Europako maparik zaharrena

Ezaguna da euskaldunok Europako herririk zaharrena garela. Askoren ustez, franko-kantabriar herriaren oinordeko zuzenak gara. Hortaz, gure arbasoen artean munduko lehen margolan artistikoak burutu ziren, hala Santimamiñen nola Altamiran edo Lascauxen. Ez da kultura unibertsalari egindako ekarpen bakarra, munduko lehen txirula Isturitzen topatu baita. Arkeologiak orain harro egoteko beste arrazoi bat erakutsi digu: Zaragozako Unibertsitateko ikerlari talde batek Europako lehen mapa aurkitu du Nafarroako Arraitz herriko Abauntz kobazuloan. Pilar Utrilla (biografia erdaraz hemen) buru duen taldeak errekak, mazelak eta pasabideak harri batean zizelkaturik ikusi ditu, horretaz gain basahuntzak eta oreinak, ehiza planak prestatzeko edo.

Hortaz, zure GPSrekin euskal mapak marraztera ateratzen zarenean, goi paleolitotik datorkigun ohiturari eusten diozula esan dezakezu.

Maparen deskribapen ederra hemen dago:
Abauntzeko mapa, irudiak eta kokapena

Eta Luistxo Fernandezen esku, Aintzinateko (agiango) beste mapa batzuk, non Europako maparik zaharrenean Taurus konstelazioa dagerrela dioen.

Jatorrizko artikuluak hemen:

  • A palaeolithic map from 13,660 calBP: engraved stone blocks from the Late Magdalenian in Abauntz Cave (Navarra, Spain) / P. Utrilla; C. Mazo; M. C. Sopena; M. Martínez-Bea; R. Domingo in Journal of Human Evolution 57 (2009), pp. 99-111
  • Ríos, montañas y charcas: una representación de paisaje en el bloque 1 de la cueva de Abauntz / María del Pilar Utrilla Miranda, C. Mazo; María Cruz Sopena Vicién; R. Domingo; Manuel Martínez Bea en Veleia: Revista de prehistoria, historia antigua, arqueología y filología clásicas, ISSN 0213-2095, Nº 24-25, 1, 2007‑2008 (Alearen gaia:: Homenaje a Ignacio Barandiarán Maestu / koordinatz. : Javier Fernández Eraso, Juan Santos Yanguas; Ignacio Barandiarán Maestu (hom.)) , orri. 229-260

Iñaki Agirre Pérez

Inauteriak Euskal Herrian. Atzo eta gaur

Otsailaren 9an Aitzpea Leizaola antropologo ezaguna inauterien esanahiaz aritu zitzaigun, Nafar Ateneoak eta Ahari Kultur Elkarteak antolatutako hitzaldi batean. EHUko irakasleak inauteriak fenomeno europarra dela esan zigun, eta Antzin Aroan kokatu zuen beraien jatorria. Demaseko ospakizun horretan denboraren kudeaketaz aritu zitzaigun, ilargiaren zikloaz eta 40 eguneko zikloaz. Bere ustez, sensu stricto 5 eguneko jaialdiaz gain, zentzu laxoan Gabon Zaharretako mozorroetatik, Zuberoako maskaradak eta Donostiako Sansebastianak barne, Luzaideko bolantetaraino heda daitezke, Piztuera iganderaino, alegia.

Antzin Aroko jatorriaren aurka Julio Caro Baroja maisua eta bere 1965ko lana El carnaval aipatu zigun. J. Caro Barojak jatorri kristaua azpimarratu zuen. Idazle honek inauteriak hil dira aldarrikatu zuen. Bere ustearen kontra, inoiz baino biziago daude. Europa guztian erritoen hala-nolako berpizkundea jazo dela kontatu zigun Aitzpeak, kohesiorako elementu baten legez jokatuz.

Beste ikerlari baten lana ere goratu zigun, Thierre Truffaut-en Le Carnaval Labourdin. Hona hemen, Don et contre dans les tournées carnavalesques du Labourd.

Inauteriek gaur egun duten esanahiaz, eta gure gizartean betetzen duten funtzioaz jardun zuen gero. Barne turismo puntuala, eta pertsonaia berriak (Aldabika, Palokiak) aipatu zizkigun. Herrietan behar diren anonimotasunaren mozorroak, eta hirietako erakustaldiak inauterien sailkatze bat erakusten digute, landa eremua eta hiria banatuta. Inauteriaren barnean gorrien eta beltzen paperak, ordenaren eta kaosaren ordezkariak direla gogoratu zigun.

Inauterien aspaldiko funtzioetan bi nabarmendu zizkigun:

  • Naturaren gaineko kontrola, adibidez zaldikoen zikiratzean edo hartza lotuta eramatean islatuta
  • Ez-ohiko jana eta edana, adibidez barrikadetan, elkartetan eta inongo puska biltzean

Hitzaldian hainbat pertsonaia eta mozorro aipatu, eta diapositibetan erakutsi ere egin zigun. Bukatzeko, inauteriak denboran nola hedatu diren, partaideengan ere bai. Duela ez asko gizonezko ezkongabeen festa zena, orain guztiona dela, nahiz eta herri batean edo bestean, Goizueta kasu, neskak onartu ez. Baina festa bizi-bizirik dago, eta elementu berriak ekartzen eta gehitzen ditu, motozerra mendian, edo Donostian etorkin Peruarren karroza, adibidez.

Esteka pare bat gehituko dut bukatzeko:

Iñaki Agirre Pérez