ANAITASUNA aldizkaritik finantza kapitalismora

1972an, Anaitasuna aldizkarian ohiko kapitalismo industrialari buruz hasi nintzen zertxobait plazaratzen[1].

Kapitalismoak bide luzea egin du. Kapital finantzarioa nagusi bilakatu da. Europan esaten den moduan, Finanzkapital uber alles.

Bide luze horren azken urteetako lana dela eta, Larrabetzun, Literaturia ekitaldiak zirela eta Finantza Kapitalismoa izeneko liburua aurkeztu genuen Jokin Apalategik, Txutxi Ariznabarretak eta hirurok.

Hona hemen liburuaren inguruko zenbait zehaztasun: (a) 4 urte eta piku eman ditut  lan hau burutzeko,  (2004.03.24tik 2008ko udazkenera). (b) Liburua bitan banatua azaltzen da, Jokin-i esker:  Mundu globala /Euskal Herrirako irtenbide ekonomiko eta soziala. (c) Lana Andolin Eguzkitzaren (1953.12.06-2004.03.24) oroimenean eginda dago. 

Hona, berriz, liburuaren beraren punturik garrantzitsuenak: (i) AEBak dira nagusi: Hudson-en Super inperialismoa, lekukoa; (ii) Dolarra eta  Quid pro quo: zer da trukean dagoena?; (iii) Diruaren estatu-teoria eta diru-teoria modernoa: Randall Wray,…;  (iv) Kreditu-ekonomia eta programa fiskala: finantza-politika eta politika fiskala loturik daude, txanpon bereko bi aldeak dira; (vi) FIRE (Finantza, asegurua, higiezin erreala): Aktibo prezioko inflazioa eta, ondorioz, zorrak induzitutako deflazioa, (vii) Irtenbide gisa, inbertsioak kapital ukigarrian, ez FIREn ; (viii) Ponzi fasea:   egoera berriari finantza-zikloen Ponzi fasea deitu zion Hyman Minsky-k, non bankariek, zorren merkatariak izanik, batez ere, eskuratzen dituzten aktiboekin eta merkatuan saltzen dituzten pasiboekin etengabe jolasten ahalegintzen baitira (The Financial Instability Hypothesis[2]); (ix) Solbentziaren arazoa: Zein da solbentziaduna? Bankuak? Gobernua? Zergatik eman banku erraldoiei diru-laguntzak?;  (x) EUROA eta dolarra:  Gobernua subiranoa eta ez-subiranoa monetari dagokionez; (xi) Euskal Herriarentzako proposamen ekonomikoa eta soziala.

Eztabaidarako gai asko, funtsezkoak. Liburuarekin ados egon zein ez, Euskal Herriaren independentziak arlo ekonomikoan egon diren aldaketak analizatzera eraman behar gaitu, behar izango diren erabakirik aproposenak ongi hartu ahal izateko.

Literatura eta poesia aurkezten deneko lekua, Larrabetzuko Literaturia ekitaldia alegia, agian ez da izan lekurik aproposena finantza munduaz aritzeko. Horretaz ez dute idazten literaturzaleek eta poetek. Literatura? Poesia? Ongi, oso ongi. Baina bitartean gauza askotxo gertatzen ari dira gure inguruan, baita gure Euskal Herrian ere:  Literatura, poesia, kultura, politika, konpromisoa, elkartasuna, … eta euskal gazteria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude