Unibertsitateen sailkapena (ii)

Atzo Espainiako CSIC-ek egiten duen unibertsitate-sailkapenaz idatzi nizuen. Ildoari jarraituz, Isidro Aguillok munduko sailkapen edo ranking-ak azaldu zituen. Adierazle bakar batean unibertsitate guztien edo gehienen ezaugarriak erkatzea ez da lan makala. Bere ustez, beraien sailkapena eta beste batzuen artea korrelazioa badago. Eskerrak. Munduko web ranking honek unibertsitateen jardun gehiago neurtzen ditu, orekatuagoa da. Hau da, ikerketaz gain irakaskuntza eta hirugarren misioa ere kontuan hartzen ditu. Eta hori onuragarri bezain eztabaidagarria da.

Adierazleak jarduna eta eragina neurtzen ditu, %50na. Eragina batik bat estekak zenbatzen neurtzen dute (trafikoa ere kontuan hartuko dute laster), eta jarduna hiru ataletan banatzen dute:

  • Tamainua (argitaratutako web orriak)
  • Edukin aberatsak (pdf-ak)
  • Zientzia edukinak (Google Scholar)

Azalpenak eta gero, aholku batzuk eman zizkigun web praktika onenak zirela eta. Bere ustez, bi domeinu erabiltzea oso kaltegarria da adierazle honetan ondo ateratzeko! Izan ere, Universitat Autònoma de Barcelonaren kasua aipatu zigun, beste adierazleetan Estatuko onena, eta honetan, domeinu bat .cat-en eta beste bat .es-en dituelako, atzera zigortuta. Puntu eus domeinua bultzatzen ari garen honetan ez da gomendio tolesgabea.Frantziako unibertsitateetan ere gertatzen dira horrelakoak, ez bi hizkuntza komunitateri erantzuten dietelako, unibertsitateen arteko campusak dituztelako baizik.

Nik ere adierazletan ibiltzeko hiru gomendio eskainiko nizkioke, gaia sakonki aztertu gabe:

  • Neurtu hobeto bi edo hiru domeinuetan dauden unibertsitateak. Internazionalizazioa aurrera doan heinean herrialde bat baino gehiagotan eta hizkuntza bat baino gehiagotan ezarriko dira unibertsitateak.
  • Erabaki teknikoetatik independizatu adierazlea. PDFn argitaratu ala ez, edo DNSa aldatzeak ez dute eragin handirik unibertsitatearen kalitatean.
  • Egonkortu sailkapena. Ez da erraz ulertzen zergatik unibertsitateen sailkapena aldatzen den hain denbora laburrean.

Iñaki Agirre Pérez

 

Unibertsitateen sailkapena (i)

Aste honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan Isidro F. Aguillo, Cibermetriako Laborategiaren burua izan dugu hizlari. Ikerlari honen lana ezagutzeko hona eta hona jo. Bere hitzaldian “Unibertsitateen web sailkapena. Munduko ranking-a, tokiko ekintza” gaiaz jardun du. Eskertu behar diogu ausardia Alfonso Carlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa errektoreordeari, ezen eta Aguillo jaunak gidatzen duen adierazlean behin NUP Estatuko azken bigarrena sailkatu baitzen. Azken ikerlanean, ordea, gora egin du nabarmen, taularen erdiko kaskarkeriara (48/79), eta munduko mila onenetarik kanpora. NUPen web berriaren proiektua butxatuta dagoela jakinda, adierazlearen kamutsa bera ez ote dabil igoera honetan ageri galdetzen diot neure buruari. Baina eskandalagarriena tokiko ekintzaren arloan zabaldu zuen, eta horretaz bihar idatziko dizuet.

Iñaki Agirre Pérez