Moneta jaulkitzaileak eta moneta erabiltzaileak

Espainiar estatua eta frantziar estatua moneta erabiltzaileak dira, euroa erabiltzen dutelako. Jaukitzaile independentea (sic) Europar Banku Zentrala (EBZ) da.

Hortaz,  (bi estatu horien artean eta menpean kokaturik egonda), EH euro erabiltzailea da, ez jaulkitzailea. Eta Europar Batasunaren (EB) barnean, EH politikoki independentea izango balitz, bere euskal Banku Zentralarekin, zeina EBZ-ren adarra izango bailitzateke, EHk segituko luke euro erabiltzailea izaten, ez euro jaulkitzailea.

Gauza bertsua gerta liteke Eskozian, baldin eta etorkizun hurbilean politikoki Eskozia independenteak berea ez den libera esterlina moneta propiotzat hartuko balu. Eskoziak libera esterlinaren erabiltzailea bilakatuko litzateke, ez moneta propioaren jaulkitzailea.

(Quebec ere moneta erabiltzailea da, dolar kanadarrarena, moneta jaulkitzailea Kanada bera izanik.)

Randall Wray-k, berriz ere, argitu du afera[1].

Europak esperimentu berri bat martxan jarri zuten. Izan ere,  Europako Batasun monetarioan sartzeko, onartu zuten herrialde kideek beren moneta utzi behar zutela eta euroa onartu. Politika monetarioa EBZ-k markatzen du. Beste Europar Batasuneko Banku Zentral ‘nazional’ guztiak ez dira independenteak, gutxi gorabehera AEBetako estatu ezberdinetako Federal Reserve bankuen antzerakoak dira, azken horiek AEBetako Banku Zentralaren, hots, Federal Reserve delakoaren, subsidiarioak direlarik.

Diferentzia bat dago, hala ere. AEBetako estatu desberdinetako banku zentralek barneko politika fiskala errazten dute, bankuen arteko eta bankuen eta estatuen gobernuen arteko konpentsazio medioak hornituz. Aldiz, EBn politika fiskalak estatu ezberdinen esku segitzen du. Hau da, EBn politika fiskala moneta politikatik kanpo dago.

(Gauza bera gertatuko litzateke Eskozian, baldin eta independentea izango balitz eta libera esterlina erabiliko balu.)

EBko  estatu kide bakoitza moneta erabiltzailea da, ez moneta jaulkitzailea. Eurotan zergapetzen dute eta eurotan gastatzen dute, baita eurotan izendaturiko zorra jaulkitzen dute.

Beste aldetik, EBko herrialde kideen arteko zor arazoak gutxitzeko, estatu kide bakoitzak adostu du aurrekontu defizitean eta zor jaulkitzean murrizketak onartzea, lerro nagusiak hauxek izanik: estatu bakoitzeko gobernuaren aurrekontuaren defizitak Barne Produktu Gordinaren (BPG) %3a baino txikiagoa izan behar du eta gobernuaren zor metatua BPG–ren %60 baino gutxiagokoa. (Izatez, EBko ia herrialde kide guztiek arau hori bortxatu dute.)

Jakina denez, 2007z geroztik, Grezia, Portugal Irlanda, Espainia eta Italiak zor arazo handiak jaso dituzte. Merkatuek haien interes tasak maila altuagora bultzatu dituzte arazoak okertuz. Europako Batasun monetarioa behartuta egon da EBZ-ko (eta are Nazioarteko Moneta-Fondoko, NMF-ko) maileguak hornitzeko. Are AEBetako Fed-ek dolarrak maileguz eman zizkien Europar Batasuneko hainbat banku zentrali.

Ondorioz, zorra zeukaten herrialdeak austeritate neurri gogorrak hartzera behartuak izan dira, gastuak moztuz, gobernu enplegatuak kaleratuz edo haien soldatak murriztuz, zergak areagotuz.

Hortaz, zein da, kasu, Greziaren eta Japoniaren arteko desberdintasuna?

Giltza honetan datza: Greziak, EBn sartu zenean, bere moneta subiranoa baztertu zuen eta onartu atzerritar moneta dena, euroa alegia.

Japoniak bere zorrak zerbitzatzen dituenean, balantze orrietako sarrerak konputagailuko teklatu-kolpearen bidez egiten ditu. Ezin da inoiz teklatu-kolpetan ahitu, berak nahi duen beste yen sor dezake. Ezin da inoiz erori nahigabeko ordaintze ezean.

Gobernu subirano batek, hots, bere moneta propioa jaulkitzen eta moneta hori erabiltzen duen gobernuak, beti dauka aukera ordainketa guztiak egiteko. Noski, horrek Altxor Publikoaren eta Banku Zentralaren arteko kooperazioa behar du, segurtatzeko banku-kontuak interesekin kreditatuak izaten direla. Baina merkatuek uste izaten dute gobernu subiranoak bere obligazioak beteko dituela.

Egoera erabat ezberdina da EBko kideentzat.

Lehendabizi, Fed AEBetako gobernutik baino askoz independenteagoa da EBZ, EBko estatu kideetatik.

Fed AEBetako Kongresuaren menpe dago, printzipioz. EBZ formalki EBko edozein estatutako gobernutik independentea da.

Fed-ek egindako edozein operaziok segurtatzen du beti AEBetako Altxor Publikoarekin kooperatzen duela Kongresuak onarturiko ordainketa guztiak AEBetako gobernuak gauza ditzan.

Fed-ek AEBetako gobernu zorra erosten du, behar denean, banku kideek nahi dituzten erreserbak hornitzeko. EBZ-ek debekatuta dauka EBko edozein estatu kiderekin horrelako kooperazioa gauzatzeko.

Adi:

EHn  Eskozia independentearen eredu ekonomiko eta monetarioa ‘inportatu’ nahi duten oro hausnarketa minimo bat egitera behartuta egon beharko lirateke. Bestela, independentzia politikoaren izenean porrot monetario handia ere ‘inportatuko’ lukete.

Ea ikasiko duten!


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude