Nire autorik gabe

«Bada, ni, autoaren defendatzailea nauk» esan du, printzipio-kontua balitz bezala, petrolio merkearen gailurrarena, Repsol bezalako enpresek ere dagoeneko onartzen dutena, gogorarazi diotenean. «Arazoa duk hik bezalaxe pentsatzen dutela 1.000 milioi lagunek ere», erantzun ustez kategorikoa. «Horixe, bada! Hainbeste jendek ezin du oker ibili!».

Hamabost urte daramatzagu Europan autorik gabeko eguna ospatzen. Hamar urte, mugikortasunaren astea delakoaren barruan, gainera. Azkena, joan den irailaren 16tik 22ra. Betiko adierazpen eta ekitaldi onberak, herritarrak mugikortasun iraunkorraz kontzientziatzeko, baina oraindik entzuten dira arestikoa bezalako elkarrizketak.

Askatasunaren aitzakia azaleratu ohi da horrelakoetan, kutsatzea eskubidea edo hautu pertsonala balitz bezala. Horregatik da beharrezkoa azpimarratzea egun berezi hauetan erabili den determinatzaile posesiboa: kontua ez da mugitzea «autorik gabe», modu abstraktuan, baizik eta «nire autorik gabe».

Zenbait hitzaldi interesgarrirekin batera, dena den, mugikortasunaren astea edukiz hustu ohi dituen beste hainbat iniziatiba ere eraman dira aurrera. Ekimen artistikoei buruz ari naiz.

Azalduko dut. Artearen aurka ezertxo ere eduki gabe, eta jarduera guzti-guztiak ez direla zertan akademikoak izan onartuta, nire ustez, performance artistiko gehienek etikaren alorretik estetikaren alorrera desbideratu ohi dute arazoa, benetako muina ironiazko geruza batez estaliz. Aurten, adibidez, auto erabilgaitz bat eskultura bihurtu dute Bilbon. Txatarretik txori bat atera du Teruelgo eskultore batek. Artea kontzientziatzailea izan daiteke, jakina, baina askotan, gehiegitan, argazki deigarriaren bila antolatzen dira horrelako jarduera ikusgarriak.

Bitartean, nire autorik gabeko egunean parte hartu dutenen artean zeinek irakurri du Europako Batzordeak 2011n argitaratutako garraioaren liburu zuria? Europako garraioa iraunkorragoa izateko zehazten diren hamar helbururen artean, hain zuzen, lehena 2050erako erregai fosilak darabiltzaten autoak hirietatik desagertzea da. Benetan iruditzen al zaizue hipotesi horrekin lan egiten dutela gure agintariek?

Erantzuna ostegun honetan bertan izan dugu Hego Euskal Herriko biztanleok: Espainiako gobernuak, murrizketa berrien artean, 75 milioi euroko plan pizgarria iragarri du autogintzaren sektorea (berriz ere) suspertzeko. Astelehenetik aurrera, 2.000 euro jasoko ditu 2013ko martxoaren 31 baino lehenago auto zaharra ordezkatzen duenak. Eta autorik gabeko eguna ospatu eta sei egunera eman digute horren berri. Txapel batez bi buru ezin estali.

Horrek guztiak erlazio zuzena du hirigintzarekin. Azken hamarkadotan, ia dena autoaren mende eraiki dugu. Zenbat urbanizazio, merkataritza-gune, parke teknologiko, unibertsitate-campus eta abar utzi beharko dira alde batera Europako Batzordearen xedea betetzeko?

Astelehenean, ziurrenik lanera joateko autoa berriz hartuko dudala da okerrena. Nire autoa.

 

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko urriaren 6an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude