Sorry, Marxek arrazoi zuen

Bai hala da. Froga Michael Hudson-ek eman du[1]. Hona laburbilduz Hudson-ek dioena:

Interest-Bearing Capital and Commercial Capital in Relation to Industrial Capital izeneko zirriborroaren oharretan (gero Kapitalaren 3. bolumena eta Plusbalioaren Teoriak liburuaren 3. partea bilakatuko direnak) Marxek era baikor batez idatzi zuen kapitalismo industrialak bankugintza- eta finantza-sistemak modernizatuko zituela.

Berak uste zuen kapitalismo industrialaren eginkizun historikoa gizartea lukuruzko diru-mailegatzetik  erreskatatzea zela. (Interesa daraman kapitala lukurariaren kapitaletik bereizten duena mailegariaren izaera desberdina da.) Kapital industriala produkzio-medio ukigarrietan azaltzen den bitartean, banku-maileguak, akzioak eta bonoak aberastasunaren gaineko eskari legalak dira. “…lukurariaren kapitalak ez dio aurre egiten  langileari, kapital industrialak egiten dion moduan… produkzio-modua pobretu egiten du, indar produktiboak geldiaraziz, ez garatuz.”

Marxek uste zuen ekonomiek epe luzean produkzio medioak areagotzearren, kapital industrialak mozkinak bereganatuko zituela dirua gastatuz lan-indarra enplegatzeko, ondasunak produzitzearren, gero ondasun horiek  garestiagoak saltzeko. Marxek prozesu hori honela laburbildu zuen: M-C-M’. Dirua (M) inbertitzen da ondasunak (C) produzitzeko, zeintzuk saltzen diren diru gehiago eskuratzearren (M’). Hala ere, bazekien lukuruzko kapitalak dirua beste era batera egiten zuela:  M-M’.

Azken finantza eskari hori produkzio ukigarritik era independente batez hazten da, eta finantza gastua irudikatzen du zeinak mozkin industrialetik jaten baitu. Marxek deskribatu zuen nola aldizkako finantza-krisiak azaldu ziren zorren tendentziak esponentzialki hazten zirelako (ahalmen produktiboen hazkundearekiko konparatuz): interes konposatuen[2] magia zela kausa.

Interes konposatuen matematikaren printzipio dela eta, zorra metatu egiten da ordaintzeko ahalmen ekonomikoarekin parekatuz. Marxen iritziz, finantza-eskari hazkunde hori fikziozko kapitala zen, ezin baitzen gauzatu. (Gaur egungo AEBetako zor hazkunde esponentziala ezin ordain daitekeen bezalaxe). Hortaz, fikziozko finantza-irabaziek errealitate ekonomikoari aurre egiten diotenean krisiak sortzen dira. 1857ko krisi finantzarioa analizatuz, Marxek bere garaian pentsaezinezkoa zena adierazi zuen, 2008/2009an ezagutu diren finantza-espekulatzaileentzako diru laguntzak izatea.

Hala ere, guk ezagutu dugu egoera hori, non Wall Street-ek bere botere ekonomikoa botere politiko bilakatu duen, finantza publikoaren erregulazioa kontrolatzeko. Marxen aburuz, finantza fikziozko eskarietan oinarritzen zen, zeren finantzari ez baitagozkio produkzio medioak, baizik eta produkzio-medioen gaineko bonoak, hipotekak, banku-maileguak eta beste eskari batzuk. Ez dira ekonomiaren balantze orriko aktiboan dauden medio ukigarriak, baizik eta pasibo aldean azaltzen diren outputen gaineko eskariak. Gaurko finantza-ingeniaritzaren helburua ez da lehengo ingeniaritza industrialak zuena, hots, outputa areagotzea edo eta produkzio kostuak jaistea. Egun gorpuzturik gabeko M-M’ gauzatzea da helburua, zero-baturako transfer-ordainketa antzu  batean –dirua dirutik egitea-. Gainera fikziozko kapital horren eskariak ezin dira bete, ekonomiaren aurrezkiak eta zorrak esponentzialki hazten baitira.

Marxek definituriko lukuruzko kapitala, kapital industrialarekiko antitetikoa da, gainera fikziozkoa da, zeren epe luzean ez baita gauzagarririk izaten. Finantza Marxek deskribaturiko lukuruzko kapital bilakatu da, berorrek kapital industriala bereganatuz. 

Bankugintza eta kapital finantzarioa ez daude kapitalismo industrialaren beharrizanen menpe, alderantziz baizik.  Are okerragoa dena: Plangintza ekonomikoa gobernuetatik AEBetako Wall Street-era, Britainia Handiko City of London-era, Paris-eko Bourse, Frankfurt, Hong Kong, Tokio-ra eta munduan zehar dauden beste gune finantzarioetara igaro da. Historia garatu den moduan, finantza-kapitalaren hedakuntzak Marxek deituriko ‘lukuruzko kapitala’-ren forma hartu du. Hala ere, nahiz eta Marx lukuruzko kapitala ikertu, azken finean okertu zen.

Izan ere, berak uste baitzuen kapital industrialak finantza-kapitala menperatuko zuela, azken horren beharretara. XIX. mendeko kapital finantzarioaren analisirik sofistikatuena Marxi dagokio (Plusbalioaren Teoriak, III. partea). Izan ere, kapital finantzarioaren garapena analizatu zuen, garapen hori mugagabekoa zela ikusiz, interes-tasa konposatuaren arabera.

Baina hori guztia analizatu ondoren, analisi hori bertan behera utzi zuen Marxek, kapital finantzarioa kapital industrialaren menpe egongo zela aldarrikatuz. Beste edozein ekonomialari baino askoz gehiago kezkatu zuen Marx garapen horrek, baina azkenean uste zuen kapital finantzarioak bigarren mailako rola, menpeko eginkizuna zeukala. Gaur, oso argi dagoenez, alderantziz gertatu da: ekonomia osoa finantza-kapitalak bereganatu du, ekonomia industriala erabat finantzializatuz[3].

Gaur egunean, Hyman Minsky-k deitutako ‘kapitalismo diru-kudeatzailea’ motan, badakigu finantza-kudeatzaileek enpresa industrialak bereganatu dituztela, Marxek imajina lezakeen mailatik baino askoz haragora joanda. Kontua da maileguak egitea aktibo-prezioko inflaziotik irabazi espekulatiboak lortzeko, M-M’ eskemari dagokiola, ez M-C-M’ delakoari. Ekonomia Ponzi eskema batean sartu da, zor-zerbitzua birziklatuz, mailegu gehiago luzatzearren, aktibo prezioak puzteko –mailegatze berri hori justifikatzeko mailan-.

 Baina prozesu horrek muga bat du: zor-zerbitzua estaltzeko superabit-errentak daukan ahalmena.  Bankuek eta beste hartzekodun batzuek beren zor-zerbitzuko diru-jasotzea mailegu berri- (eta arriskutsuago)-etan birziklatzen duten heinean, zor globala esponentzialki hazten da. Hauxe da interes konposatuen matematikak erakusten duena. Ondorioz datorren zor-deflazioak barneko merkatua murrizten du eta ekonomiaren beraren hazkundea blokeatu egiten da. 

Krisiaren funtsa ez dagokio mozkin-tasaren jaitsierari (Marxek uste zuen moduan) egungo aktibo-prezioko inflazioari baizik, zeinaren ondorio zuzena zor-deflazioa den.  Horixe da, gure begien aurrean, gertatzen ari dena, eta jende asko jasaten ari dena.

Irtenbidea? Randall Wray-k zenbait proposamen egin ditu: alde batetik, krisi orokorrari aurre egiteko eta, bestetik, Eurolandiako egoerari buelta emateko. Neoliberalismo finantzario gogorraren aurka, zeinak ekonomia osoa finantzializatu egin duen, gobernu sendoak behar dira, politika fiskal progresibo eta egoki eta zehatz bat martxan jarriko duten gobernuak, baita zerbitzu publikoetan inbertsio berriak egiteko gai direnak ere[4].


[1]  Ikus       From Marx to Goldman Sachs: The Fictions of Fictitious Capital, and the Financialization of Industry izeneko artikulua, Critique: Journal of Socialist Theory delakoan:  http://michael-hudson.com/2010/07/from-marx-to-goldman-sachs-the-fictions-of-fictitious-capital1/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude