2011ean irakurri ditudan liburuak

2011an irakurri ditudan liburuak:

 

    • Naufragioak / Philippe Aubain; M. de Kearny; Patxi Apalategi. Erein, 1996. Saiakera: historikoa Urrezko izarraUrrezko izarra

 

 

 

    • El conde de Montecristo / Alejandro Dumas. Debate, Madrid, España, 2001. EleberriaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarra

 

    • El mundo después de Iraq / Noam Chomsky. Txalaparta, Tafalla, 2004. Saiakera: PolitikaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarra

 

 

    • Mailuaren odola / Aingeru Epaltza. Elkar, Donostia, 2006. Eleberria: HistorikoaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarra

 

    • In Cold Blood / Truman Capote. Penguin, London, England, United Kingdom, 2000. Eleberria?: BeltzaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarra

 

    • Haserretu zaitez! / Stéphane Hessel. Denonartean, 2010. Saiakera: PolitikaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarra

 

    • El informe Brodeck / Philippe Claudel. Salamandra, 2008. Komikia: KomikoaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraLiburu hau NUPeko irakurle klubean irakurri genuen. Gogorra, krudela, eta oso ona.

 

    • Heart of Darkness / Joseph Conrad. EleberriaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraLiburu hau ere NUPeko irakurle klubean irakurri genuen. Maisu-lana, guztiz, nahiz eta batzuei ez gustatu.

 

    • Things fall apart / Chinua Achebe. EleberriaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraLiburu hau ere NUPeko irakurle klubean irakurri genuen. Aurrekoaren erantzun natiboa, belztasunaren ikuspuntutik. Merezi du.

 

    • La fórmula preferida del profesor / Yoko Ogawa. EleberriaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraLiburu hau ere NUPeko irakurle klubean irakurri genuen.

 

    • Españistán / Aleix Saló. Glénat, Barcelona, Catalunya, 2011. Komikia: KomikoaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarra

 

    • Antonio Bolas / Joxantonio Ormazabal. Elkar, Donostia, 2002. Ipuinak: KomikoaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarra Liburu hau Joxe Aranzabalek gomendatu zuen

 

    • Conectados / Nicholas A. Christakis; James H. Fowler. Santillana, Madrid, España, 2010. Saiakera: Soziologia, InformatikaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarra Liburu hau Gorka Juliok gomendatu zuen IEB2011n, eta biziki eskertzen diot.Google books-en berri laburra (es)

 

    • Pedro Páramo / Juan Rulfo. 1955. EleberriaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraLiburu hau Mariví Rodriguez Zarzak eta Juan Carlos Longásek gomendatu zidaten

 

    • Iparraldeko basamortuak / Txani Rodríguez; Ignacio Fernández “Nacho”. Saure, Legutio, 2007. Komikia: MenturaUrrezko izarraUrrezko izarra

 

    • Kanban y Scrum / Henrik Kniberg; Mattias Skarin. C4Media Inc., 2010. Saiakera: Proiektuen KudeaketaUrrezko izarraUrrezko izarraUrrezko izarraLiburu hau Carlos Urtasunek gomendatu zidan.

 
Frantsesez irakurtzera itzuli naiz atzera, eta pozik. Liburu bakarra irakurri nuen formatu elektronikoan iaz, Rulforena. PDF bat zen, sakelekoan (Nexus One) Aldiko aplikazioaz leitu nuen. Ez zen erosoa, ez. Aurtengo Android taulatxo bat eskuratu dut, bq markakoa, eta elektroniko gehiago irakurriko dut.

Iñaki Agirre

Ingeniaritza konkurrentea baliabide mugatuekin

Aurreko batean, hiruzpalau proiektu batera generamatzan taldekideok ataza bat bukatu arte ezin itxoin genbiltzan, hurrengo proiektua abiatzeko. Atazaren arduradunak “%90 bukatuta” zegoela ziurtatu zigun, eta proiektuarekin hastea erabaki genuen. Honi ingeniaritza konkurrentea deritzo. Ezarpen simpleena hemengo hau litzateke.

Ingeniaritza Konkurrentea

Teknika honen abantaila nagusia proiektuaren luzeraren murriztea da. Hortaz, merkaturatzeko epea, hainbat sektoretan arrakastaren eragile nagusia dena, mozten da. Beste abantaila bat informazioaren trinkotzea da. Izan ere, teknika ondo aplikatzeko informazio fluxuak azkarrak eta zehatzak izan behar dira. Arestian aipatu kasuan, bi egun itxaron behar izan genuen atazaren dokumentazioa, datu-base baten kontzeptu-eredua idatzi, marraztu eta txukuntzeko. Atzerapen hauek onartezinak dira, informazioa ekoiztu ahala partaideen eskura jarri behar dira.

Ingeniaritza konkurrentearen erronken artean, plangintzarena dago. Jardueren arteko loturak anitzagoak dira, eta jarduera batean jazotzen diren aldaketek alboko eraginak dituzte. Adibidez, analisian intentsitate handiagoarekin (baliabideak gehituz edo arduraldi osoa eskainiz) jokatuz gero, zenbateraino aurreratuko dira diseinua eta garapena? Baliabide nahikorik izango al dugu intentsitatea igotzeko?

Problema honi Tamás Kis ikerlari hungariarrak eman dio erantzuna honoko liburu-atal honetan:

Kis T. (2006). RCPS with variable intensity activities and feeding precedence constraints, In: Józefowska J. and Wegalrz J., Perspectives in Modern Project Scheduling, Springer, New York, 2006, pp. 105-129

Problema honi buruz Kisen webgunean intentsitate aldakorrekiko proiektuen programazioari buruzko material gehiago dago. Neu ere ingeniaritza konkurrenteaz mintzatu nintzen UEUko ikastaro batean.

Iñaki Agirre

Arriskuaren kudeaketa ETEetan

 

(es) Informazio teknologien munduan, segurtasun metodologia bat ezartzeko ahaleginak eskura dauden nazioarteko edo nazioko estandarretan oinarritu behar direla guztiz onartuta dago.
Industria arloan, eta zehatzago proiektuen kudeaketan, proiektuei ez orientatutako ETEen
arriskuaren kudeaketaz gutxi idatzi da. NUPeko
S. Marcelino Sádabak eta A. Pérez Ezkurdiak sinatzen duten azken artikuluak lagunduko du tartea betetzen. Nazioarteko ereduetatik hasita, tokiko erabilpen praktikora jaitsi dira. Paperaren hasieran Chaos Report 2009 aipatu dute, non proiektuen %32ek soilik aldez aurretik adostutako helburuak garaiz eta aurrekontuaren barne betetzen dituztela kontatzen den. Segituan, nazioartean gehien erabiltzen diren arriskuaren kudeaketa ereduak ikuskatzen dituzte. Artikuluaren muina Nafarroako ETEetan abiatutako zortzi proiektu kasuen azterketan datza. Partaideekin arriskuaren kudeaketan aurkitutako arazo nagusiak eztabaidatuz gero, kudeaketa honen fase bakoitzean ETEen behar berekiei legokiekeen tresna sorta taiutu dute. Lan honen hedapen gisa, zientzialariak proiektu txikietan proiektu motaren arabera arriskuaren kudeaketarako berariazko gidaliburuak idazten ari dira. Laburbilduz, artikulu hau nabari da gutxiago jorratu den arlo batean, ETEetakoan. Arlo honetako proiektu buru guztiek irakurri eta gogoan hartu behar lukete.

Iñaki Agirre

  • Gestión del riesgo en proyectos abordados por PYMES / Sara Marcelino Sádaba; Amaya Pérez Ezcurdia. Dyna 85, no. 6 (2010): 504-512

Proiektuen Bidezko Nafarroako Elkartea

Dagoeneko ofiziala da. Aspaldian iragarritako Nafarroako Proiektuen Kudeaketarako Jakinmin Bereziko Taldeak bide eman dio Proiektuen Bidezko Nafarroako Elkarteari. Atzo, arratsaldeko 18:00tan, CEINen (Noaineko Motxoli industriagunean) lehen ohiko batzar nagusia ospatuko genuen. Hurrenkera:

  • Bazkideen eta zuzendaritza-batzordearen aurkezpena
  • Elkartea eratu baino lehen egindakoaren atzera ikuspena eta eskarmentuaren analisia
  • Etorkizunerako ideiak eta lan ildoak

Oso giro gozoan informazioa trukatu eta bazkideak engaiatu genituen.

Iñaki Agirre

Monty Hallen paradoxa

Hasi baino lehen aitortu behar dut Monty Hallek ez zuela paradoxa hau proposatu. Monty Hall Let’s Make a Deal izeneko telebista saioaren aurkezlea zen. Nik ez dut inoiz ikusi, baina antzeko erabakiak hartu behar zituzten nire garaian jokalariek Un, dos, tres, … responda otra vez telesaioan. Imaginatu jokatzen ari zarela, eta kotxea irabazteko zein ateren atzean dagoen asmatu behar duzula. Hiru ate daude, biren atzean kuia besterik ez duzu topatuko, eta bestearen atzean amestu duzun kotxe liluragarria dago. Noren atzean ezin jakin, ordea. Aztarnarik ez. Kiko Legardek ate bat  hautatzeko eskatzen dizu. Zure barneko ahotsaren aholkua entzunda, ate bat hautatzen duzu. Ate hori ireki baino lehen, Kikok zera diotsu: “Lagunduko dizut piska bat”, eta beste ate bat irekitzen dizu, non kuia bat dagerren. Eta orduan galdetzen dizu: “Zure lehen aukerari eutsi nahi al diozu?”.

Zer egingo zenuke? Hautatutako atea mantendu, edo bestea hartu oraingoan?

Jende gehienak berdin dela pentsatzen dut. Aukeratutakoari eutsi, edo iritzia aldatu berdin dela, itxita dauden ateen atzean kotxea eta kuia daude eta kokapena ekiprobablea delako. Eta horrela pentsatuta, askok eutsiko liokete lehen aukerari. Steve Selvinek plazaratu zuen paradoxa hau 1975an, baina ezaguna egin zen C. F. Whitaker-rek Marilyn vos Savant-i (garai batean munduko pertsonarik azkarrena) galdetu zionean 1990. Vos Savantek ondo erantzun zuen bere Paradeko zutabean: egokiena beste atea hartzea da.

Nahiz eta ondo erantzun, hika-mika handia zabaldu zuen. 10etatik 9 ez ziren ados Vos Savanten erantzunarekin, unibertsitateko irakasleak eta ikerlariak barne. Ulertzeko baldintzazko probabilitatea ulertu behar da. Hasieran, asmatzeko probabilitatea heren bat da. Baina oker bazaude, Kikok emandako informazioarekin, iritziz aldatuz gero, asmatuko duzu beti. Zuzen bazaude, aldatuz gero erreka joko duzu, noski. Hortaz, aldatzeko politikarekin zure kotxea lortzeko probabilitatea bi herenekoa da.

Azalpen grafikoa hemen duzue ingelesez. Estatu Batuetako telesaioan ahuntzak erabiltzen zituzten. Beste lekuren batean Perseo, bi gorgoiak eta printzesa bat erabili izan dira paradoxa hau adierazteko.

Paradoxaren dotorezia albo batera utzita, erabaki konplexuetan gaizki ulertzen ditugun jazoerak ekiprobableak direla pentsatzeko isuria dugula gogorazi nahi dut honetan. Hauteslearen isuriak kontuan hartu behar dira egoera askotan. Eta informazio berriarekin berriz pentsatu behar ditugu aukerak. Ez dadila izan dena “sostenella y no enmendalla”.

Iñaki Agirre Pérez

Proiektuak maite zituzten kudeatzaileak

Nafarroako Proiektuen Kudeaketarako Jakinmin Bereziko Taldearen bigarren bileran parte izan dut gaur, CEINen. Oraingoan ere hiru pilula partitu ditugu:

  • CEINeko Carlos Urtasunek proiektuetan hain garrantzitsua den alde psikologikoak jorratu ditu. DeMarco-ren bi liburu oinarri, Adrenaline Junkies and Template Zombies eta Peopleware, lankideak sailkatzeko eta beraiekiko harremanak kudeatzeko aholkuak eztabaidatu ditugu. Usain bezalako jende iaioa, saltsa bologniarrari eta prozedimenduei ken diezaiekeguna, ataza aunitz batera egiteagatiko errendimendu galerak eta lantaldearen inplikazioa kide berrien hautaketan izan ditugu mintzagai.
  • CEINeko
    Raúl Sanz de Acedok proiektuen kudeaketarako softwarezko tresna bat nola hautatu zuten kontatu digu. Azkenean software libreko Redmine aukeratu dute, web bitartez erabiltzen den tresna bat. Finaleko galtzailea TeamWork izan zuten.
  • Thomson-Reuterseko Ángel Sanzek PMIko ziurtagiriak nola lortzen diren azaldu digu. CAPM eta PMP eskaintzen ditu erakunde honek.

Finean, bilera probetsugarria berriz ere.

Iñaki Agirre Pérez

San Petersburgoko paradoxa

Paradoxa itxurazzentzugabea edo buruaren kontrakoa dela dio hiztegiak. Alta, paradoxak,  gure ustearen ustela agerian utziz, zentzu sakonagorako bideak erakusten dizkigu. Horregatik ditugu hain gustuko.

Gaurkoan ale bitxi bat ekarri nahi dizuet. Daniel Bernoulli matematikari ospetsuak plazaratu zuen, 1738an San Petersburgon emandako hitzaldi batean. Ideia, hala eta guztiz ere, bere lehengusu Nicolas Bernoulliri zor diogu.

Jo dezagun San Petersburgoko kasinoan joku berri bat asmatu dutela. Jokatzeko, sarrera ordaindu behar duzu, baina gero txanda guztiak dohainik dira.

Croupierrak txanda bakoitzean leon-kastillo botatzen du. Jokalariak kastillo (ifrentzua) ateratzen denean irabazten du, eta jokua bukatu da. Jokalariak irabazteko probabilitate osoa du, gero. Hala eta guztiz ere, saria ez da beti berdina. Lehen txandan asmatuz gero, rublo bat poltsikoratzen du. Bigarrenean, bi rublo. Hirugarrenean, lau rublo. Oro har, 2^(n-1) rublo ematen du kasinoak, n. txandan asmatuz gero.

Zenbat ordainduko zenuke sarrera gisa San Petersburgoko loteria honetan jokatzeko? Daniel Bernoullik sariaren itxaropen matematikoa erabili zuen sarrera hura kalkulatzeko. Lehendabizikoan asmatzeko probabilitatea 1/2 da, bider saria (rublo 1) berdin 1/2. Bigarren txandan asmatzeko probabilitatea 1/4 da, bider saria (2 rublo), berdin 1/2. Oro har, batuketaren termino bakoitza 1/2 da, eta hortaz sariaren itxaropen matematikoa infinitura doa. Zenbat ordainduko luke jokalari batek sartzeagatik? Daukan guztia!

Momentu bat. Sariaren itxaropen matematikoa infinitura doa, baina 1/2 probabilitatearekin rublo bakar bat irabaziko duzu. Benetan duzun guztia jokatuko zenuke? Ez, hortxe dago paradoxa. Jendeak asko jota 25 rublo jokatuko luke, baina ez duen guztia.

Paradoxa honek jendearen erabaki arrazionalak ulertzeko itxaropen matematikoa nahikoa ez dela erakusten digu.

Paradoxa konpontzeko ahaleginean Daniel Bernoullik Baliagarritasun marginal beherakorraren legea zirriborratu zuen, baina auzia ez dago guztiz itxita. Baliagarritasunaren teorian  aurrera eginez, baliagarritasuna atributu-anitza dela ebaki zuten batzuek 1970 hamarkadan. Horren ondorioz balioaren hirukia sortu zuen Atkin-ek 1990an, proiektuen kudeaketan urrezko edo altzairuzko hirukia (iron triangle) esaten dioguna.

Katea kritikoa teknika barruan, baleko programazioa, azken finean, pentsamolde honetik datorkigu.

Beste batzuk paradoxa honen eta beste ezintasun batzuen ondorioz positibismoaren eta ekonomia neoklasikoaren kontra jo zuten, eta ikuspuntu postmodernista batetik kontsentsuaren bila abiatu ziren. Proiektuen kudeaketan erabiltzen dugun Delphi metodoa ildo honetatik datorkigu.

Keynesek arrisku erlatiboa aipatu zuen paradoxa hau konpontzeko asmoz.

Proiektuen kudeaketan arriskua nola kudeaketu, eta teknika berriak nola aplikatu jakin nahiez gero, oraintxe duzue aukera “Proiektuen kudeaketarako teknika berriak” ikastaroan.

Iñaki Agirre Pérez

Proiektuen kudeaketarako jakinmin bereziko taldea

Nafarroako Proiektuen Kudeaketarako Jakinmin Bereziko Taldea sortu da gaur, CEINen babespean. Aurkezpen ekitaldian hiru pilula banatu dizkigute:

  • Thomson Reuterseko Juan Arraizak OPM3ri buruz hitz egin digu. Praktika onak eta gaitasunak zehazten ditu eredu honek, CMM-ren antzera, eta proiektuen kudeaketan proiektuaren, programaren eta proiektu-zorroaren dimentsioak aztertzen ditu. Dimentsio hauetaz gain erakunde-eragileak aipatu ditu.
  • Indrako Carlos Monrealek administrazioarekin eramaten dituzten proiektuen berezitasunez jardun du. Barneko eta kanpoko proiektu kudeatzaileen arteko errol banaketaz, pertsonen garrantziaz (errotazioa gutxitu behar dela), arraskata neurtzeko aldeak (adibidez, bozketarako grina), hierarkiaren egonkortasunaz, arauez lotutako zuzendaritzaz eta horrelakoetaz mintzatu da, edozein proiektuan nagusiak diren arloak ahaztu gabe.
  • Tracasako Mans Shapshak IT munduan sartu da, “Analista edo mamua” izenburupean. Bere hitzaldian software txarraren zioak gainbegiratu ditu, probatzeko metodologia kaskarra eta eragiketetako akatsak, kasu, eta diseinu alternatibak arakatzeko beharra defenditu du. Taldearen antolakuntzan The Software Design Studio/House proposatu du, arlo anitzeko teknikariak elkarrekin lanean jartzeko.

Talde bezala oso hasera polita izan dugu, ea gerora ere taxuzko gauzak egiten ditugun.

Iñaki Agirre Pérez

Proiektu plangintza sistema estokastikoa tesia

Urtarrilaren 19an  “Sistema de planificación estocástico de proyectos:
Implicaciones en la gestión de riesgos” (Proiektu plangintza sistema
estokastikoa: arriskuen kudeaketaren gaineko eragina) tesia irakurri
nuen Errioxako Unibertsitatean.

Epaimahaiak bikain cum laude aho batez eman dit. Better Rhetoric

Tesiaren zuzendaria Errioxako Unibertsitateko katedraduna den Joaquín Ordieres Meré doktorea izan da.

Ikerlan honekin proiektu-buruek proiektua noiz, nola eta zenbatean
bukatuko den igartzeko duten arazoei irtenbidea eman nahi diegu.
Proiektuak arriskutsuenak diren arloetan, Ikerketa, Garapena eta
Berrikuntza, Informazio Komunikazio Teknologiak edo produktu berrien
merkaturatzea kasu, egungo tresnak ez dira nahikoak.

Gaur egun burutze normaleko plangintza eta arriskuen kudeaketa banatzen dira. Arriskuen kudeaketa kualitatiboa egiten da, eta horretan
gertakizun planak txertatzen dira. Gure ikerketaren helburua arriskuen
kudeaketa kuantitatiboa plangintza orohartzaile batean kokatzea da.

Helburu horretarako proiektuaren sare eredu estokastikoa garatu dugu.
Ereduaren isla denborazko Petriren sare estokastiko orokorrago bat da, non denborazko gertaerak trantsizioetan jazotzen diren.

Ereduaren erabilgarritasuna softwarezko prototipo batean erakutsi dugu.
Prototipoa Java lengoaian programatu dugu eta praktikan beharrezkoak
diren hainbat ataza burutzeko gai da. Besteak beste, atazen
sekuentziazioa, baliabide mugatupeko plangintza edo proiektu-zorroaren kudeaketa. Eredua ebazteko moldatutako Monte Carloko simulazioa erabiltzen da.

Ikerketa honen ondorioz proiektu-buruari informazio gehiago, zehatzago eta hobea eskein diezaiokegu. Proiektuaren nondik norakoak zehazteko, atazen, baliabideen, kostuen eta emaitzeen arriskuak aurrez ikusteko eta kontuan hartzeko tresna erabilgarri eta eraginkorra aurkeztu dugulakoan gaude.

Iñaki Agirre Pérez