Korridorea

Lurraldearen antolakuntzan arkitekturaren protagonismoa dezente lausotu egiten da, beste jakintza-arlo batzuen mesedetan. Eskala handian garrantzitsuagoak dira ekonomia, geografia eta, jakina, politika.

Gogoratuko duzue Daytoneko Hitzarmen ezagunaren ondorioetako bat: Goražderako korridore bosniarra onartu behar izan zuten serbiarrek, nazioarteak bake-prozesua begi onez ikusiko bazuen. Izan ere, Goražde serbiarrek inguratutako barrendegi musulmana bihurtua zen Bosniako gerraren ondorioz, eta etorkizunera begira arazo gehiago aurreikusten ziren egoera berdinean jarraitzekotan. Soluzioa, beraz, barrendegia penintsula bihurtzea izan zen, korridore baten bidez.


Goian ikusgai dagoen Bosniako planoan, 1995eko azarokoa, Goražde barrendegi gisa agertzen da (erdian, eskuinean)


Bosnia-Herzegovina, 1995eko abenduan Daytoneko Hitzarmena sinatu eta gero. Goražde korridore batek lotutako penintsula musulman gisa agertzen da. / PD

El Mundo egunkariak soluzio berdina aurkitu dio Trebiñuko auziari. Burgosko probintzia eta Trebiñuko barrendegia lotzen dituen korridore bat ireki egin du Añanako Kuadrillan barrena. Hori ikus daiteke, bederen, egunkari horrek eguraldia iragartzeko egunero eskaintzen duen planoan.


El Mundo egunkariak EAEko edizioan dakarren eguraldiaren mapa (handiago ikusteko, sakatu mapan)

Haatik, Villaverde Turtzioz barrendegia ez dute marrazten… konturatu gabe trukeren bat egin al digute?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude