Rafael Correari, Ekuadorko presidenteari egindako elkarrizketa

Hona hemen, ekonomiari dagokionez, elkarrizketaren punturik nagusienak[1]:

G: Presidente jauna, oraintxe, krisiaren ondorioak jasaten ari dira Europako milaka herritar; batik bat, Zipren, Grezian eta Espainian. Zure gobernuak, berriz, ongi bizi kontzeptua du helburutzat. Nola bermatuko du gobernu batek ongi bizi ahal izatea?

E: Tira, ezin du bermatu, baina eman dezake aukerarik. Baina ez da nire gobernuaren kontzeptu bat, antzinako gure herrietatik datorkigu: aimara (Bolivia) eta kitxua (Ekuador) herrietatik. Kitxua herriarentzat, sumak kawsay da ongi bizitzea; horren arabera, duintasunez bizi behar da, ez da egunero gehiago lortu nahi izatea, naturarekin eta gainerako gizakiekin harmonian bizi behar da. Horregatik, Mendebaldeko eredu kontsumistaren kritika bat da. Eta horixe lortu nahian gabiltza, ezta? Gure jendea duintasunez bizi dadila, egunero gehiago izan gabe, baina Ekuadorko eta Latinoamerikako biztanle gehienek dituzten gabeziarik gabe.

G: Zuk esana da Europan oraintxe bizitzen ari direnaz nahikoa dakitela Latinoamerikan. Zer du ikasteko Europak Latinoamerikatik?

E: Krisitik lehenbailehen irten nahi baldin badugu, gizakiei eta krisialdian dauden Europako herrialdeetako herritarrei garestiago atera gabe, asko dago ikasteko Latinoamerikatik. Oinarri, ez egiteko guk egin genuena; guk hartu genituen neurrien bidez areagotu eta sakondu baino ez baitzen egin krisia. Zoritxarrez, horixe bera egiten ari dira hemen, Europan.

G: Europa prest al dago Latinoamerikaren iradokizunak entzuteko?

E: Krisitik ateratzeko irtenbideak, izenburu horixe proposatu ziguten Berlingo Unibertsitate Teknikoan eman beharreko hitzaldirako. Eta analogia bat ezarri genuen, Latinoamerikan jasan behar izan dugunaren eta Europan gertatzen ari denaren artean. Eta izugarriak dira antzekotasunak. 80ko urteen hasieran, zorrengatiko krisi bat izan genuen: nazioarteko kapital finantzarioari hala komeni zitzaiolako, eta gehiegizko likideziagatik, gure herrialdeei kreditua ezartzerainokoa. Eta etorri ziren Nazioarteko Diru Funtsaren neurri sortak, eta intentzio agiriak. Krisia gainditzeko ote? Ez! Zorra ordaintzea bermatzeko. Eta krisiak are luzeago jo zuen, hamar urtean ezin gainditzeraino. Ekuadorren, 90eko urteetan, 1976. urtekoen parekoak ziren per capita sarrera mailak.

Horregatik, berriro diot, halako neurriek krisialdia luzatu baino ez dute egiten, ez dutelako gizakia babesteko helbururik. Kapital finantzarioa itzultzea lortu nahi dute. Eta ikusi ahal izan dugunez, hutsegite berberak ari dira egiten Europan ere.

G: Orduan, beste elkarrizketa bat behar da iparraldearen eta hegoaldearen artean; zeintzuk izango lirateke horretarako foro egokiak? Nazio Batuek ez baitute horretarako balio.

E: Tira, Europako kontuak europarrek konpontzen dituzte. Baina hori ez da ekonomia politikoko arazo bat; gai politiko bat da, ez teknikoa. Gizartean nork agintzen duen, hori da arazoa. Eta ez gaitezen engaina: Ekuadorren ere kapitalak agintzen zuen —batik bat, kapital finantzarioak—, mundu guztian gertatzen den moduan. Nire ustez, XXI. mendean, horixe da gizateriaren erronkarik handiena: gizakia gailentzea kapitalari. Gizakia, baina, kapitala metatzeko beste bitarteko bat baino ez da bihurtu. Begira, bestela: gaur egun, ez dago herrialderik, merkatuak baizik[2]. Eta dena dago kapitalaren mende.

G: Latinoamerikan, eskualdeko erakunde berriak sortu dira, hala nola Celac eta ALBA. Nola aldatu dute geopolitika, eta nola alda dezakete nazioarteko egitura finantzarioa?

E: Izugarrizko aldaketa ekar dezakete. Baina urratsez urrats joan behar dugu aurrera. Orain arte, asko aurreratu dugu. Unasurrek, esaterako, asko lortu du 2008tik honako garapen urteetan, aldi berean Europako Batasunak lortu baino askoz ere gehiago. Bizkor gabiltza, baina are eta bizkorrago ibili behar dugu. Izan ere, harrigarria da nola lortu zuten elkartzea 27 herrialdek, askotariko gai, kultura, politika, erlijio eta hizkuntzak gorabehera. Eta nola ez ginen elkartu, aldiz, Latinoamerikako herrialdeok, berbera izanik hizkuntza, kultura eta sistema politikoa; harrigarria, ezta? Orduan, izugarri egin daiteke. Esaterako, eztabaidatzen hasiak gara eskualdeko egitura finantzarioaren inguruan, eta ea aurki mamitzeko moduan garen. Zentzugabea da atzerriko dirua[3] erabiltzea gure artean trukerako.

Oraintxe, beste fenomeno zentzugabe bat daukagu hegoaldean. Banku zentral autonomoak ziren baliabideetako bat, horiek kanpora bidaltzen baitzituzten eskualdeko funtsak. 400 mila milioi dolarrez ari gara, gu baino herrialde aberatsagoak finantzatzeko. Han, %0,5 ordaintzen dute interesetan. Eta guri, gero, %6-%7 inguruan mailegatzen digute diru hori bera. Ez du zentzurik.

G: Latinoamerikan bada ezker berriaren politika berri horren kontrako erresistentziarik ere. Estatu kolpe bat izan zen Hondurasen, beste bat Paraguain, hainbat ahalegin Ekuadorren, Venezuelan eta Bolivian… Litekeena al da Ezker Berriak ez lortzea adostasunik zuen gizartean?

E: (…) Gu gara arriskua. Demokrazia ona da, harik eta aldatzeko zorian dagoen arte. Latinoamerikako gobernu berrien bidez, herritarren erabateko babesa duten gobernu progresisten bidez, gauzak aldatzen ari dira azkenean. Latinoamerika ez zen paradisu bat lehen ere, ezta eredu sozial eta ekonomiko bat ere; bidegabekeria eta ustiapen izan dira, baina gauzak aldatzen ari dira, azkenean. Eta horrek, jakina, arerio handiak sortu dizkigu.

Komeni baldin bazaie, demokraziaren aldezkari handi dira; baina gauzak modu demokratikoan aldatzen ari baldin bagara, inolako beldurrik gabe erailtzen dituzte presidenteak, edo haiek eraisten ahalegintzen dira. Halako botereei aurre egin behar diegu, halakoak garaitu behar ditugu gure Amerikan. Eta hori ez dute ulertzen Europako eta Latinoamerikako jende askok.

(…)

Ekuadorko agintariek DTM teoria ezagutuko ahal dute! Darabiltzaten ideia eder eta sakonak praktikan jarri ahal izateko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude