Blogak eta zientzia (pasatakoan)

Gustora aritu ginen atzo zientziaren eta blogen inguruan. Planetarioan berrogei bat lagun elkartu ginen, eta aise pasa zitzaizkigun orduak. Guztion kezka, zientziaren zaletasuna nola sortu edo suspertu. Blogari batek plazaratu zuen galdera: Norentzat idazten duzue? Neuk ere ez nekien ondo (niretzat agian bloga memoria da, beste ezer baino gehiago). José Luis Orihuelaren erantzuna gustatu zitzaidan: “pentsatzen ez duen makina batentzat, eta irakurtzen ez duen jendearentzat”. Irtenaldi honekin zera azpimarratu nahi zuen: bisitarien lau bostenak Google-en bitartez doazkiola, seguruenik beste informazio baten bila, eta iristen direnak begirada lerroen gainetik sigi-saga pasatzen dutela, di-da batean, irakurtzea merezi duen ala ez neurtzeko. Eta jakina, gehienek ezetz erabakitzen dute.

Bilera aurretik blogen eta zientziaren inguruko estekak prestatu zituen, erdaraz eta ingelesez. José Luis beste blog bateko partaidea da, azken hau interneteko kazetaritzaren inguruan.

Iñaki Agirre Pérez

Iruzkinak (1)

Iruzkinak itxiak daude.