Errealitatea eta fikzioa

James bondismoa

 

Jakina da: fikzioa eta errealitatea bi mundu desberdin dira. Fikzioan edozein gauza da posible, autorearen arabera. Errealitatean ez. Baina gezurra dirudien arren, errealitatea gordina da oso.

 

Ezaguna da: gizarte zientziak eta natur zientziak desberdinak dira. Objektibotasuna, metodo zientifikoa, legeak, esperimentuak natur zientzietan egunero erabiltzen dira. Gizarte zientzietan, aldiz, hori guztia eztabaidan dago eta egongo da, onerako eta txarrerako. Gizarte arazoetan, noizean behin errealitateak fikzioa gainditzen du. Hona etsenplu xume bat, ekonomiari oro har, eta, konkretuki, makroekonomiari dagokiona. Eman ditzagun merkatu librea eta ekonomi fakultateetan azaltzen diren ortodoxia mota guztiak. Testu liburu guztietan eta hainbat testu heterodoxotan agertzen diren dogmek, teoriek, eta amaigabeko hitzontzikeriek mundutxo bat osatzen dute. Errealitateak, alta, beste mundu bat osatzen du. Demagun petrolioa dela aztergai. Hona hemen petrolioari dagokion errealitateaz jabetzeko zenbait iturri adierazgarri: John Perkins-ek idatzitako liburua, hots, Confessions of an Economic Hit Man eta berari egindako elkarrizketa mamitsu batzuk[1].

 

Iturri horietan ikus daitekeenez, arazoa aspaldikoa da. Izan ere, National Security Agency (NSA) delakoak Perkins espioi lanak egitera gonbidatu baino lehen, 1951n Iranek britainiar petrolio enpresa baten kontra jardun zuen bera nazionalizatu nahiz. Hori zela-eta, CIAko agente bat, Kermin Rooselvet, Theodore-ren biloba, irandar presidentearen aurka hainbat kale manifestazio antolatzen eta zenbait politikariri dirua ematen aritu zen harik eta amerikarren aldeko Reza Sha boterean jarri arte. Arazoa bakarra zen, Kermin Rooselvet hark gobernu agentzia baterako lan egiten zuela, CIArako hain zuzen ere. Beraz, nahiz eta helburu berbera eduki, beste estrategia bat asmatu zuten: gobernu-agentziako jendea CIAko agenteak erabili gabe, handik aurrera, badaezpada ere, enpresa pribatuko jendea erabiltzen hasi ziren. Horixe da, Perkins-en kasua, berberak kontatua; horixe da Economic Hit Man (EHM) delako mutilen lana. Perkins-ek bere eginbeharra Indonesian, Panaman, Saudi Arabian, Iranen, Kolonbian, Ekuadorren, … azaldu du. Ez soilik hori. Berak esaten duen moduan, EHM delako mutilen lanek porrot egiten zutenean, CIAko txakalak bidaliak ziren, behar zena garbitzeko (Omar Torrijos edo eta Jaime Roldos presidenteen hilketak, kasu). Eta CIAko txakalen lanek porrot egiten zutenean, amerikar mutil eta neskak bidaliak izan dira hiltzeko eta hilak izateko (Irakeko inbasioa, kasu). Fikzioa labur geratzen da liburu izugarri horretan aipatzen diren kasu guztietan: Robert McNamara eta Munduko Bankuaren funtzionamendua; Osama bin Laden-en finantziazioa; Torrijos presidentearen laguna zen Graham Greem idazlearen jarrera (“The important thing is to write about things that matter[2]”); Perkins-ek aldizkari serioetan argitaratutako artikuluak, eta jende oso garrantzitsuen aurrean emandako hitzaldiak eta konferentziak; Perkins-i bere liburua ez idazteko eta ez argitaratzeko eman zioten dirutza; dirutza horrekin martxan jarri zuen mozkinik gabeko erakundea[3]; Noriega eta Panamako inbasioa; EHM delako mutilen porrota Iraken; 2001eko irailaren 11koak berarengan izandako eragina; Venezuela eta Chavez, eta AEBek Saddam Hussein-en aurka egiteagatik Venezuelak lortu zuen ‘salbazioa’; berriz Ekuadorreko petrolio-enpresen kasua; Irakeko inbasioa; oro har, korporaziokraziaren boterea, hots, gobernu, banku handi eta korporazioko jendeak osaturiko multzo boteretsua; korporaziokrazia horrek mundu mailan behar duen dolarraren nagusitasuna; eta, nagusitasun horretarako, petrolioaren prezioak kontrolatzeko, euroaren eta dolarraren artean dagoen borroka edo sasi-borroka[4].

 

Liburua irakurtzerakoan, irakurlea konturatzen da jamesbondismo mota guztiak oso labur geratzen direla benetako historia horren aurrean. Fikzio guztia gainditu du EHMkoen errealitate gordin horrek. Tartean, ekonomia ikasketetan ohiko teoriak, dogmak eta aldrebeskeriak irenstera behartu nahi gaituzte: makroekonomia neutroa da, merkatuak prezioak jartzen ditu, politikak ez dauka zerikusirik ekonomiarekin, eta irakurleak ezagutzen dituen hainbat gezur merke.

 

Perkins-en liburua irakurtzea aukera paregabea da bertan agertzen diren berriak, datuak, eta izugarrizko jokaerak lehen eskutik bereganatzeko. Ondorio gisa hauxe esan daiteke, errealitatea, errealitate ekonomikoa (politikoa eta soziala) askoz gordinagoa dela testu liburuetan agertzen dena baino. Irakurleak badaki hori guztia. Kontua da askotan pentsatu duguna Perkins-en liburuan egiaztatzen dela. (Ikasleek badaukate zer irakur eta zer hausnartu). Bai, dudarik gabe, errealitatea fikziozko jamesbondismoaz haratago dago.

Fikziozko ekonomia eta Alan Greenspan

Fikziozko ekonomiak ez du ezer ekoizten[5].

 

Alan Greenspan ezaguna da. Fed-eko nagusia izan da 1987tik 2006ra. Deribatiba edo deribatuen aita: deribatiben arkitektoa izan da Greenspan[6]. Suntsipen handiko armak diren deribatiben arkitektoa[7].

 

2008ko urriaren 23an, Greenspan-ek BBC telebista-katean mea culpa aitortu zuen.

 

2008ko urriaren 27an Frederic Clairmont oso gogor aritu da Greenspan-en aurka[8]: ustela, kriminala (“Greesnpan izan da deribatiben igoera hilgarriari eragiten ziona, egun 155 x 1012 dolarreko kopurura iritsi dena, gure planetaren aberastasunaren lau bider berdintzen duena”), pobrezia intelektuala duena…

 

Kaltea izugarria izan da, mundu mailako izurritearen antzekoa.

 

Irtenbidea gure esku dago: ekonomia erreala da bultzatu behar dena, fikziozko ekonomia behin betiko alboratuz.

Interneteko espioitza

Ba ote daukazu bizitza pribaturik? Horrela uste baduzu, berriz ere pentsatu behar duzu gai horretaz. Honela hasten da Andrew Gauntlett-en liburuxka interesgarria bezain liluragarria[9].

 

Interneteko sareak World Wide Web (www) delakoa jadanik komunikazio globala aldatu du erabat, eta dudarik gabe gehiago aldatuko du. Baldin eta kreditu txartela edo telefono mugikorra baduzu, faxa erabiltzen baduzu nahiz Interneten sartzen bazara edo e-postak bidali, jakin behar duzu begiratuta zaudela, alegia, etengabeko kontrolpean zaudela. Hauxe da informatizazio-aro honetan zuk jakin ez dezazun haiek nahi dutena. Haiek informazio mota horiek guztiak kontrolatzen dituztenak dira.

 

Baina, horrekin batera beste teknologia mota bat garatu da pribatutasuna gordetzearren, kode-teknologia, kriptografiaz aritzen dena. Kasu, Electronic Frontier Foundation (EFF) izeneko elkartea ikus www.eff.org askatasun zibilen aldekoa da eta web erabiltzaileen eskubideak bermatzen ahalegintzen da. (Web gune hori sarean dagoen mozkinik gabeko elkarte batena da, pribatutasuna eta askatasuna bermatu nahi dituena. Argi dagoenez gobernuei ez zaie batere gustatzen elkarte berri hori.)

 

Britainia Handiko Channel 4 telebistaren arabera, europar eta amerikar hiritarrak berrehun konputagailu baino gehiagotan daude fitxaturik eta, urtearen edozein egunetan beraien izenak zazpi eta hogeiren arteko konputagailu-sistematatik igarotzen dira.

 

Menwith Hill tokiak, Ipar Ingalaterran dagoenak, agian ez dio deus esaten irakurleari. Alta, leku horretatik telefono-dei, e-mail eta fax guztiak daude fitxaturik. Munduan zehar bost posta-entzule daude, hauetariko bat Menwith Hill-ekoa da. Menwith Hill-eko entzulea eta bera bezalako besteak ere Echelon izeneko sare bereziari dagokio. Mezu bakoitza hiztegi-konputagailu berezi batek iragazten eta analizatzen du, eta susmagarria den guztia kontuan hartzen da. (Kontuan hartzen dute haiek, alegia US National Security Agency-koek.)

 

Hala ere, Menwith Hill-eko bezalako kontrol-posta kriptografian aritzen diren teknologia berriek gaindi dezakete. Izan ere, sarean bertan badaude nahiko baliabideak norberaren ekitaldian maila pribatuan gordeta eta babestuta egoten jarraitzeko. Gauntlett-en liburua honetaz ere ari da.

 

Kriptografia-teknologiak pribatutasuna bermatzen du eta horrelako teknologia mota batzuk dohainik daude sarean. Isilpeko kode berezien bidez, informazioa, komunikazioa eta, hortaz, pribatutasuna babesten dira. Kriptografiak, hortaz, mezua, edozein modutan bidalia delarik, kodifikatzen du; hortaz, kode berezi batzuk behar dira jatorrizko mezua, behin hartu eta gero ulertzeko.

 

Gaur egun kriptografia erabat sofistikatu da. Kasu, kodifikatzaile asimetrikoek bi giltza erabiltzen dituzte, bata kodifikatzeko eta bestea deskodifikatzeko. Kodifikatzaile asimetrikoen artean ezagunena eta agian praktikan garrantzitsuena RSA algoritmoa da.

 

RSA Rivest, Shamir eta Adleman-en akronimoa algoritmoa zenbaki bakoiti handien berezitasunetan oinarritzen da mezuak kodifikatzeko. RSA delakoa apurtzea, irekitzea zenbaki bat bakoitia den ala ez jakitea da. Arazo hori analisi matematikoari dagokio. Zenbaki bakoiti handiekin (RSA-k erabiltzen dituenekin) arazoari irtenbidea ematea ez da batere praktikoa, zeren denbora oso luzea behar baita ebazpena lortzeko. Izan ere, RSA algoritmoari dagokion giltza tipiko bat deskodifikatzeak ehunka milioi urte hartuko bailituzke[10].

 

Beste aldetik, iparamerikarra den Phil Zimmerman-ek, RSA delakoan oinarrituta, kriptografia programa berri bat asmatu du, PGP delakoa Pretty Good Privacy. Programa hori saretik jaits daiteke[11].

 

PGP delakoak ez du soilik RSA erabiltzen modu horretan oso astiro ibiliko bailitzateke; beste kriptografia sistema bat ere bai, IDEA izenekoa International Data Encryption Algorithm erabiltzen du. IDEA horrek erabiltzen duen giltzak bere gain eta bere aurka etor daitekeen edozein eraso jaso dezake. PGP delakoa erabiltzen den bakoitzean IDEA-giltza soil eta bakar bat sortzen da. Giltza hori gero RSA-ren bidez kodifikatzen da, Mezua kodifikatuta dago IDEA-rekin, eta RSA-ren bitartez trukatzen, bidaltzen da segurtasunez.

 

Aipaturiko liburuan beste gauza interesgarria batzuk ikus daitezke. Hala nola, isilpeko datuei dagozkien gomendioak. Izan ere, konputagailu-segurtasun adituek argi diotenez, datu horiek ez dira inoiz konputagailuan sartu behar. Are gehiago, konputagailuko datuak ezabatu nahi direnean, ez dira erabat desagertzen, beti geratzen baitira barruan. Aditu berezi batzuk daude arlo horretan, eta ia ezabaturiko edozein datu berreskuratzeko gai dira, prozesu garesti samar baten barruan. Hortaz, konputagailu batetik sarturiko datuak ezabatzea ez da batere erraza, oso zaila baizik. (Jakina datekeenez, goi isilpeko aginduak ahoz aho eman behar dira.)

 

Sarea gero eta gehiago hedatuko da mende honetan, berori jendeari begiratzeko aparteko bitartekari eta erreminta bihurtuz. Horrela estatuek izugarrizko boterea izanen dute populazioa miatzeko, kontrolatzeko. Sarea etengabeko behatzailea izanen da, isilpean, jendea analizatzeko eta fitxatzeko.

Zorionez, EFF bezalako elkarteak sortuz eta hedatuz doaz munduan zehar. Kriptografia ez da soilik indar militarrei hasieran izan zen moduan dagokien teknologia. Aitzitik, badaude egon gure pribatutasuna eta askatasuna bermatzen ahalegintzen direnak ere. Gauntlett-en liburua arazo horietaz informazioa jasotzeko erreferentzia interesgarria izan daiteke. Emaiozue begirada bat liburuxkari uda honetan.

Fikzioa eta errealitatea

Dena den, errealitateak fikzioa gainditu du interneten[12] ere…


[2] Aipu hori dela-eta, hasi nintzen Finantza Kapitalismoa izeneko liburua idazten.

[9]  Ikus Net Spies. Who’s watching you on the Web?

[10]Ikus www.rsa.com delakoa produktu eta zerbitzuetarako; webgune horretan kriptografian aritzen diren teknologiak eta arazoak agertzen dira.