Jirabiran

Plazaratu beharreko gauza benetan serioak ditugu gaurkoan. Gure blogaren izena guztiz oker dago. Nahiz eta Galileok esan, eta beste askok beranduago errepikatu, “Eppur si muove”, “badabil”, alegia, gezurra da. “Eppur NON si muove”. Ez dabil. Geldirik dago. Bai, bai, EHUko irakasle den J. C. Gorostizagaren arabera, Lurra geldirik dago. Gel-di-rik. Ni ere geldirik geratu naiz hori jakitean.

Augustus_De_Morgan

Augustus De Morgan

Augustus De Morgan matematikariak liburu eder eta gomendagarri bat idatzi zuen duela asko, “A Budget of Paradoxes” (I  & II) (1872). Jakintza orokorra zalantzan jartzen duen jende askoren lanak aipatzen ditu, zirkulua koadratu nahi izan duen jendearena, Newtonen mekanika okerra dela erakusten duten hainbatena, sistema ptolomeikoaren defendatzaileena eta abar luze bat. Halako pertsonei “paradoxers” (paradoxa sortzaileak?) deritze De Morganek.  Haren hitzetan:  “(…) a paradox is something which is apart from general opinion, either in subject-matter, method, or conclusion. (…) Thus in the sixteenth century many spoke of the earth’s motion as the paradox of Copernicus, who held the ingenuity of that theory in very high esteem (…)”. “(paradoxers) are in all ranks and occupations, of all ages and characters. They are very earnest people, and their purpose is bona fide the dissemination of their paradoxes”. “I have not set down Copernicus, Galileo, etc. among the paradoxers, merely because everybody knows them; if my list were quite complete, they would have been in it.” De Morganek mende honetan idatzi izan balu bere liburua, Koperniko, Galileo, Einstein eta J.C. Gorostizaga aipatuko zituzkeen dudarik gabe.

Bukatu baino  lehen, Gorostizagaren baieztapen batekin ados nagoela aitortu behar dut: Unibertsoaren barizentroa Lurrean bertan dagoela egia da. Bariko zentroan dago, hain zuzen ere.

2012. urtea bukatzear dagoela…

Nature aldizkariak aurtengo gertaera nagusienak aipatzen ditu aste honetako alean, eta haien artean lehenetakoa, Higgs-en bosoiaren aurkikuntza. Science aldizkariarentzat ere, ere hura izan da emaitzarik aipagarriena.

1000px-Elementary_particle_interactions Urtea bukatzear dagoela, ezin dezakegu jakin 2012. urte honetan zein izan den ekarpenik garrantzitsuena, zein emaitzak eragingo duen gehiago fisikaren aurrerapenean. Litekena da urteak igaro izatea jakin arte. 100 urte barru, izango al dute aurtengo aurkikuntzek duela mende bat lortu zirenen bezainbesteko garrantzirik? 1912. urteko aurkikuntzarik garrantzisuena, ziurrenik, Max Von Laue-rena izan zen: X-izpiak erabiliz, zinkblendaren egitura atomikoa azaltzea lortu zuen eta aldi berean, X-izpien bidezko kristalografia sortu. Aurkikuntza horregatik 1914. urtean Nobel Saria jaso zuen. Eta ehun urte beranduago, Kristalografiaren Urtea ospatuko da.

Zer ospatuko da ehun urte barru?