Linux ikastaroa (2)

Linux ikastaroa bukatu dugu. Gai hauek ikutu ditugu, denborak eman digun ahala:

  • Software librea
  • Linux sistema eragilea
  • Linux banaketak
  • Linux instalatzen
  • Abioa
  • Lehen urratsak
  • Fitxategi arakatzailea
  • Bilatu fitxategiak
  • Aplikazioak
  • GNOME idazmahaien kudeatzailea
  • Komandoak
  • Sareko konfigurazioa
  • Eguneraketa
  • Aplikazioak instalatzen

Lankideak oso pozik daude jasotako ikasgaiarekin, eta krisia gora-behera, taxututako ildoan jarraitzeko prest. Ikastaroan erabili dugun aurkezpena eskura uzten dizuet.

Iñaki Agirre

Linux ikastaroa

Astelehenean, irailak 13, “Linux” (Linuxerako sarrera) ikastaroari hasiera emango diogu.  Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileei zuzenduta dago ikastaro hau. 10 ordukoa da, besterik ez, baina ilusioz beteta ekingo diot. Izan ere, software librearen eta ofimatikaren inguruan ikastaro batzuk eman dizkiet aurreko urteetan, eta nago gaitasun lerro sendoa finkatzen ari garelakoan. Iaz, “Iturburu irekiko softwarerako sarrera” cenatic-ekin batera eta “Open Office Writer” jorratu genituen. Ea hurrengo urteetan eusten diogun lemari!

Iñaki Agirre

Nola kudeatu munduko hezkuntza sarerik handiena

Ostiralean, Navarpartyn, Rodrigo Salvador de la Conchak Andalucían egiten duten lan txukuna azaldu zigun. 40 bat informatikariek 2000 bat ikastetxeri zerbitzua ematen diete, Andalucía osoan sakabanatuta. 180.000 bat ordenagailu, eta guztietan Linux banaketaren bat daukate ezarrita. Guadalinex edo Debian hautatu dituzte. Neurrira egindako web aplikazio batez sare osoa kudeatzen dute. Urrutitik ordenagailuak piztu eta itzali, taldeak egin, ikasgela birtualak sortu, eduki-iragazkinak ezarri edo kendu, … Eragiketa asko burutzeko gai da aplikazioa.

Ikastetxe bakoitzean koordinatzaile bana dago, pedagogia profilekoa, eta lagun hauek ere kudeatzaile ordezkariak dira, beraien esparruetan.

Horrenbeste ordenadoreekin erosketak, bertsioak eta adabakiak amesgaizto bihurtu daitezke, baina Centro de Gestión Avanzadon kontrolpean dutela ematen du. Campus edo ikastetxe batzutan informazio eta komunikazio teknologiak kudeatu behar dituztenei beraien gida interesgarri suerta dakieke.

Iñaki Agirre Pérez