Unibertsitatearteko irakaskuntza telematikoa

Pasa den ostiralean Modalidades de Aprendizaje Telemático y Resultados Interuniversitarios Extrapolables al EEES (MATRIX) liburua aurkeztu genuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Oviedoko Unibertsitatean. G9 unibertsitate-taldean emandako irakaskuntzaren gaineko ikerketa baten emaitza da liburu hau. NUPen partez HBGMIko zuzendaria den David Benitok, G-9 Unibertsitateetako Campus Birtualeko zuzendaria den Joaquín Sevillak eta ikerketaren koordinatzailea izan den Mikel Gómez Lasok hartu dute parte. Bideokonferentziaz Mieresetik konektatuta, aldiz, liburuaren koordinatzaileetako bat izan den Maria Esther del Moral-ek eta Teknologia Berrikuntzaren zuzendaria, Aquilino Juan Fuentek lagundu dute emanaldian. Partekatutako irakaskuntza telematikoa ez da oso gai jorratua, hortaz liburu interesgarria izan liteke. Idatziko dizuet gehiago, irakurtzen dudanean.

Iñaki Agirre Pérez

Segurtasunaren ikerkuntza

DISI 2008 ihardunaldiaren barruan UC3M unibertsitatekoa katedraduna den Arturo Ribagorda doktoreak segurtasunaren ikerkuntza Espainian zertan datzan kontatu digu.

Hitzaldiaren haseran kriptografiari espainiarrek egindako ekarpenak goratu ditu. Aintzindari legez, Miguel Pérez de Almazán, 1480an idatzitako lanarengatik. Gero, 1556an Filipe II.aren zerbitzariek Cifra General delakoa asmatu zuten, bere garaiko kriptosistema onenetarikoa. Hala eta guztiz ere, Vaticanoko kriptoanalista batek 3 hilabetetan birrindu zuen. Garai hartakoa ere Cifra Particular delakoa da. Filipe II.aren zerbitzura ere, Flandriako gerran nabarmena, Luis Valle de la Cerdak jardun zuen, oso kriptoanalista trebea.

Urte batzuk geroago Sebastián de Covarrubias Horozco jakintsu entzutetsuak bere harrikoskorra jarri zuen. Apaiz honek, Tesoro de la lengua castellana lexikografiaz gain, Tratado de cifras kriptolana burutu zuen.

Behialako loriak utzita, Espainiako segurtasun ikerlariak zertan ari diren azaldu digu Ribagorda doktoreak. Lehen aipatu duen arloa dut nik gustukoen, nortasun federazioak. Horretaz gain, ehunetik gora ikerlari daude honoko gai hauen atzean:

  • Zifratzeko algoritmo arinak, RFID bezalako gailuetan ibiltzeko.
  • Nonahiko konputazioa eta konputazio grisa.
  • Kontratazio eta merkataritza elektronikoa, batik bat ordainketa seguru eta anonimoen arloan.
  • Diru digitala.
  • Bidezko sinadura sistemak, non partaide guztiok batera sinatzen duten.
  • Protokoloen egiaztapen formala.

Bukatzeko, adimen artifizialarekin sortzen ari diren sinergiak ekarri zituen.

Aintzineko eta oraingo ikerlanen kontrapuntu, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketak Poliziak deszifratu ezin duen flash memoria batean omen daude, Vocento taldeari edo El Mundori sinetsiz gero.

Iñaki Agirre Pérez