Epaimahaiak bikain cum laude aho batez eman dit.

Tesiaren zuzendaria Errioxako Unibertsitateko katedraduna den Joaquín Ordieres Meré doktorea izan da.
Ikerlan honekin proiektu-buruek proiektua noiz, nola eta zenbatean bukatuko den igartzeko duten arazoei irtenbidea eman nahi diegu. Proiektuak arriskutsuenak diren arloetan, Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza, Informazio Komunikazio Teknologiak edo produktu berrien merkaturatzea kasu, egungo tresnak ez dira nahikoak.
Gaur egun burutze normaleko plangintza eta arriskuen kudeaketa banatzen dira. Arriskuen kudeaketa kualitatiboa egiten da, eta horretan gertakizun planak txertatzen dira. Gure ikerketaren helburua arriskuen kudeaketa kuantitatiboa plangintza orohartzaile batean kokatzea da.
Helburu horretarako proiektuaren sare eredu estokastikoa garatu dugu. Ereduaren isla denborazko Petriren sare estokastiko orokorrago bat da, non denborazko gertaerak trantsizioetan jazotzen diren.
Ereduaren erabilgarritasuna softwarezko prototipo batean erakutsi dugu. Prototipoa Java lengoaian programatu dugu eta praktikan beharrezkoak diren hainbat ataza burutzeko gai da. Besteak beste, atazen sekuentziazioa, baliabide mugatupeko plangintza edo proiektu-zorroaren kudeaketa. Eredua ebazteko moldatutako Monte Carloko simulazioa erabiltzen da.
Ikerketa honen ondorioz proiektu-buruari informazio gehiago, zehatzago eta hobea eskein diezaiokegu. Proiektuaren nondik norakoak zehazteko, atazen, baliabideen, kostuen eta emaitzeen arriskuak aurrez ikusteko eta kontuan hartzeko tresna erabilgarri eta eraginkorra aurkeztu dugulakoan gaude.
Erantzunak
Tesia egitekotan nago eta asko eskertuko nizuke esatea doktorego-tesiaren gaia, hizkuntza eta zuzendaria aukeratzeko zer eduki zenuen kontutan?
Eskerrik asko.
Nork: Joan Uribe (doktoregaia).2007/01/23 08:37:25.640 GMT+1
Tesia egitea lan nekosoa da, eta oso gaizki ordainduta dago. Gaia gustokoa izatea, hortaz, garrantzitsua da. Nik praktikan, lantegian behin eta berriz talka egin izan nuen arazo batekin aritu nahi izan dut. Motibazioa zaindu behar da. Hau esanda, gaiaren garrantzia, egingarritasuna eta zenbateraino ematen duen hobekien ezagutzen duena zuzendaria da. Normalean zuzendariak aurkezten dizu gaia, baina onartzeko orduan kontuan izan zeure motibazioa eta trebezia ere.
Zuzendari ona izatea tesiaren erdia da. Unibertsitatean denetarik dago lanean. Nik zuk bezala azken urteetan asko argitaratu duen zuzendaria hautatuko nuke.
Nik lanean jardun dut tesia egin dudan artean, eta ez dut bekarik eskatu, baina ikerlari ona eta langilea izateaz gain, sailean ondo kokatutako zuzendariak (CDU delakoa, sailburuordea edo) diruaren iturriak irekiko dizkizu. Horri buruz zuzenean eta garbi galdetzea ez dago gaizki ikusita.
Eta azkenean zuzendaria mirestu behar duzu. Tesiaren prozesu edipikoaren partea da ;-)
Tesia hasi nuenean euskaraz burutu ahal ez izanak asaldatzen ninduen. Egun, ingelesez egin ez izanaren damu naiz. Ba al dakizu zergatik Jainkoa ez den doktorea? Argitalpen bakarra du, eta hebraieraz gainera ;-) Ez kezkatu, tesiaren hizkuntza gutxienekoa da. Zu eta zure zuzendaria eroso zaudeten hizkuntza batean egin. Azken finean, (ahopeka) tesiak inork gutxik irakurtzen ditu. Ikerlanaren kalitatea da gakoa, eta argitalpenak. Horietatik gehienak, ingelesez idatzi.
Nork: Iñaki Agirre.2007/01/25 01:04:05.987 GMT+1