vivo.

4El ejercicio del derecho a la libre determinación, impone necesariamente el libre pronunciamiento del pueblo.

5El difícil e inestable equilibrio entre el derecho a la libre determinación de todo pueblo y la integridad territorial de los estados ha sido encarado en múltiples instrumentos emanados de las Naciones Unidas. (…) para que la integralidad territorial de los estados prevalezca (…) debe tratarse de un estado que garantice el derecho de libre determinación de los pueblos en su territorio, que han de poder expresar su voluntad con total libertad. Así el principio de integralidad territorial del estado deja de ser un criterio absoluto y pasa a ser un principio, importante y significativo, pero limitado y relativo, que existe si el estado respeta el derecho de la libre determinación de los pueblos que viven en su interior y que, en el ejercicio de este derecho, puedan elegir su “status” jurídico. He sostenido, y sigo afirmando, que el derecho a la libre determinación es hoy un caso de “jus cogens”, es decir de norma imperativa de Derecho Internacional.

Erantzun bat “Autodeterminazio eskubidea eta Konfederazioa” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

− 3 = 4