Ipar Irlanda noraezean

Mairtin O Muilleoir. Irlanda iparraldeko Finantza ministroa: «’Brexit’-aren auzia ez dago itxita; Irlanda osoak geratu behar du Europan»1

Bi hilabete igaro dira Erresuma Batuak brexit-a erabaki zuela, baina oraindik ez dago oso garbi zer gertatuko den. Zure iritziz, zer esan nahi du brexit-ak?

Batez ere, ziurtasunik eza esan nahi du. Atzeraldian erortzeko mehatxua, eta [Irlandako] uhartean dugun oreka haustea ere esan nahi du. Egin ditugun azterketa guztiek esan digute txarra izango dela Erresuma Batuarentzat, eta are okerragoa guretzat. Brexit-aren ondoren nire lana da jendeari konfiantza ematea, baina argi uztea EBn geratzeko botoa eman genuela, Irlandaren lekua Europan dagoela. Gainera, ziurtatu nahi dut Europatik etorri behar zitzaigun diruaren azken zentimoa jasoko dugula. Horretan ari gara Londresekin, baina oraingoz negoziazioa ez doa ongi.

(…)

Jarrera aldatuko dute?

[EBren] alde bozkatu zuten errepublikanoek eta unionistek; komunitate guztiek Londresi ulertarazi behar diote beren ahotsa entzun egin behar dela.

Lehen esan duzu, «brexit-a gertatzen bada». Ez gertatzeko aukera ikusten duzu, ala?

Erresuma Batuko lehen ministroak esan zuen Brexit is Brexit, baina galdetzen badiozu noiz gertatuko den edo zer esan nahi duen, ez dakiela erantzungo dizu; galdetzen badiozu nondik bideratu nahi dituen negoziazioak, ez daki. Hortaz, ez dut sinesten derrigorrez gertatu behar duenik; are gehiago, ez genieke utzi behar. Eskoziarrek esan dute egoera berezi bat nahi dutela, geratzea bozkatu zutelako. Eta nik uste dut Irlanda osoak geratu behar duela EBn. Ez dut uste geratzeko aukera guztiz itxita dagoenik. Ingelesek eta galesek ospa egiteko eskubidea dute, baina guk uko egiten diogu amore emateari.

Zer uste duzu negoziatu nahi duela Londresek?

Haiek ez badakite zer jakingo dut nik! Baina badakit zein den geure negoziazioaren abiapuntua: EBrekin kritikoak gara, baina geratu nahi dugu. Autonomiak zerbait esan nahi badu, herriaren nahia errespetatu behar dute. Irlandarrok milaka urte egin ditugu Europan; hobe da guretzat EBn egotea eta ez bakartze ultranazionalista batean. Hori ez da leku on bat bere burua aurrerakoitzat duen inorentzat.

(…)

Mugaz ari garela, Finantza ministro gisa ez zaude arduratuta enpresa batzuk mugaren beste aldera joan daitezkeela EBko merkatu bakarra gordetzeko?

AEBetara inbertsio bila joaten naizenean, esaten diet Irlanda iparraldea Europako sarrera garela. «Etorri Belfastera, eta EBko beste 27 kideekin negozioak egin ahal izango dituzu handik». Argudio hori ezin erabiltzeak gauzak asko zailtzen dizkigu Los Angelesen edo New Yorken.

Negozio txikiagoez ari nintzen. Adibidez, Derryko enpresa batek egoitza Donegalen jartzea.

Bai, egon dira iradokizun batzuk, eta jendea kezkatuta dago. Inbertsio plan batzuk ere geratu dira. Mugaldean libera esterlinaren ahultzeak desorekak sortzen ditu; hasieran, iparraldearen mesederako izan daitezke, baina ezin duzu eraiki ekonomia bat dibisen mugimenduen inguruan.

Politikoki, nola eragiten dio brexit-ak Irlanda iparraldeari?

Gobernu berria sortu genuen maiatzean, DUP eta Sinn Fein bakarrik, independente batekin. Geure arteko harremanak azken hamar urteotako onenak dira. Badakigu auzi konstituzionalean ez gaudela ados, eta hori kudeatzen saiatzen gara, baina horrek gehiago nahastu du egoera. Ekonomia ministroak dio EBtik alde egitea ona dela, eta nik uste dut kaltegarria dela. Bake prozesuari dagokionez, oso indartsua da. Prozesu politikoan eta ongizatean sortzen ditu zalantzak.

Eragiten ari al zaio Dublinekin duzuen harremanari?

Irlanda hegoaldeko ministroarekin lanean ari naiz orain, Europako funtsei begira jarrera komuna izan dezagun; Irlandako gobernuak adierazpen lagungarri batzuk egin ditu, baina guk gehiago egitea nahi dugu, Irlandako herritarrak garelako geu ere, eta haren betebeharra da gu babestea. Negoziazio mahaiaren bi aldeetan egon nahi dugu: Erresuma Batuko ordezkaritzarekin batera, Galesekin eta, batez ere, Eskoziarekin batera; aldi berean, mahaiaren beste aldean ere egon behar dugu, Irlandako Gobernuarekin.

Erreferendumaren aurretik baino gertuago sumatzen dituzue?

Beste gobernu bat da orain Dublingoa. Gutxiengoan daude, agian ez dute luze iraungo, baina onartzen dute Brexit-a txarra dela Errepublikarentzat ere.

Fine Gael dago agintean Dublinen, iparraldearengandik urrutien egon ohi den alderdia…

Poztu ginen Enda Kenny lehen ministroak esan zuenean Eskoziak EBn jarraitu behar zuela; Irlanda iparraldeari begira ere jarrera positibo berdina izatea nahiko genuke.

Kennyk Irlanda batzeko erreferenduma babestu zuen Sinn Feinek aukera aipatu zuenean.

Brexit-a azken hogei urteotan sistema politikoak jaso duen shock handiena da, eta horrelakoetan jende batek jarrera aldatzen du. Ezagutzen ditut unionista batzuk Irlanda batuari buruz zuten iritzia aldatzen ari direnak; EBtik kanpo egon baino, nahiago dutenak irlanda batu bat. Brexit-aren aldekoek espero zuten ipar eta hegoaren arteko banaketa handituko zuela, baina kontrakoa ari da gertatzen.

Urte gutxiren buruan erreferenduma egitea posiblea da?

Ezingo da eragotzi. Irlanda batua, izan, izango da. Horren aldeko argudio ekonomiko, sozial eta kulturalak egitea dagokigu, eta, agian, brexit-ak lagunduko digu argudio horiek egiten.

Nazionalistak ez zaudete,ordea, boladarik goxoenean. Azken bozetan %41etik %36ra jaitsi zineten SF eta SDLP. Inkestetan ere Irlanda batuaren aldekoak gutxitzen ari dira…

Inkestak ez dira aldekoak izan, baina itxaron erreferenduma etortzen denean. Hala ere, hauteskundeak ez dira txarrak izan guretzat: aulki bakar bat galdu dugu, gobernuan gaude berriro… Europan alderdi gutxi daude hain egoera indartsuan bi agintalditan gobernuan izan ondoren.

Nolako finantza harremana duzue Erresuma Batuarekin?

Zuek duzuenaren aurkakoa. Londresek zergen %90 biltzen ditu, eta gero hark erabakitzen du zenbat diru banatzen duen. Aurreko gobernua austeritatearen aldekoa zen, eta, horren ondorioz, nire aurrekontua %4,5 txikituko da hemendik 2020. urtera arte. Gobernu berriak dio austeritatea amaituko duela; ikusiko dugu. Zeuek bezala zergak bildu nahiko genituzke, baina, batez ere, zuenaren moduko ekonomia indartsua nahiko genuke, autobideetatik ikusi ditudan lantegiak nahiko nituzke, jakintzaren ekonomia…

Sozietate zerga Irlandako Errepublikaren %12,5en parekora jaitsi nahi duzue. Neurri aurrerakoia al da hori?

56 urte ditut, gatazkan zehar gehien sufritu duten inguruneak ikusi ditut: Belfast Mendebaldea eta Iparraldea, Derryko Bogside eta Creggan, eta azkenaldian eremu unionista batzuk, Tiger Bay, Sandyrow… eta inoiz ez dut ikusi gobernuen neurri eraginkorrik auzo horietan enplegua sortzeko. Jokoa aldatuko duten neurriak behar ditugu, eta sozietate zerga irtenbide horren parte bat da, hezkuntza, azpiegiturak edo trebakuntza diren moduan. Badakit gai eztabaidagarria dela, baina irlanda hegoaldera begiratzen baduzu, han daude Internet enpresa guzti-guztiak (Apple, Google, Twitter, Paypal… ), eta hamabi botikagile handienetatik bederatzi. Geuk hainbeste multinazional ez erakartzearen arrazoietako bat da ez genuela %12,5eko sozietate zerga. Milaka lanpostu sortzen baditu, bada, orduan, benetan uste dut neurri aurrerakoia dela.

Nola sentitzen zara Finantza ministro aurrerakoia izanik gobernukide kontserbadoreekin?

Interesgarria da ikustea geure uharteetako gizarte babeserako sistema eskuzabalena dugula: 650 milioi gastatzen ditugu pobreentzat sendagaiak erosten, uraren truke ordaintzen ez duten Europako herritar bakarrak dira gureak, unibertsitate tasa txikiagoak ditugu Irlanda hegoaldean, Galesen eta Ingalaterrarekin alderatuz gero… Eskuindarrak dira DUPen, baina ados gaude zenbait puntutan.

Hau porrusalda ederra! Ez dut inoiz hainbeste inozokeria batera irakurri, inon ere ez!

Ipar Irlanda erabateko noraezean!

Benetan lotsagarria Ministro horrek dioena!

Zer esan Islandiaz, Liechtenstein-ez, Norvegiaz, Suitzaz, … EFTAz?

Hego Irlandako paradisuaz hiru ohar:

(i) Aspaldian, 2011n Hego irlandan egon ziren DTM-koak:

Diru Teoria Modernoa (DTM) Irlandan: zorraren eta austeritatearen aurkako irtenbideak

Argi dagoenez, ez dute ezer ikasi!

(ii) Irlanda eta bail-in2

Will Ireland Be First Country In World To See Bail-in Regime?

(iii) Bill Mitchell-ek hango egoeraz:

Irish national accounts – smoke and mirrors really3

Conclusion

Ireland’s recent growth miracle is largely smoke and mirrors.

The underlying data that pertains to the prosperity of the people is still not suggesting that the negative effects of the crisis have been expunged.

A lot of big, wealthy foreign companies may be benefiting but that is not translating very much into benefits to the workers and their families.

Gogoratzekoak:

(i) Ausardia behar da, eta informazioa

(ii) Ausardia behar da, eta informazioa (gehigarri soil batzuk)

Baita azken hau ere: Borrokak segitzen du

Zoritxarrez, inozokeriak eta ezjakintasunak segitzen dute, ez soilik Ipar eta Hego Irlandan!


Iruzkinak (3)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude