Ingeniaritza konkurrentea baliabide mugatuekin

Aurreko batean, hiruzpalau proiektu batera generamatzan taldekideok ataza bat bukatu arte ezin itxoin genbiltzan, hurrengo proiektua abiatzeko. Atazaren arduradunak “%90 bukatuta” zegoela ziurtatu zigun, eta proiektuarekin hastea erabaki genuen. Honi ingeniaritza konkurrentea deritzo. Ezarpen simpleena hemengo hau litzateke.

Ingeniaritza Konkurrentea

Teknika honen abantaila nagusia proiektuaren luzeraren murriztea da. Hortaz, merkaturatzeko epea, hainbat sektoretan arrakastaren eragile nagusia dena, mozten da. Beste abantaila bat informazioaren trinkotzea da. Izan ere, teknika ondo aplikatzeko informazio fluxuak azkarrak eta zehatzak izan behar dira. Arestian aipatu kasuan, bi egun itxaron behar izan genuen atazaren dokumentazioa, datu-base baten kontzeptu-eredua idatzi, marraztu eta txukuntzeko. Atzerapen hauek onartezinak dira, informazioa ekoiztu ahala partaideen eskura jarri behar dira.

Ingeniaritza konkurrentearen erronken artean, plangintzarena dago. Jardueren arteko loturak anitzagoak dira, eta jarduera batean jazotzen diren aldaketek alboko eraginak dituzte. Adibidez, analisian intentsitate handiagoarekin (baliabideak gehituz edo arduraldi osoa eskainiz) jokatuz gero, zenbateraino aurreratuko dira diseinua eta garapena? Baliabide nahikorik izango al dugu intentsitatea igotzeko?

Problema honi Tamás Kis ikerlari hungariarrak eman dio erantzuna honoko liburu-atal honetan:

Kis T. (2006). RCPS with variable intensity activities and feeding precedence constraints, In: Józefowska J. and Wegalrz J., Perspectives in Modern Project Scheduling, Springer, New York, 2006, pp. 105-129

Problema honi buruz Kisen webgunean intentsitate aldakorrekiko proiektuen programazioari buruzko material gehiago dago. Neu ere ingeniaritza konkurrenteaz mintzatu nintzen UEUko ikastaro batean.

Iñaki Agirre